Urtaroen orratzak ere mugitzen zaizkigu

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ardiekin egindako ikerketa batean ikusi dutenez, garuneko zelula espezializatu batzuek proteina desberdinak ekoizten dituzte udan eta neguan. Urtaroaren ezaugarrien arabera, gorputza egokitu egiten dela erakusten du horrek. Ardiekin ez ezik, litekeena da animalia ornodun guztiekin gertatzea hori. Gizakiekin ere bai.

Gorputza jakintsua dela entzun izan dugu maiz, zer behar dugun guk geuk baino azkarrago antzematen duela. Horrelakoetan gizakiei egin ohi diegu erreferentzia, baina gainerako animaliekin beste hainbeste gertatzen da. Esaterako, ez alferrik, hartzek negua eta saguzarrek egun-argia igarotzen dute lozorroan, haien ingurune eta kondizioetara egokitzeko. Ildo horretatik, gorputza jakintsua dela egiaztatzen duen mekanismo bat aurkitu dute Manchester (Ingalaterra) eta Edinburgoko (Eskozia) unibertsitateetako zenbait ikertzailek. Hain zuzen, urtaroen erlojua identifikatu dute, ardiekin egindako azterketa batean. Hala azaldu dute Current Biology aldizkarian plazaratu duten artikulu batean.

Ikertzaileok adierazi duten bezala, animaliek haien fisiologia aldarazi behar dute, urtaroen arabera ingurumenean izaten diren gorabeherei aurre egin eta biziraun ahal izateko. Hiru urtez ardien portaerari behatu eta gero, ikusi dute guruin pituitarioan edo hipofisian dagoela gakoa.

1. irudia: Gorputzari ingurumenaren kondizioetara egokitzen laguntzen dio erlojuak. (Argazkia: JuergenG / CC BY-SA 3.0)
1. irudia: Gorputzari ingurumenaren kondizioetara egokitzen laguntzen dio erlojuak. (Argazkia: JuergenG / CC BY-SA 3.0)

Entzefaloaren azpian dagoen organo txiki honetan pars tuberalis izeneko egitura bat dago, eta bertan dauden zelula espezializatu batzuek daukaten erreakzioa egun-argiaren araberakoa da. Eta, jakina, aldi berean, egun-argi horren nolakotasuna eta iraupena urtaroek baldintzatzen dute. Horregatik, zelula zehatz horien aktibitatea nabarmen egokitzen da, urtaroa bat edo bestea izan; adibidez, proteina desberdinak ekoizten dituzte neguan eta udan. Hala ondorioztatu dute ikerketa lan honetan.

Andrew Loudon Manchesterko Unibertsitateko irakasleak eta ikerketa honen buruak adierazi duenez, “ingurumenean gorabeherak daudela antzeman ahal izateko, animaliek fisiologia aldagarria edukitzeko beharra dute. Batzuek lozorroan igarotzen dituzte hilabete hotzenak, eta ardiak, adibidez, neguan gurutzatzen dira, hartara udaberrian erditzeko; hain zuzen ere, eskura janari gehien duten urtaroan. Orain hobeto ulertzen dugu, gorputzeko erloju honek prozesua nola erregulatzen duen”.

Lan hau ardiekin egin bada ere, ikertzaileon ustez, oso litekeena da ornodun guztiek izatea urtaroaren araberako erloju fisiologiko bat. Jakina, horrek barne hartzen ditu gizakiak ere, nahiz eta lehen uste zen guk ez genuela egokitzapenik egiten udatik udazkenera edo negutik udaberrira igarotzean.

2. irudia: Ikerketa ardiekin egin badute ere, zientzialariek uste dute gizakiek ere badugula urtaroak adierazten dituen erloju hau. (Argazkia: Keith Weller / Agricultural Research Service)
2. irudia: Ikerketa ardiekin egin badute ere, zientzialariek uste dute gizakiek ere badugula urtaroak adierazten dituen erloju hau.
(Argazkia: Keith Weller / Agricultural Research Service)

Berriki egindako zenbait ikerketek, ordea, kontrakoa diote: gizakien fisiologian ere, urtaroak baldintzatutako aldaketak izaten dira; infekzioen kontrako babes mailari dagokionez, adibidez. “Gure ikerketak, hori berretsi ez ezik, prozesu horrek nola funtzionatzen duen ulertzeko baliabide gehiago ematen dizkigu”, esan du Shona Wood Manchesterko Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren egile nagusiak.

Mekanismo ezezagun bat agerian utzi dute, beraz, lan honetan. Baina hemendik aurrera ere, soka luzea izan dezake ikerketa ildo honek. Izan ere, Dave Burt Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileak gaineratu duenez, “gure zelulek denboraren igarotzea nola erregistratzen duten, hori ulertzea izango litzateke hurrengo urratsa”.

Erreferentzia bibliografikoa:
Shona H. Wood et al. Binary Switching of Calendar Cells in the Pituitary Defines the Phase of the Circannual Cycle in Mammals. Current Biology. Published online: September 24, 2015. doi: http://dx.doi.org/10.1016/j.cub.2015.09.014


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.