Bitartean, Krimean…

Antonio Cantó

bitartean, Krimean...

Gerrek eta gatazkek, albo kalte ugari dakartzate. Gehienetan kalte izugarriak dira, baina badira bitxiak direnak ere. Bitxia izan da hain zuzen ere Krimean gertatu den azkena, errusiarren eskura aldatu baitira hainbat erakunde zientifiko-tekniko berezi. Besteak beste, hala gertatu zaio Espazio Sakoneko Sare Sobietarrak duen antzinako NIP-16 estazioari. Instalazio honek RT-70 izeneko radiotesleskopio eta radar planetario oso handia du, eta errusiarrek bereganatu dutenetik, mezu ugari bidali zaizkie ustez Lurraz kanpo egon daitezkeen zibilizazioei: gizakiak bidali dituen guztietatik erdia baino gehiago bidali dira bertatik, azken tarte horretan.

Polikiago aztertuko dugu kontua. Geroztik, Espazio Sakoneko Komunikazio Guneak (errusieraz TsDKS), edo Eupatoria Radar Planetarioak[1] ez du esku hartu inongo gatazkan, ez du inongo kalterik jasan, eta antza, normaltasunez dihardu lanean [2]. Besterik gabe, aldatu egin zituzten ateetako guardiak (edo agian guardiek besoko bandera aldatu dute, ez dakigu ziur). Langileek, lehen hrivniatan eta orain errublotan hartzen dute bere soldata, baina lanean ari dira, Roskosmosen ebaluazioaren zain [3]. Indarkeriarik gabe “zientzialariak baikara eta zibilizatuak oso”. Dirudienez, nazioarteko elkarlanek ere bere horretan jarraitzen dute. Nik behintzat ez dut horren aurkako berririk aurkitu.

Bandera errusiarra dago era berean beste hainbat tokitan: Itsas Institutu Hidrofisikoan (Ozeanografiako Institutua), Sebastopoleko Teknologia eta Industria Nuklearreko Unibertsitate Nazionala (urpekoetako erreaktore atomikoak egiten dituena), edo Krimeako Behatoki Astrofisikoa. Azken honek badauka Simeiz laserraren bidezko satelite-monitorizazio sistema bat, mende honen hasieran gaurkotua [4]. Egoera berean daude halaber ontziola espezializatuak, eta itsas ikerkuntzako erakundeak. Guztira hogeita bost bat erakunde zientifiko-tekniko joan dira errusiarren eskura. Tartean arrazoi politiko eta historikoak daudelarik, Krimea pribilejiozko tokia izan da eta Errusiar Batasunak bere garaian tankera honetako gune asko eraiki zituen. Gune hauek Ukrainaren esku gelditu ziren, eta orain Errusiaren esku.

Baina bereziki deigarria gertatzen zait Eupatoriako instalazio hau (Yevpatoria, Yevpatorya, edo errusieraz Евпатория eta ukranieraz Євпато́ ). Kontu asko daude tartean. Lehenengo eta behin, instalazio hau bereganatuta, Errusia espazio sakoneko lur-sareaz jabetu da. Beste bi gune nagusiak Hartzaren Lakuetan eta Ussuriisken daude, Pazifikoaren kostaldean, eta elkarrekin konektatuta, oso oinarri zabaleko interferometria-sistema osatzen dute. Beraien bidez, Sobietar Errepubliken Batasunak bestelako munduetara bidali zituen lehendabizi Venera izeneko espazio arteko ontzi ospetsu haiek. Berdin bidali zituen Vega egitasmoaren barruan Fobos zundak, eta X izpiak eta gammakoGranat teleskopio espaziala (sic). Honela, kontrolpean mantentzen dute besteak beste Sektr-R erradioteleskopioa. Azken honen antzera, beste hainbat behatoki kosmiko handi eraiki nahi dituzte, zerua frekuentzia tarte zabal batean aztertzeko: banda milimetrikoetatik (Spektr-M) ultramorera (Sektr-UV) eta gamma izpietara (Spektr-RG). Estazio hauek funtsezko funtzioa beteko dute etorkizunean, Martitzera edo urruneko beste planeta batzuetara egingo diren misioetan. Baliagarriak dira era berean, Lurretik hurbil dabiltzan objektuak antzemateko.

Hasieran ere esan dizut zeinen interesgarria den beste kontu bat: RT-70 honek ahalbide ditu kanpoko munduarekin komunikatzeko egin izan diren giza saio gehienak (METI, edo SETI aktiboa). Izan ere, radar-astronomiarako ahalmen handia du. Mezu hauetarako beste gailu bat ere erabili da: Pluton konplexua. Izan ere, Pluton sistemako antenak izan ziren giza mezu guztietan lehena: “Bakea/Lenin/Sobietar Errepubliken Batasuna”. 1962ko urriaren 19tik 24ra egin zuten [5]. Handik hamabi urtera, Frank Drake, Carl Sagan eta lagunek antzerakoa egin zuten Arecibotik (Puerto Rico).

