Nobel sariak: apustu egiteko ordua da

Dibulgazioa

Hurrengo astean esango dute zientziaren munduko sari esanguratsuenak nori egokituko zaizkion aurten. OLED teknologia, genoma bikoizketak, nanoharien fotonika eta beste zenbait alor daude Thomson Reuters agentziaren kinielan.

Hedabide orokorretan zientzia inoiz protagonista bada, urriko lehen egunotan izan ohi da, hemen baitira Nobel sariak. Hilaren 6an, 7an eta 8an emango dute, hurrenez hurren, Medikuntza/Fisiologia, Fisika eta Kimikaren alorreko garaikurren aurtengo jabeen berri.

Iaz inor ez zen harritu duela 50 urte Higgs bosoia irudikatu zuten ikertzaileek Fisikaren Nobel saria irabazi zutenean, baina gutxitan izaten da hain garaile argirik. Dena dela, AEBtako Thomson Reuters agentziaren kinielek maiz izan dute arrakasta azken hamarkadan. Izan ere, 2002tik, zientziaren hiru alor horietako 13 sari eta 25 saridun asmatu dituzte bete-betean.

Egiten duten iragarpena ez da ausazkoa, ez eta subjektiboa ere. Badago metodo bat haren atzean: hautagaion artikulu zientifikoei erreparatu eta beste ikertzaile batzuek horien aipamena zenbatetan egin duten aztertzen dute, bai eta aipamenak zeinek egin dituzten ere. Ez alferrik, aurretik garaikurra jasotakoek izaten dute zeresana haien oinordekoak aukeratzeko orduan, eta beraz, haien aipamena bereziki baliotsua da. Kantitatea ez ezik, kalitatea gakoa da hemen.

Horiek eta beste zenbait irizpide kontuan hartuta, hona hemen Thomson Reutersek aurtengo Nobel sarietarako proposatu duen kiniela.

1. irudia: Thomson Reuters agentziaren infografia, 2014ko Nobel sarietarako hautagaiekin.
1. irudia: Thomson Reuters agentziaren infografia, 2014ko Nobel sarietarako hautagaiekin.

Fisiologia edo Medikuntza

Genomaren sekuentziazioari buruzko aurreneko lanetan, ikertzaile askok baieztatu zuten gizaki guztion DNA berdina dela %99ko proportzioan. Michael H. Wigler, Charles Lee eta Stephen Scherer genetistek duela hamarkada bete egindako ekarpenek gezurtatu egin zuten uste hori. Genomaren zati handi batzuetan bikoizketak daudela erakutsi dute, eta aldaera horiek desberdintasunak dakartzate batzuen eta besteen DNAren artean. Gainera, bariazio horietako batzuek eskizofrenia, autismoa eta beste zenbait gaitzekin lotura izan dezaketela egiaztatu dute, eta gaixotasun horien inguruko ezagutza handitzen lagundu, beraz.

Kinieletan aspalditik ageri diren beste hiru ikertzaile dira James Darnell, Robert Roeder eta Robert Tjian. Nola osatzen da organismo bat? Zergatik hartzen dute zelula batzuek egiteko bat eta beste batzuek bestea, oinarrian denek gene berak badituzte? Genetika molekularraren oinarrizko galdera horiei begira egin dute lan hiru ikertzaileok. Geneen erregulazioa nola gertatzen den argitzeko bidean jarri dute haien alea. Ezinbesteko jakintza, esaterako, inoiz diabetesa eta beste zenbait gaitz sendatzeko terapiarik garatuko bada.

Oinazeak eta beroak bat egiten dute batzuetan; esaterako, piper oso min bati hozka egiten diogunean. Lotura horri helduta, ekarpen garrantzitsua egin zuen David Julius ikertzaileak, 90eko hamarkadan batez ere. Tenperatura antzemateko funtzionamendu molekularrak nola lan egiten duen aztertuta, mina kudeatzeko estrategietan aurrerapenak lortzen lagundu du.

Fisika

Peidong Yang ikertzailearen ibilbidea 2001etik aurrera hasi zen nabarmentzen bereziki, baina nahikoa izan da Fisikaren Nobel sarirako hautagai izateko. Nanoharien fotonikan aditua da, eta hortik abiatuta, gisa honetako lehenengo nanolaserraren egilea ere bai. Energia fotovoltaikoaren alorrean ere badute aplikazioa bere ikerketa lanek.

Ferroelektrizitatearen eremuan egin dute ekarpena Ramamoorthy Ramesh, James F. Scott eta Yoshinori Tokurak. Zenbait materialek duten propietate horri etekina nola atera asmatu dute hiru ikertzaileok; ordenagailuen eta beste zenbait gailu elektronikoren memoria biltegia handitzeko, esaterako.

Ordenagailuekin, eta batez ere konputazio kuantikoarekin, du zerikusia Charles L. Kane, Laurens W. Molenkamp eta Shoucheng Zhangen ikerketa alorrak ere. Isolatzaile topologikoekin egin duten lanak konputazioaren abiadura azkartzeko balio lezake.

2. irudia: Nobel sarien banaketa ekitaldi bat. (Argazkia: Copyright © Nobel Media AB 2012 / Alexander Mahmoud)
2. irudia: Nobel sarien banaketa ekitaldi bat. (Argazkia: Copyright © Nobel Media AB 2012 / Alexander Mahmoud)

Kimika

Azken urteotan kiniela askotan agertu den ikerketa gai bati dagokio Kimikako Nobel sariaren lehen hautagaitza: OLED edo diodo argi igorle organikoa, LED teknologiaren ondorengoa. Ching W. Tang eta Steven Van Slykek sortu zuten, eta haien ekarpenari esker ditugu gaur egungo telebista, tablet eta bestelako zenbait gailuren punta-puntako pantaila ikusgarriak.

Charles Kresge, Ryong Ryoo eta Galen Stuckyri zor diegu material mesoporotsu funtzionalen diseinua. Bi eta berrogeita hamar nanometro arteko zabalerako poroak dituzten objektuei deritze mesoporotsu. Ezaugarri horiek direla eta, barne azalera handia duten materialak dira, eta oso aplikazio baliagarriak dituzte gaur egun. Esaterako, farmakologian, biosentsoreen sorreran zein bioteknologiari lotutako beste zenbait alorretan.

Hirugarren hautagaiek polimero industrialen alorrean egin dute ekarpena. Graeme Moad, Ezio Rizzardo eta San H. Thang dira, eta RAFT polimerizazio prozesuaren garapenean egindako lanak jarri ditu Nobel sarien bidean. Propietate kimiko oso zehatzak dituzten polimeroak sintetizatzeko metodo honi esker, kosmetikoen, bioteknologiaren eta itsasgarrien munduko aplikazioak hobetzea lortu da.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.