Asteon zientzia begi-bistan #70: oporretatik bueltan

Uxue Razkin

Honatx abuztuan eta aste honetan zehar Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

asteon zientzia begi-bistan #70 Ammonit_-_Wüstenhaus

Paleontologia eta eboluzioa

Eskuaren morfologia beti izan da axolazko giltzarria giza eboluzioa ulertzeko. Ildo horretatik, aurkikuntza esanguratsu baten aurrean gaude: gizaki modernoaren eskuaren itxura duen fosilik zaharrena aurkitu dute Olduvai Georgeko aztarnategian, Tanzanian. Fosilari OH 86 deitu diote eta ezkerreko eskuaren zati bat da. 1,84 milioi urte dituen falange hori berezia da oso; izan ere, garai berean bizi ziren hominidoenak baino askoz ere itxura modernoagoa du. Garai horretan, eta zonalde jakin horretan, Paranthropus boisei eta Homo habilis bizi ziren baina haien eskuek ez zuten oraingo gizakiarenen itxurarik. Horregatik, esan daiteke, egun aurkitu den gizaki modernoaren itxurako eskurik zaharrenaren aztarna dela. Era berean, oraindik ez dute zehaztu zer espezietakoa den fosila. Halere, aurkikuntza garrantzitsu honek aditzera eman digu esku modernoaren ezaugarri batzuk oso aspaldi garatu zirela. Ana Galarragak idatzi du artikulua Elhuyar aldizkarian.

Hari berari jarraiki, beste gai bat dakarkigu Galarragak. Hots, giza gorputzaren anatomiaren eboluzioa azaltzeko eredu bat proposatu dute Atapuercako ikertzaileek. Hain zuzen, eboluzioa lau fasetan bereiz daitekeela zehaztu dute. Horri buruzko informazioa Elhuyar aldizkarian izango duzue irakurgai Giza gorputzaren eboluzioa lau fasetan bereiz daitekeela proposatu dute artikuluan.

Matematika eta literatura

Literatura baliatuz, zientziara hurbiltzea errazagoa dela dio Berrian Aitzol Lasak. Berriki plazaratu duen eleberriak hala erakusten du ideia hori. Izan ere, ‘Usategiaren printzipioak’ liburua matematika du ildotzat. Honetan, gaztetxoei Dirichleten printzipioa azaltzea izan du xede. Oro har, jakintza zientifikoak transmititzerako garaian bide formalak eta akademikoak “gehiegi” bultzatu direla iritzi dio irakasle honek eta gehitzen du, zientziako nozioak hobeki iristen direla jendearengana zinema eta literaturaren bidez. Haren hitzetan, kontua ez da edukiz ustea, baizik eta testuinguru egoki bat bilatzea zientzia transmititzeko. Eta hori istorio baten bidez egin daiteke, noski: Zientzia hobeki iristen da kulturaren bidez.

Medikuntza eta mikrobiologia

Ikertzaileek urtero diseinatu behar izaten dute gripearen aurkako txertoa. Jakina da, birusak oso azkar mutatzen duela, eta beraz, oinarritzat hartzen den aurreko denboraldiko txertoak eraginkortasuna galtzen du horren aurrean. Ana Galarragak azaltzen duenez Elhuyar aldizkarian, hori ekiditeko asmoz, mutatzen ez duen birus-zatia identifikatu eta horretan oinarritutako txertoak garatu dituzte. Horretarako hemaglutinina izeneko proteinari (gripearen izendapenetan erabiltzen den H-a da; hala nola, H5N1, H1N1) arretaz begiratu diote ikertzaileek. Proteina jakin horrek bi zati ditu: burua eta enborra. Kasu honetan, enborrean oinarrituko txertoak diseinatzen saiatu dira. Hala ere, txertoak ahulak dira, bururik gabe enborra erori egiten delako eta antigorputzak ez direlako hara lotuta gelditzen. Arazo hori gainditzeko aritu dira probak egiten txerto unibertsala lortzeko.