Egia esan, “Bake” mezu hau (mendebaldean Morse mezua deitu izan zena), Pluton sistemaren esperimentu bat zen, eta garrantzi gutxi zeukan lurraz kanpoko bizidunei mezu bat bidaltzeko aukera hark. Berez, irrati-errebote bat egin nahi zuten Venus planetan, irrati-amateurrek egiten duten ilargi-errebotearen antzera. Ekipoak doitu eta telemetria-datu zehatzak lortzea zen benetako asmoa, dena ere Venera egitasmoari begira. Eta behin hitz egiten hasita, esango nuke beste banderatxo kosmiko bat ere landatu nahi zutela, Sputnik, Gagarin eta abarrekoei jarraiki.

Hau guztia dela eta, erraz susmatuko zenuen igorpena ez zegoela pentsatua estralurtarrek deskode zezaten, eta berez giza igorleen lehentasunak ase nahi zituzten. Seinale direkzional bat igorri zuten 770 Mhz-an: Pluton konplexuko ADU-100 emisoreetarako estimatutako direkzionalitatea: arku-minutu bat; lehenengo mezuak “МИР” hitza zeraman (‘bakea’ edo ‘mundua’) eta bigarrenak “ЛЕНИН СССР” (“Lenin Errusiar Errepubliken Batasuna”). Biak ere Morse kode errusiarrean bidali ziren. Eta laburra izan zen kontua: zortzi minutu baizik ez, bi mezuetatik luzeagoa izan zen bigarren mezurako.

Estralurtarrak nekez egongo dira errusieraz jantzita, eta are gutxiago ezagutuko dute hizkuntza horren Morse kodea. Halaber, ez dituzte bereganatuko giza kontuak, alegia, Vladimir Ilich bezalako pertsonaiak edo bakea eta Sobietar Errepubliken Batasuna bezalako kontzeptuak. Edonola, igorpen indartsua izan zen (gutxi gorabehera 40 kW); nahiko direzkionala eta artifiziala oso, baina une honetan bertan Lurretik 52 argi-urtera dago Libra konstelaziora bidean. Igorpena bera da mezua: “begira, hemen bada erradioteleskopioak eraikitzen dakien norbait”. Are bitxiagoa da bidean dagoen Gliese 581 izenekoa. 1962.ean ez genekien, baina horko aldean badaude hainbat exoplaneta, bizitzari eusteko gai izan litezkeenak [6]. Gilese 581 hogei argi-urtera dago gutxi gorabehera, eta beraz, duela 32 bat urte igaroko zen “bake” mezu hura alde horretatik. Oraingoz, erantzunik ez.

Mezu gehiago igorri dira. Sobietar garai iragan eta gero, Eupatoriako RT-70 izenekoak, aurreko Pluton konplexua baina askoz ere indartsuagoa eta direkzionalagoa zelarik, beste lau mezu igorri ditu: Dei Kosmiko izeneko bi (1999 eta 2003), eta Nerabearen Mezua izenekoa (2001) eta Lurraren mezua (2008). Arecibokoa ez bezala, beste mezu hauek behin baino gehiagotan errepikatu dira, 16 aldiz guztira. Eta hainbat helmugatara abiarazi dira: Beltxarga, Sagita (ez Sagitario), Izurdea, Hartz Handia, Geminis, Virgo, Hidra, Dragoia, Orion, Kantzer eta Libra. Baita Andromeda galaxiara ere. Guztira, hamazortzi mezu, nik ezagutzen ditudan hogeita hamarretatik. Agian baten bat gehiago igorriko zuten garai sobietarrean.

Gauzak asko aldatzen ez badira, errusiarra da Espazio Sakoneko Eupatoria gunea oraingoz. Eta errusiarren esku dago halaber planeta arteko ontziak kontrolatzea, eta mezu estralurtarrak igorri edo hartzea ere. Garrantzia ote du honek guztiak? Denborak esan beharko.

Erreferentziak:

[1]Zaitsev, Alexander L.: “Rationale for METI.” (2011ko maiatzaren 22a) arXiv:1105.0910v1.

[2] Zak, Anatoly: “Crimean space connection.”Russianspaceweb.com-en 2014ko apirilaren 18a.

[4] Dmitrotsa, A., Minin, O., Neyachenko, D., Shtirberg, L., Tatevian, S.: “Upgrading of the Simeiz-1873 SLR Station.” 13. International Workshop on Laser Ranging-eko dokumentua “Toward Millimeter Accuracy”, 2002ko urriaren 7tik 11ra, Washington DC. Goddard Space Flight Center artxiboan, NASA.

[5] Zaitsev, Alexander L.: “РадиовещаниедляВнеземныхЦивилизаций.” SETI Zentro Zientifiko-Kulturalaren 15. buletinean (1999ko uztaila-abendua) (1.3) , Konstantin Tsiolkovsky Kosmonautika Akademia (Zientzien Akademia Errusiarra), Moskuko Lomonósov Estatu-Unibertsitatea.

[6] Robertson, Paul; Mahadevan, Suvrath; Endl, Michael; Roy, Arpita: “Stellar activity masquerading as planets in the habitable zone of the M dwarf Gliese 581.” Science, 2014ko uztailaren 3a. DOI:10.1126/science.1253253.

——————————————–

Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.
——————————————–
Egilearen oharra: Artikulua Malaysia Airlineseko 17 hegaldiaren (MH17) istripua gertatu baino arinago idatzi eta argitaratu zen Cuaderno de Cultura Científica blogean.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>