Biodibertsitatea gizakion erraietan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Papua Ginea Berriko eta AEBtako zenbait lagunen hesteetan zer eta zenbat mikroorganismo bizi diren alderatu dute ikerketa batean. Ondorioztatu dutenez, bakterioak anitzagoak dira industrializatu gabeko inguruneetan, eta horrek lotura du osasunari eta garatzen diren gaitz motei dagokienez.

Industrializatu gabeko lurraldeetan ohikoak diren zenbait infekziok ez dute ia arriskurik eragiten mendebaldeko gizarte deiturikoetan, eta alderantziz, azken hauetan arruntak diren gaixotasun batzuk erabat ezezagunak dira garabidean dauden herrialdeetan. Esaterako, Papua Ginea Berrian, zoritxarrez, oraindik ere izaten dira diarrearen ondoriozko heriotzak. Alta, esklerosi anizkoitza eta 1 motako diabetesaren moduko gaitz ez-kutsakor eta gurean arruntek ez dute inpakturik bertan.

Inguruneak, ekologiak eta horiek gure eta gure arbasoen barrenetan utzitako aztarnek zeresan handia dute auzi honetan. Horren harira, Papua Ginea Berriko eta AEBtako zenbait lagunen hesteetan bizi den mikroorganismo multzoa (mikrobiota) alderatu dute ikerketa batean, ingurune industrializatu batean bizi edo ez, gizakiongan dauden bakterioak desberdinak ote diren argitzeko. Aurrez egin izan diren mota bereko beste ikerketa batzuetan ondorioztatu bezala, ikusi dute Papua Ginea Berriko herritarrek bakterio gehiago dituztela hesteetan, eta anitzagoak direla, baina homogeneotasun handiagoa dagoela. Hau da, bertako herritar batzuen eta besteen mikrobiotak oso antzekoak dira, AEBtako laginetako kideen artean bariazio gehiago dagoen bitartean.

Besteak beste, Albertako eta Nebraskako unibertsitateetako zein Papua Ginea Berriko Medikuntza Institutuko ikertzaileek hartu dute parte lan honetan, eta Cell Reports atarian eman dute emaitzen berri.

1. irudia: Papua Ginea Berriko Asaro eta Sausi herriei buruzko irudi multzoa. (Argazkia: Martinez et al.)
1. irudia: Papua Ginea Berriko Asaro eta Sausi herriei buruzko irudi multzoa. (Argazkia: Martinez et al.)

Ikerketa lagina eskuratzeko, Papua Ginea Berriko bi gizarte tradizional eta isolatuetara jo zuten: Asaro eta Sausi herriak. Nagusiki haiek berek ereindakoaz elikatzen diren bi talde dira, eta ez dute ubiderik ez eta ura tratatzeko mekanismorik ere. Bestela esanda, ibaitik zuzenean edaten dute ura, egosi edo araztegi batetik igaro gabe. Gutxi gorabehera 45 kilometro daude bi herri horien artean, baina oso gaizki komunikatuta daude: gutxienez lau ordu behar dira batetik bestera autoz joateko, eta bizpahiru egun oinez abiatuz gero. Horrenbestez, kontaktua oso eskasa da bi herrion artean.

Zehazki, Asaro eta Sausi herrietako hogeina lagunen lagin fekalak aztertu dituzte ikertzaileek lan honetan. AEBtako laginari dagokionez, Nebraskako Unibertsitateko 22 lagunek hartu dute parte. Hala ere, jatorriz horietako bi baino ez dira AEBtakoak; gainontzekoak Kolonbian, Costa Rican, Guatemalan, Ghanan, Txinan, Hondurasen, Tailandian, Nepalen, Mexikon eta Nikaraguan jaiotakoak dira. Dena dela, guztiek egiten dute bat mendebaldeko bizimodu delakoarekin.

Lagin guztien artean 1.520 taxonomia unitate (mikrobio dibertsitatea neurtzeko baliatzen den unitatea) detektatu dituzte ikertzaileek, eta horien artean 664 AEBtako zein Papua Ginea Berriko laginetan ageri dira. Erdia baino gutxiago, beraz, baina kopurutan, taxonomia unitate partekatu horiek aztertutako mikroorganismo multzo osoaren %97 inguru osatzen dute AEBtako laginetan, eta %87 inguru Papua Ginea Berrikoetan.

Kopurutan askoz ere txikiagoak izan arren, gizarte industrializatuaren eta ez-industrializatuaren arteko laginen erkaketan topatutako desberdintasunak dira bereziki interesgarriak. Esaterako, Papua Ginea Berriko lagin askotan aurkitutako 47 taxonomia unitate ez dira ageri AEBtako lagin bakar batean ere. Horietako batzuk Asaro eta Sausi herrietako lagin guzti-guztietan detektatu dituzte, gainera: L. Reuteri, S. lutetiensis/infantarius eta S. Equinus bakterioei loturiko taxonomia unitateak dira, hain zuzen. AEBtako laginetan badauden baina Papua Gineakoetan ez dauden taxonomia unitateak, aldiz, lau baino ez dira.

2. irudia: Ingurune faktoreek zeresana dute gizakiongan bizi diren bakterioen aniztasunean. (Argazkia: Martinez et al.)
2. irudia: Ingurune faktoreek zeresana dute gizakiongan bizi diren bakterioen aniztasunean.
(Argazkia: Martinez et al.)

Bildutako datuetan ikusten denez, hesteetako bakterioei begiratuta, homogeneotasun handiagoa dago Asaro eta Sausi herrietako biztanleen artean AEBtako laginekoen artean baino, nahiz eta Papua Gineako herri hauek elkarrengandik isolatuta egon. Hala ere, Ozeaniako uharte urrun horretako herritarren hesteetako mikrobiotak anitzagoak direla ondorioztatu daiteke, bakterio mota eta ugaritasunari dagokienez. Hau da, AEB bezalako herrialde industrializatuetan, badirudi ingurune faktoreek (garbitasuna, ur araztegiak, botikak…) kalte egiten dietela gizakion barne dibertsitate horri.

Horrek alde onak eta txarrak izan ditzake. Aurrez esan bezala, industrializatu gabeko herrialdeetan epidemia hilgarriak eragiten dituzte gurean halako inpakturik ez duten zenbait infekziok, eta horrek lotura izango luke mikrobiota aniztasun handi horrekin. Baina aldi berean, litekeena da mendebaldeko gizarteetan galdu egin diren zenbait bakteriok funtzio babeslea izatea, eta neurri batean, oskol hori falta zaigulako errazago garatu izana Papua Ginea bezalako tokietan ezezagunak diren zenbait gaitz moderno.

Erreferentzia bibliografikoa:
Martinez et al. The Gut Microbiota of Rural Papua New Guineans: Composition, Diversity Patterns, and Ecological Processes. Cell Reports 11, 1–12. April 28, 2015. doi: 10.1016/j.celrep.2015.03.049


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.