Lurra aldatzen ikusi dut

Dibulgazioa · Mugaldea

Lurra aldatzen ikusi dut. Adierazkorra eta ikaragarri samarra den esaldi honek 10 ataleko dokumental-telesaio bati eman dio izena. Saioa hainbat kanaletan emititu da, eta bertan, hainbat giza taldek adierazten digute bere ingurua nola eraldatu den beren bizitzan zehar. Nomada eta nekazari tribuak dira.

Atal hauetan zehar, hainbatek baieztatzen dute adibidez Lurra lehortzen doala eta gero eta ur eskuragarri gutxiago dagoela. Era berean, basoak murrizten doaz, eta animaliak ibaietatik eta bazkalekuetatik desagertzen doaz. Urtez urte, intsektu-izurriteak edo tifoiak gero eta sarriagoak dira. Egia esan, apokalipsia datorkigu burura.

Erraz ikus daiteke Lurra aldatzen doala. Horra hor klimak gure planetaren iraganean utzi dituen aztarnak. Duela milaka miloi urte gauzak zertan zeuden gutxi gorabehera asmatzeko, zientzialariak kobazuloak aztertzen ari dira besteak beste. Giza taldeak bizi izan ziren bertan, eta giza aztarnez gain, animali aztarnak ere eskuratu dituzte.

Aurkitu berria den Mirón kobazulo kantabriarra, fitxategi bat bezalakoa da eta bertan, iraganari buruzko zehaztapen asko gordeak dira hainbat geruzatan. Izan ere, duela 40.000 urte hasi ziren gizakiak bertan bizitzen eta Erdi Arora arte egon ziren. Kobazulo horretako lagunen bizimodua irudikatu ahal izateko, garai hartako ingurumenaren baldintzak ezagutu behar dira, zeren eta inguruan baitzeuden gizakiei bizitza posible egiten zieten baliabideak. Ingurua eta paisaia ere ezagutuko ditugu horrela, gizakiek jaten zituzten animaliak eta landareak barne.

1. irudia: Huesos de ciervo en la cueva del Mirón. (Argazkia: UC)
1. irudia: Orein hezur-aztarnak Mirón kobazuloan. (Argazkia: UC)

Duela gutxi Palaeogeorgraphy, Palaeoclimatology, Palaeocology aldizkarian plazaratutako ikerketa batean, 170 orein lagin aztertu dira, eta lan horri esker, hainbat kontu argitu dira, garai haietan zehar gertatu ziren ingurumen eta klima-aldaketei buruz. Oreinek erabateko menpekotasuna daukate tokiko landarediarekiko, eta jandako landareek aztarnak uzten dituzte animalia hauen hezurretan. Ikerketaren ondorioek zehatz-mehatz erakusten dute paisaia nola aldatu den Ansón ibarrean azken glaziaziotik Holozenoaren erdialdera arte.

Hezurretako karbonoa eta nitrogenoaren isotopo egonkorrak aztertuta, ikusi da Karbono-13-aren aldaketak lotuta daudela bai tenperatura-aldaketekin eta bai kobazuloaren zonaldean eskuragarri zegoen ur kantitatearen aldaketarekin ere. Nitrogeno-15-aren zikloak aldiz, agerian utzi du lurra nola doan biologikoki birsortzen, eta biziberritzea nola geldotzen den aldi hotzetan.

Baina oreinen hezur-aztarnak ez ezik, itsasoko hondoetan metatutako sedimentuen konposizio kimikoa ere analiza daiteke, eta Quaternary Science Reviews aldizkarian plazaratu berri den artikuluan ikus daiteke hala egin dutela Lurraren Zientzien Institutu Andaluziarrean, azken 20.000 urteetan Mediterraneoko arroan gertatutako klima-aldaketak zehazteko.

Lanaren egile nagusi den Francisca Martínezek esan du “Mediterraneoa oso laborategi natural ona dela paleoingurunearen ikerketetarako, zeren eta arro erdi itxia delarik, oso sentikorra da aldaketa globalarekiko. Izan ere, anplifikadore modura jokatzen du”.

