Tambora sumendiko eztandaren 200. urteurrena.
Azken bolada honetan gure Lurra, badirudi arreta eske ari zaigula sumendien erupzioekin eta lurrikarekin. Gertakari bi hauek dira, Lurraren barneko aldean sortzen diren fenomenoak. Guk ikusi eta senti ditzakegunak gertakari horien ondorioak dira.
Gaurkoan sumendiei buruz arituko gara. Gogoan ditugu Islandiako Bárðarbunga eta Eyjafjallajökull. Agertu den azkena Txileko Calbuco izan da. Ia zuzenean ikusi ahal izan dugu bere gailurreko ahotik gasak eta errautsak irteten, eta hodei grisaxkara handi bat sortzen (zutabe eruptibo izena ematen diogu indarrez gorantza doan multzo horri). Erupzio baten magnitudea jakiteko hainbat dira kontutan hartzeko datuak: kanporatzen duen materialen bolumena, material honen tamaina. Material hauek behin lurrera erorita neur daitezke.
Datu hauetan oinarrituta, zientzialariek esan dute Calbuco sumendiaren erupzioen magnitudea 4koa dela, hau da, VEI:4 (VEI ingelesezko “leherkortasun bolkanikoaren indizea” da). Indize honek erupzio leherkorren magnitudea adierazten du eta 0- 0-tik 8-ra doa, logaritmo-eskalan; horrek esan nahi du zenbaki bat gehituz erupzioa aurrekoa baino 10 aldiz indartsuagoa dela. Aurten, 200 urte bete dira Indonesiako Tambora sumendiaren erupzioa gertatu zenetik. 1815. urteko hura, 7ko VEI indizea izan zuelarik, historian gertatu diren indartsuenetarikoa da. Aspaldi gertatu zen arren, geologoen azterketei esker erupzio hura nolakoa izan zen jakin dezakegu, datu objektiboak aztertuz. Horrela, azter dezakegu jaurtikitako materialaren bolumena, behin lurrera erori eta metatu ondoren.
Datuok diotenez, Tamboraren erupzioak 100 km kubiko inguru material jaurtiki zuen atmosferara. Baina zer da sumendiaren ahotik indarrez ateratzen den material hori? Zertaz dago osatua? Alde batetik, baditugu material solidoa, errauts neurriko(<2mm) laba zatiak, eta eraikin bolkanikoaren beraren leherketak apurtutako zati txikiak. Tamborak 4.000 m inguruko garaiera zuen erupzioa gertatu aurretik, eta geroztik, 1.450 m txikiagoa da. Erupzio leherkor batean kanporatzen diren material solidoak, gorantza abiatzen den labaren zatiak dira, eta zenbat eta leherketa indartsuagoa izan, zatiak are eta txikiagoak eta altuera handiagoetara helduko dira leherketaren indarrez. Bestalde, konposizio ezberdineko gasak ateratzen dira. Gasak hainbatekoak izan daitezke. Sigurdsson eta Careyk (1992) aurkitu zuten Tamboraren erupzioan 100 Tg HCl (teragramo= 1012) eta 70 Tg HF askatu zirela, baita Sufrezko kantitate handiak ere, Sufre dioxido SO2 modura.
Erupzio leherkor batean kanporatzen diren material solidoak, gorantza abiatzen dira leherketaren indarrak bultzatuta eta altuera handietara hel daitezke. Altuera hau da leherketaren magnitudea adierazteko kontutan hartzen den beste datu bat. Zenbat eta leherketa indartsuagoa izan, zati txikiagotan puskatuko da laba, eta altuera handiagora igoko da. Tamboraren zutabe eruptiboa 43 km-ko altueraraino igo zen (Sigurdsson eta Carey, 1989).
Kanporatzen diren arroka zati hauek airean egongo dira, lurrera berriro erortzen diren arte. Finenak, errauts finak manten daitezke airean esekiduran orduak eta egunak. Haizeek garraia ditzakete oso distantzia handietara (zenbat eta gorago igo, hainbat eta urrutirago helduko dira). Tamboraren errautsak 1.300 km-ra aurkitu dira. Erupzio honen gisako erupzioen ondorioak nabarmenak dira maila guztietan. 10.000 izan ziren erupzioak zuzen kaltetu zituenak (Oppenheimer, 2003). Egile honek jaso dituen dokumentuen arabera (zuzeneko dokumentu asko baitago jasota), leherketaren zarata 2.000 km-ra entzun zen. Erupzioak berehalako iluntasuna ekarri zuen inguruan eta 600 km-ko distantziara ez zen bi egunetan eguzkia ikusi, honek berehalako tenperatura jaitsiera eragin zuen eta bai ondorengo laborantzen galera ere. Izan ere, goseteak jota hil ziren inguruko irletako 38.000 gizaki. Baina erupzioaren eragina harago joan zen, mundu mailan sumatu sentitu baitzen.