Genetika eta zoologia

Begiak arimaren ispilu diren moduan, hainbat misterio argitzeko gai da genetika. Hots, animalia jakin baten natura ulertzeko zenbait gako irudikatzen ahal ditu. Horixe bera gertatu da olagarroaren genomarekin. Ikerketa-talde batek olagarroaren genoma deskodetu du eta animaliaren konplexutasuna ulertzeko hainbat gako topatu ditu. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian kontatu dizkigu xehetasun guztiak. Batez ere, bi gene-familia dituzte oso hedatuta. Halaber, olagarroen berariazko ehunka gene ere aurkitu dituzte eta ikusi dute horietako batzuk ehun jakin batzuetan espresatzen direla bereziki. Adibidez, azalean espresatzen diren gene batzuk lotuta daude olagarroen bat-bateko kolore eta testura-aldaketekin. Bada hemen ez dira bukatu aurkikuntzak. Izan ere, bentosetan espresatzen diren gene berezi batzuk ere topatu dituzte. Horiei esker, bentosekin dastatzeko gai dira olagarroak. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu: olagarroen konplexutasunaren gakoak haien genoman.

Fisika

Leeds Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dute badutela magnetikoak ez diren metalak magnetiko bihurtzeko ahalmena. Kobrea eta manganesoa metalekin egin dute proba. Bada, lortu duten magnetismoa ahula da eta soilik egun batzuk irauten du. Halere, material magnetiko berriak lortzeko urratsak eman dituztela agerian gelditu da. Afera ez da magiaren emaitza izan, baina. Izan ere, metal horien film meheak 60 karbono-atomozko molekulekin konbinatu dituzte. Molekula horiek metalen elektroiak harrapatzen dituzte eta metal eta molekula organikoen arteko elektroi-mugimendu horrek magnetiko izatea lortzen dute. Ildo beretik, magnetismo indartsuagoa eta iraunkorragoa lortzeko lanean jarraituko dute ikertzaileek. Egoitz Etxebeste argibide guztiez mintzo da Elhuyar aldizkarian: Metal ez magnetikoak magnetiko bihurtzea lortu dute.

Estitxu Villamor fisikari gazteak Nanogunen egin zituen praktikak, eta ondoren tesia burutu zuen. Orain, ikerketa alde batera uzteko apustua egin du eta hezkuntzan eta zientzia-dibulgazioan aritzeko gogoz dago. Ikerketak gauzatzearen garrantziaz mintzatu da eta horren inguruan, ikuspegi zorrotzaz hausnartu du. Bere esanetan, ikertzen jarraitu behar da gizartearen onurarako. Baina ondorioak oso presente eduki behar ditugula gehitzen du. Horrekin batera, ikertzaileek gogoeta egin beharko luketela dio: “Zientzia, modu arduratsuan erabilita, lagungarria izan daiteke trantsizio horretan”. Amaitzen du esanez, zientzialariak ere badirela munduan gertatzen denaren erantzule, eta, zer ikertzen duten eta zertarako, beren gain hartu beharko lukete horren ardura. Ana Galarragak eman digu honen berri Zientzia Kaieran: “Zientzia modu arduratsuan erabili beharko genuke”.

Energia berriztagarriak

Kanariar uharteetako Hierro irlako energi azpiegiturari heldu dio Joxerra Aizpuruak Argian. Pronostiko bat egin du: 2015eko abuztutik aurrera, irlak dituen ezaugarri klimatiko eta orografikoetan oinarritutako energi iturri berriztagarriek energi beharren %80 gutxienez asebeteko dute. Nola lortuko dute, ordea? Zientzialariek, bereziki, irlako bi ezaugarriei so egin diete: haizea eta mendia. Eta hauetan oinarritu da antolatutako energi azpiegitura, hain zuzen. Itsasoko haizeak haize erroten aurka egiten duenean, energia elektrikoa sortzen da. Energi soberakina ur ponpei eragiteko erabiltzen da. Ur hori 700 metroko altueran dagoen urtegietara igotzen da. Haizerik ez dagoenean goiko urtegitik ura askatzen da. Hortaz, beheko urtegian dagoen turbinei eragiten diete eta horrela energia elektrikoa sortzen dela azaltzen digu Aizpuruak. Beraz, energia elektrikoaren produkzioa ziurtatzen da ia %100, haizea egon ala ez: Kanariar uharteetako Hierro irla eredugarri.