2. irudia: Mapa esquemático del Mediterráneo mostrando sus distintas cuencas y los principales aportes fluviales y eólicos. (Argazkia: F. Martínez Ruiz)
2. irudia: Arroak, ibai-ekarpenak eta baita ere eolikoak agertzen dituen Mediterraneoko mapa eskematikoa. (Argazkia: F. Martínez Ruiz)

Gainera, aztertutako tartean, Azken Maximo Glazialetik oso klima-aldaketa garrantzitsuak gertatu dira, bai eta oro har oso klima-aldaketa adierazgarriak ere. Besteak beste hor daude Pleistozenoaren bukaerako aldaketak eta Holozenoko klima-aldaketak.

Zientzialariek adierazle geokimiko eta mineralogikoen erabilgarritasuna ebaluatu dute, eta ondorioztatu dute titanio/aluminio eta zirkonio/aluminio harremanak direla euri-ekarpenari buruz informazio zehatz eta fidagarriena ematen dutenak.

Martínezek baieztatu du “klima-aldaketa asko ziklikoak direla eta beraz, iraganeko klima-sistema eta osagaiek aldaketei emandako erantzunak ondo ulertu behar dira, etorkizunean gertatuko den bilakaera aurresango badugu, eta kontrol-mekanismoak diseinatuko baditugu”.

Hain zuzen ere, Geologia arloan eztabaidagai nagusietako bat da gizakiak eragiten duen klima-aldaketa. Nazioarteko Antropozenoaren Batzordeko kide den Alejandro Zearretak gogora dakarkigu azken 2,6 miloi urteetan (Pleistozenoa), oso txandaketa azkarra eta bortitza gertatu zela aldi bero eta hotzen artean. Duela 11.000 urte (Holozenoa) egunera arte iraun duen glaziazio osteko garaia hasi zen, baina baldintzapen hotzak izan dira nagusi planetan aro geologiko honen %90ean. Beraz, esan daiteke egungo aldi beroa ez dela oso arrunta izan Lurrean.

Hala ere, meteorologia-datuek aditzera ematen dute Lurra aurrera egiten ari dela aldi beroan eta oraingoz nekez itzuliko dela aldi hotzera.

Joan den astean, Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Biltzarra egin da Liman eta bertan, Munduko Meteorologia Erakundeak ezagutzera eman du ziur aski 2014 izan dela Lurraren historian egon den urterik beroena. Izan ere, orain arte ezezagunak ziren tenperatura altuak gertatu dira itsasoaren gainazalean eta baliteke urtea bukatzeko gelditzen diren azken egun hauetan tenperaturak balio arruntetatik gora egotea. Munduko Meteorologia Erakundeak jakitera eman du urtarriletik urrira arte 0.55 ºC altuagoa izan dela, 1961-1990 erreferentzia-tartean gertatu zen batez bestekoaren aldean (14,00ºC).

Bideoan, etorkizuneko fikzio baten irudikapena: Mónica López, TVEko albistegietako meteorologia ataleko arduraduna, 2050eko abuztuaren 10ean eguraldiaren berri ematen. (Bideoa: TVE/OMM)

Martxoan plazaratuko dira 2014. urteko zenbaki behin betikoak, baina itxura osoz, itsasoaren tenperatura horiek lehorte larriak eragin dituzte herrialde batzuetan, eta uholde lazgarriak beste batzuetan.

Erreferentziak

Rhiannon E. Stevens, Xosé L. Hermoso-Buxán, Ana B. Marín-Arroyo, Manuel R. González-Morales, Lawrence G. Straus. “Investigation of Late Pleistocene and Early Holocene palaeoenvironmental change at El Mirón cave (Cantabria, Spain): Insights from carbon and nitrogen isotope analyses of red deer”. Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology, Volume 414, 15 November 2014, Pages 46-60. doi:10.1016/j.palaeo.2014.05.049

F. Martinez-Ruiz, M. Kastner, D. Gallego-Torres, M. Rodrigo-Gámiz, V. Nieto-Moreno, M. Ortega-Huertas. “Paleoclimate and paleoceanography over the past 20,000 yr in the Mediterranean Sea Basins as indicated by sediment elemental proxies” Quaternary Science Reviews, Volume 107, Pages 25-46. doi:10.1016/j.quascirev.2014.09.018


Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) kazetaria da, eta artikulu hau “Activa Tu Neurona” blogaren (@ACTIVATUNEURONA) kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin.


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.