Koloreak dira haurren marrazkien ezaugarri nabarmenenetariko bat. Hori dela eta, José Domingo Villarroel biologo eta ikertzaileak ikertu du 4 eta 7 urte arteko haurrek nola erabiltzen dituzten koloreak, bai eta mundua irudikatzeko marrazten dituzten elementu piktorikoak eta eremua bera ere. Ikerketa gauzatzeko, 4.000 eta 6.000 biztanle arteko udalerrietan kokatuta dauden Bizkaiko hiru ikastetxe publikotako umeen marrazkiak aztertu ditu ikertzaileak. Guztira, 8 urtetik beherako 94 haurren marrazkiak aztertu ditu, 54 neskato eta 40 mutikoenak.
Haur Hezkuntzako umeak margotzen eta koloreztatzen ari direla, munduaren inguruan duten ulermena ere adierazten dute; hori dela eta, marrazki horiek haien heldutasunarekin lotuta daude. Marrazkia da haurtzaroko berezko hizkuntza, eta koloretako arkatzak, berriz, objektuak irudikatzeko tresnak. Nola erabiltzen dituzte, baina, landare bizitza irudikatzeko? UPV/EHUko Bilboko Irakasle Eskolako irakasle José Domingo Villarroelek eginiko ikerketaren ondorioen arabera, zenbat eta helduago, orduan eta errealismo handiagoz irudikatzen da landare bizitza.
Nabarmentzekoa da neskato eta mutiko helduagoek kolore paleta mugatuagoa baina errealistagoa erabiltzen dutela landareen mundua irudikatzeko. Eguzkia eta euria marrazten dituzte, hots, ulertzen dute horien garrantzia; bestalde, zuhaitzak eta hostoak bereizten dituzte, hots, bereizten dituzte landareen zatiak. José Domingo Villarroelek, ikerketaren datuak aztertu ostean, hau ondorioztatu du: “Marrazketarekin eta koloreekin lotutako jarduerak oso tresna baliagarriak izan daitezke haur-hezkuntzan biologia azaltzeko, bai eta adierazmen zailtasunak dituzten haurrentzako material hezigarria diseinatzeko ere”. Adinari, elementu piktorikoei, erabilitako koloreei eta margotutako gainazalari buruzko datuak zenbatu dira, eta ikusi da aztertutako ereduan landareen mundua irudikatzeko modua desberdina dela adinaren arabera, baina oso alde txikia dagoela sexuari dagokionez.
Analisi prozesua
Ikerketa aurrera eramateko, Villoroelek panpina bat erabili zuen haurrei azalpena emateko; esan zien panpinak ez zuela landareen munduaren inolako berririk, eta eskatu zien marrazkien bidez azal ziezaiotela zer diren landareak. Asko jota 15 minutuan, partaide guztiek, lehenik marraztuz eta ondoren koloreztatuz, landareen errealitatea ulertzeko modua adierazi zuten, txotxongiloari laguntzeko. Haur bakoitzak 10 arkatz zituen eskura (beltza, grisa, marroia, gorria, laranja, horia, berdea, urdina, arrosa eta morea), eta, koloreztatzen ari ziren bitartean, erregistratu egin ziren panpinari landarearen inguruan eman zizkioten azalpenak ere. Marrazkiok banaka egin zituzten, ikertzailearen aurrean, ikasgelaren alboko gela batean edo ikasgelako bertako gune jakin batean. Gaia haurrei azaltzeko, Villarroelek ikasgeletako irakasleen laguntza ere izan zuen.
Ikertzaileari buruz
José Domingo Villarroel (Barakaldo, 1967) Biologian doktorea da. Bilboko Irakasle Eskolako (UPV/EHU) irakasle eta ikertzailea da Matematikaren eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Sailean. Argitaratuak ditu zientziari buruzko zenbait artikulu eta liburu, gehienak ere oinarrizko zientzia kontzeptuak ulertzeko eta ikasteko prozesuei buruzkoak.
Erreferentzia bibliografikoa:
José Domingo Villarroel (2015): Young Children’s Drawings of Plant Life: A Study Concerning the Use of Colours and Its Relationship with Age, Journal of Biological Education, DOI: 10.1080/00219266.2014.1002519
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Marrazkien koloreak zerikusia du haurrek landare bizitzaren inguruan duten ulermenarekin.