Medikuntza eta osasuna

Zoritxarrez gero eta zabalduago dagoen gaixotasuna da bularreko minbizia. Baina baditu sendatzeko aukerak, eta egiten diren prebentzio kanpainei esker, garaiz detektatzen da. Gauzak horrela, Londresko Minbiziaren Ikerketa Institutuak pauso bat gehiago eman du eta test berri bat garatu du. Horretan, bularrean tumorea izan duten eta dagoeneko klinikoki osatuta dauden zenbait pazienteri, hilabete batzuen buruan gaitza berriro izateko arriskurik ba ote duten aurreikusteko aukera izango dute. Gainera, metodoa ez da mingarria, odol laginen azterketarekin lortzen baitituzte emaitzak. Halaber, jakina da bularreko minbiziak aldaera asko dituela. Halere, testak kontuan hartzen ditu mutazio horiek guztiak. Hortaz, medikuntza pertsonalizaturako bidean aurrerapausoa ere badela dio Zientzia Kaiera blogean Amaia Portugal kazetariak: Arma gehiago bularreko minbizia garaitzeko.

Biologia eta geometria

Animalien proportzioaz eta tamainaz mintzo dira biologian doktoreak diren Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia. Gazelaren eta elefantearen adibideak aintzat hartuta, tamainen arteko desberdintasunak eta horien zergatiak gurera ekarri dizkigute hausnarketa baten bidez (azalera-bolumena erlazioa). Galdera interesgarri bat planteatzen digute hasieratik: Zergatik baldintzatzen du tamainak forma? Matematika arloko bi ekuazioei esker uler daiteke afera. Eta horietatik ondorioztatu dutena zera da: animalia baten dimentsio lineala (altuera) handitu ahala, gehiago handitzen da animaliaren masa (matematikoki 3ko berreturaz igotzen baita) hezurren erresistentzia baino (2ko berreturaz). Hortaz, masa eta hezurren erresistentzia neurri berean igotzeko, hezurrek, proportzioan, gero eta lodiagoak izan behar dute.

Fantasia filmetara ere bideratu dute hausnarketa hori, gauzak argitzeko asmoz. Izan ere, azaltzen dute Godzilla edo King Kong bezalakoetan, erabiltzen diren proportzioak ez direla egokiak: King Kong-eri marraztu zaion altuerarekin ezingo lukeelako jauzirik egin hezurrak hautsi gabe, adibidez. Bolumena, bere altuera eta azalarekiko proportzionalki ez delako handitu. Honi buruz gehiago jakiteko, Zientzia Kaieran plazaratutako artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizugu: King kong-en jauziak

Ingeniaritza eta materialak

Ur azpian ere lehor mantentzen den materialari buruzko informazioa dakarkigu Joxerra Aizpuruak. Northwestern Unibertsitateko (AEB) Neelesh A. Patankar ingeniariaren lantaldearen arabera, lehor mantentzeko, itxura eta ezaugarri bereziak behar ditu material jakin horrek. Zimurtasuna da horietako bat. Zimurretan dauden “haranen” diametroak mikroia baino txikiagoa izan behar du eta horrela, ur lurrina pilatzea lortzen da, urlikidoaren ordez (ur-intsektu batzuek badute jada ezaugarri hori). Gainera, material hori arazo batzuei aurre egiteko gai izango dela aipatzen du. Itsasontzietan, adibidez. Normalean ur azpian animalia ugari itsasten dira. Horrek azken batean, erregai kontsumoa handitzen du, erresistentzia moduko bat egiten duelako. Ontziaren gainazala lehor mantentzeak arazoa saihesten lagunduko luke. Argian irakurgai duzue artikulua: Ur azpian bustiko ez den materialaren bila.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>