Baloi bat erabiltzen dute saskibaloiak zein eskubaloiak, waterpoloak zein boleibolek. Errugbiak, oso gizonezkoena delarik ere, baloia erabiltzen du; balio bitxia baina baloia azken batean.
Baloi txikiagoak erabiltzen dituzten kirolak ere badira. Hau da, pilota erabiltzen dute tenisak, mahai-tenisak edo zesta puntak. Azken honek, jakina, pilotaz gain, besoaren saski baten antzerako luzapen bat eskaintzen dio jokalariari. Horren antzera egiten zuten historiaurrean lantzak urrunago jaurtitzeko.
Baina futbola da telebista-minutu gehien bereganatzen dituen kirola. Interesgarriak izan daiteke kirol honek zientziekin dituen harremanak. Esate baterako, astebukaerako emisioetan “baloi” esan beharrean, “esferiko” esan ohi izan da baina baloia ez da ordea erabat esferikoa.
Beti erabili izan den ereduzko baloi bat aztertzen badugu, erraz ikusiko dugu baloiak 20 hexagono eta 12 pentagono dituela. Erpin bakoitzean, bat egiten dute bi hexagonok eta pentagono batek eta berehala ikusiko dugu bertan ez dugula erabateko esfera.
Kalean erabiltzen genuen baloi hura, izatez, ikosaedro moztu bat zen eta %86,74ko biribiltasuna baizik ez zuen. Bitxia da, bai baitira %94,33ra ere iritsi daitezkeen beste poligono-egitura batzuk. Horra hor topologiak erronoikosaedro gisa izendatu duen figura. Azken honek, baditu 12 pentagono erregular, hogeita hamar lauki eta hogei triangelu aldeberdin. Hala azaldu zigun José Ignacio Royo EHUko irakasleak, unibertsitate honetako uda-ikastaro baten laugarren edizioan.
Egun, ohiko futbol-baloien formak alde batera utzi dira, eta sortu dituzten baloi berriek hegalaldi ustekabeak egiten dituzte. 2010eko mundu-txapelketan, Jabulani modelokoa erabili zuten. 8 panelez osatua zegoen eta ikaragarria izan zen atezainentzat baina zoragarria aurrelarientzat. NASAk naturaz gaindikoa zela ere esan zuen, bere efektu aerodinamikoei erreparatuta.
Aurten, sei paneleko baloi bat plazaratu dute. Jendaurrean aurkeztu baino lehen, ondo aztertu ziren bere propietate aerodinamikoak, aurretik panelez osatutako forma desberdin bakunagoak aztertuz. Haize-tunel bat erabili zuten (1 formulako ibilgailuen kasuan bezala), eta robot bat jarri zuten ostikoak ematen. Horrela, zorrotz aztertu zituzten formen, panelen orientazioaren eta hegalaldi-ezaugarrien arteko harremanak. Ikerlariek, esan dute ibilbidea aurresateko gai direla dagoeneko.
Egileek, esan dute haize-tunelek agerian jarri dutela aire-erresistentzia panelen orientazioarekin batera aldatzen dela, eta igurtziak apalagoak direla sei paneleko baloian. Harrigarria bada ere, oso ohikoa den 32ko baloia izan da baloi egonkorren artean bigarrena. Étienne Ghysek, geometrian eta sistema dinamikoetan adituak, bere harridura adierazten zuen artikulu dibertigarri batean: Adidaseko ingeniariek “berraurkitu” baizik ez dute egin Pogoreloven teorema.
Geometria eta medikuntza
Futboletik at, bestelako esparruetan ere aplikazioak eskaintzen ditu geometriak. Ingeniariek eta zientzialariek, diziplina arteko talde bat osatuta, begien gaixotasunen diagnostikoan erabili dute geometria. Horrela, keratokono gaixotasunean, kornea desitxuratu egiten da eta ikusmena progresiboki galtzen doaz gaixotasun honek jotakoak.
Oso gaixotasun kasu gutxi daude ordea, 100.000 hiritarreko bi kasu, eta horrek oztopo handiak dakarzkio ikerkuntzari.
Plos One aldizkarian aste honetan argitaratu den lan batean, talde honek, proposatu du konputazio-geometria erabil litekeela hain egitura korapilatsua duen kornearen aurreko eta atzeko aldeak berregiteko. Azalerak moldatzeko unean, ingeniaritzako produktu-diseinugintzan egiten denari erreparatuko liokete. Horrelakoetan, puntu espazialez osatutako hodeiak harrapatzeko eta prozesatzeko teknikak erabiltzen dira, modelo solido bat sortzeko.
Behin metodo hauen bidez kornea moldatua, orain arte deskribatu gabe zeuden hainbat parametro geometriko proposatu dituzte. Parametro hauek, aukera emango dute gaixotasun hau bere fase desberdinetan zorrotz diagnostikatzeko.
Erreferentziak
- Sungchan Hong y Takeshi Asai, “Effect of panel shape of soccer ball on its flight characteristics”. Scientific Reports, 2014ko maiatzaren. doi:10.1038/srep05068.
- Francisco Cavas-Martínez, Daniel G. Fernández-Pacheco, Ernesto De la Cruz-Sánchez, José Nieto Martínez, Francisco J. Fernández Cañavate, Alfredo Vega-Estrada, Ana B. Plaza-Puche, Jorge L. Alió. “Geometrical Custom Modeling of Human Cornea In Vivo and Its Use for the Diagnosis of Corneal Ectasia”. PLOS ONE. DOI: 10.1371/journal.pone.0110249.
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau “Activa Tu Neurona” blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.
1 iruzkina
[…] Gogoratzen duzue txikitan erabiltzen zenuten futbol-baloi hura? Ez zen gaur egun ditugun bezalako distiratsua, baina bai erakargarria. Baloia borobila zenaren inpresioa izan dugu beti, baina ez da horrela. Javier San Martín kazetariak pilotaren geometriaz aritu zaigu Zientzia Kaieran eta […]