Ezjakintasunaren kartografia #59

Dibulgazioa · Ezjakintasunaren kartografia

Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dira. Hona hemen asteon plazaratu diren artikuluen laburpena.

ezjakintasunaren kartografia #59

Lurreko populazioa etengabe hazten ari da eta honek arazo larri bat sortarazten du, guztiontzat janari edota elikagai nahikoa lortzea. Egun, munduko biztanleen kalorien batez bestekoaren %19a arrozari esker da. Hori dela eta, arroz barietate emankorragoak lortzea eta baita ere, oinarrizko mantenugai erantsiak dituztenak eskuratzea lehentasun bat izan beharko luke. Daniel Marinok kontatzen digu The future of rice and the rice of the future artikuluan.

Noizbehinka zientziak dituen nazionalismo-parrastadetan (bestalde, zentzugabeak direnak inongo aurkikuntza ez baita modu isolatuan egiten) bi elementu kimikoen aurkikuntza “espainiarrak” direla esaten da, platinoaren eta tungstenoaren aurkikuntza. Lehenengoa oso zalantzazkoa da eta bigarrena, sendoagoa teknizismo batengatik: jakina zen tungstenoa existitzen zela eta non zegoen eta D’Elhuyar anaiek hau isolatzea eta ezaugarritzea lortu zuten (irizpide berdinengatik platinoa ingelesa da). Modu honetan historiara jauzia egin dute D’Elhuyar anaiek. Gutxik dakite ordea, oso interesgarriak suertatzen ari diren konposatuak antzeman zituztela, polioxometalatoak. Aroa Pachek kontatzen digu Polyoxometalates, the other discovery by the D’Elhuyar brothers-en.

Zelulosa landare berdeetan dagoen biopolimerorik ugariena da. Kotoia, esaterako, %90an zelulosaz osatua dago eta zelulosa-zuntzekin papera ekoizten da. Badirudi material honek oso aspalditik ezagutzen den hori baino gehiagorik ezin duela eman. Hori uste izan da DIPCko jendea ailegatu arte, noski: Making truly multifunctional cellulose hybrid materials.

Zerbait bere puntu kritikora ailegatu dela diogunean, haren egoeran aldaketa txiki-txiki bat eginez gero beren ezaugarriak modu drastikoan alda daitezkeela deritzogu. Beraz, entzefaloa etengabe puntu kritiko batean dagoenaren ideia iradokitzailea da benetan. Ideia honen osotasuna eta ñabardurak azaltzen dizkigu Jorge Mecíasek Making room for a little chaos in your brain artikuluan.


Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.