Deba ibaiaren kutsadura-iturriak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Deba ibaiaren arroa Gipuzkoa osoko kutsatuenetako bat da. Izan ere, ingurune horretan industria- eta populazio-garapen handia jasan dute eta Deba ibaiak herriek eta industriek bota dituzten hondakin likidoen multzo handiak hartu ditu.

Egoera honen berri izanda, Deba ibaia eta haren adarrak ikertu ditu UPV/EHUko Hidrologia eta Ingurumena Taldeak, kutsatzaileek ibaiko fase disolbagarrian (ura) eta partikuletan (sedimentuak) zer banaketa duten jakiteko. Izan ere, sedimentuetan aldaketaren bat izaten bada, ura alda daiteke eta eraginak izan ditzake honek ingurumenean.

Deba ibaia
Irudia: Deba Ibaia Leintz-Gatzagan jaio eta Deban itsasoratzen da. 58 kilometroko luzera du eta egun, Euskal Herriko ibairik kutsatuenetako bat da.

UPV/EHUko Hidrologia eta Ingurumena Taldeak Deba ibaiaren eta haren adar diren Ego eta Oñati ibaien kutsatzaileen aldaketak iturburutik ibai-ahoraino aztertu dituzte 2011n eta 2012an. Bi urte horietan arro horretan hondakin-uren kudeaketak, inguruko obrek eta uholdeek eragindako aldaketak ikertu zituen eta, baita ere, garraio-azpiegituren eraikuntzak eragindako sedimentu-kantitate handien mugimendua. Egindako lanari esker, bi urte hidrologiko desberdinetako laginen arteko aldea zehaztu du taldeak.

Ibai hondoko sedimentuen ezaugarriak

Ibaiaren ibilguan jasotako sedimentu finaren laborategiko azterketak gauzatu zituzten ikertzaileek eta horri esker frogatu zuten tratatu gabeko edo partzialki tratatutako herrietako eta industriako isuriak direla materia organikoaren eta metalen iturri antropogeniko nagusia. Ego errekako sedimentuetan aurkitutako karga organiko handia da horren adierazle garbia. Izan ere, Ego ibaiak Ermuko tratatu gabeko hondakin-urak jasotzen zituen 2014ra arte.

Bestalde, onuragarria izan zen sedimentuen kalitaterako Oñatiko udaleko hondakin likidoen multzo organikoa Epeleko araztegira bidaltzen hastea 2012. urtean, nabarmen gutxitu baita haien karga organikoa eta konplexu organiko horiei itsatsitako metalena ere. Hori dela eta, metal horietatik gutxiago iristen zen uretara, eta murriztu egiten zen bizitza urtarraren toxikotasun potentziala.

Hondakin-urak ez ezik, ehun bat enpresa ertain eta handitako hondakin likidoak ere iristen dira Deba ibaira. Metaletan aberatsak izaten dira efluente horiek, galvanizazio-, metalurgia- eta galdaketa-lantegiak ugariak baitira inguruan. Ibaiaren baldintza fisikokimikoak aldatuz gero ingurune urtarrera errazen irits daitezkeen partikulen artean daude industria horiek botatzen dituzten metalak. Uholdeetan sortzen diren ur-fluxu zurrunbilotsuek, berriz, sedimentu horiei itsatsitako metalak mugiarazi eta askatu egin ditzakete. Horregatik, kontrolpean eduki behar lirateke metal horiek uholde-garaietan.

Azkenik, ikertzaileek ere ondorioztatu dute materia organikoaren eta metalen kontzentrazio-hazkunde nabarmena dagoela Deba ibaiaren arroan, sorburutik itsasoratzen den unera arte. Estilita Ruiz Romera ikerketa-taldearen buruak dioenez, “sorburuko erreken nolabaiteko izaera ez-kutsatua adierazten du horrek, ibai horren erdiko eta beheko aldeetako jatorri antropogenikoko kutsadura handiari kontrajarririk. Garbi erakusten dute Ego errekaren sedimentu guztiz kutsatuek zein urruti dagoen lats horren egoera lurrazaleko ur-laster batek behar lukeen kalitate optimotik. Bestalde, Deba ibaiko uraren kalitateari ere kalte egiten dio erreka horrek, zeina han amaitzen baita”.

Erreferentzia bibliografikoa:
M. Martínez-Santos, A. Probstb, J. García-García, E. Ruiz-Romera. ‘Influence of anthropogenic inputs and high-magnitude flood event on metal contamination pattern in surface bottom sediments from the Deba River urban catchment’. Science of the Total Environment (STOTEN) 514, 10-25. 2015.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ibaietako sedimentuak, poluitzaile-erreserba dinamikoa.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.