Tamboraren erupzioak Sufre dioxido kantitate handiak sartu zituen estratosferan (43 km-ko altuerako zutabe eruptiboa). Sufre dioxidoak kliman eragina izan dezake. Gas honek aerosol izeneko azido sulfurikozko tanta txiki-txikiak sortzen ditu (0,002 µm tamainakoak), estratosferan gertatzen diren erreakzioen bitartez.Tanta hauek estratosferan mantentzen dira esekiduran urte batez edo gehiago. Horrela, pantaila moduko estalki bat sortu eta eguzki-izpien sarrera galarazten dute Hori dela eta, argi eta bero gutxiago heltzen denez Lurreko gainazaleraino tenperaturaren jaitsiera gertatzen da mundu mailan. Zaila da Tamboraren ahotik zenbat gas irten zen jakitea, baina azken urteetan zientzialariek tresna baliagarria aurkitu dute azterketa honi aurre egiteko. Izan ere, gutxika azkenean aerosolak lurrera erortzen dira eta gordeta geratzen dira poloetako izotzetan. Antartidan aurkitu dituzten sufre gehieneko bi izotz-nukleoetako bat Tamborari dagokiona da. Kalkuluen arabera 60 Tg sufre izan zen (Oppenheimer, 2003). Hau guztia ikusita pentsa dezakegu ondorio latzak ekarriko zizkiela inguruko biztanleei erupzioak.
Egile honen arabera, 12.000 izan ziren zuzeneko biktimak, baina 88.000 guztira, Tamboraren ondorioak mundu mailan sentitu zirelako, 1816. urtea uda gabeko urtea izan zen eta bai klima-aldaketarekin lotutako mundu mailako hondamendiaren urtea ere, munduko bataz besteko tenperatura 0,4-0,7°C jaitsi baitzen, negu hotzak, eta euri ugari ekarriz. Klima hotz honek eragin zuen laborantzen galera, eta gosetea. Ondorio hauek batez ere Ipar hemisferioan nabaritu ziren, Europan, Errusia eta Ipar Amerikan. Ez da harritzekoa Tamboraren erupzioaren ondorengo hilabeteak jendearen gogoan eta idazkietan islatua egotea, zerua laino ilun batez estalia geratu baitzen.
Tamboraren erupzioa izan da Indonesiako sumendi historikoetan garrantzitsuena eta munduan zehar utzi dituen seinaleak hain argiak izan direnez (ziurgabetasun guztiak barne), erupzio hori erreferentzia bilakatu da zientziaren ikuspuntutik.
Erupzio handiak eta erupzio handiak daude, Tamborarena azken hauetakoa izan zen.
Erreferentzia bibliografikoak
- Oppenheimer, C., Progress in Physical Geography (2003), 27-2, 230–259 orr.
- Sigurdsson, H. eta Carey, S.: “Plinian and co-ignimbrite tephra fall from the 1815 eruption of Tambora volcano”. Bulletin of Volcanology (1989), 51, 243–70 orr.
- Stothers, R.: “The great Tambora eruption in1815 and its aftermath”. Science (1984), 224, 1191–98 orr.
Egileaz: Miren Mendia Aranguren UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.
2 iruzkinak
Nagore Irazustabarrena kazetariak Argia aldizkarian Tambora sumendiaren erupzioaren eraginak izan ditu hizpide ikuspegi historiko batetik. Tanbora: 1815. Mundua izoztu zuen sumendia artikuluan, besteak beste, aipatzen du 1996an Warwicken (Ingalaterra) burututako geozientzia aplikatuei buruzko jardunaldi batzuetan aipatu zela, Waterlooko guduan Napoleonek jasandako porrota erupzioaren ondorioa izan zela.
[…] Mendia Aranguren (Mineralogia eta Petrologia Saila, ZTF-FCT) TAMBORAREN ERUPZIOA EDO UDA GABEKO URTEA artikulua Zientzia Kaiera blogean argitaratu zen 2015ko ekainaren […]