Asteon zientzia begi-bistan #49

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

asteon zientzia begi-bistan 49

Gari abeslariaren letra batek dio, “zaharra zara Bilbo”. Bizkaiko hiriburuak urteak baditu gure espezieak ere uste baino urte gehiago ditu. Etiopian aurkitutako hominido baten hezurdurak ikertu ostean, 500.000 urte atzeratu dute ikertzaileek egungo gizakiaren arbasoa izan zenaren sorrera. Homoaren sorrera duela 2,5 milioi urte inguru kokatzen bazen ere, azken aztarnek duela 2,8 milioi urtetan finkatu dute sorrera. Egoitz Etxebestek kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Homo generoak uste baino sustrai sakonagoak ditu.

Hezurdurak ez, molekulen nondik norakoak aztertzen ditu Emilio J. Cocinero kimikariak. Molekulen egituraren ezaugarriak espektroskopia molekularraren bidez aztertzen ari da. Hainbat klasetako molekulak aztertzen ditu, baina batez ere, biologia aldetik interesdunak diren osagaien molekulekin ari da lanean UPV/EHUn. Eta, honen lana saritu du Illinoiseko Unibertsitateak aurten, alorreko zientzialari gazte nabarmenenen ibilbideak goraipatzeko propio sortutako Flygare saria emanez. Arantxa Iraolak ikertzailearekin hitz egin du Berrian: Molekulen erretratugilea.

Maialen Garmendiak, aldiz, klima-aldaketari buruzko BC3 Zentroan ekosistemek giza jardueraren ondorioz jasaten dituzten aldaketen eragina aztertzen ditu, gizarte-ikuspegitik eta ikuspegi ekonomikotik. Ingurumen zientzien arloan espezializatua dago eta itsas eta kostaldeko ekosistemen inguruan dabil ikertzen Europar proiektu batean. Ana Galarragak hurbiltzen digu ikertzailearen lanera Zientzia Kaiera blogean: Maialen Garmendia: “Banuen esparrua zabaltzeko gogoa”.

Amaia Portugalek eta Eider Cartonek bi ikerketen berri eman digute. Amaiak Zientzia Kaieran esan digu Osloko Unibertsitateko ikertzaileek izurri agerraldien eta klimaren gorabeheren arteko lotura aztertu dutela eta emaitzen arabera, ondorioztatu dute arratoi beltzak ez zirela pandemiaren gordailu izan Europan. Gaitza Asiatik etortzen zen behin eta berriz kontinente zaharrera itsasontzien bidez: Klimaren gorabeherak Asian, Izurri Beltza Europan. Eiderrek, bestalde, Elhuyar aldizkarian kontatu digu Japoniako Behatoki Astronomikoko astronomoek behatu dutela litio elementuaren sorrera nova leherketa batean: Litioaren jatorri leherkorra.

Kriptografia matematika, informatika eta ingeniaritza konbinatzen dituen jakintza-arloa da. Egun, ezinbestekoa da mundu digitalean segurtasuna, anonimotasuna eta pribatutasuna bermatzeko. Baina aspalditik datorren kontua da. BTEK-Teknologiaren Interpretazio Zentroko zuzendaria den Xabier Díazek kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean antzinaroan mezu zifratuak erabiltzen zituztela, politikari eta militar erromatar ospetsuek bere jeneralekin komunikatzeko: Julio Zesar edo MZOMR CHXDV. Zein da seguruagoa?

Zeres, asteroide gerrikoan aurkitu zen lehen objektua izan zen. Asteroide gerrikoko gorputz handiena da eta Dawn zunda bere orbitan sartu da egunotan. Zunda planeta nanora hurbildu ahala, astronomoen jakin-mina piztu duen irudiak jaso ditu. Esate baterako, planetaren azalean bi puntu distiratsu antzeman dituzte. Xehetasun guztiak ematen dizkigu Elhuyar aldizkarian Ana Galarragak: Zeres planeta nanotik gero eta gertuago.

Jakin-minak bultzatuta ere, hainbat biologo eta zientzialarik DNAren sekretuak argitzen ibili dira historian zehar. Koldo Garcia biologoak genetikaren historia hurbiltzen digu haren artikulu-sortaren bidez eta asteon DNA isolatu zutenetik helize bikoitza ezagutu arte egindako saiakerak, esperimentuak eta lanak zeintzuk izan diren azaltzen ditu Zientzia Kaiera blogean: Genetikaren ibilbidea (IV): Informazioa helize batean.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.