Zeliakoen dietak gabeziak ditu

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Gaixotasun zeliakoa glutenarekiko intolerantzia iraunkor bat da. Glutena jateak eragiten du, hau da, zereal batzuen irinak (batez ere, gari-irinak, baina baita ere zekalearenak eta garagarrarenak) dituen proteina batzuk. Gaixotasuna garatzeko, derrigorrezko faktoreak dira glutena eta gaixotasuna hartzeko joera genetikoa izatea. Glutenarekiko intolerantziak populazioaren % 1i eragiten dio eta egun gero eta ezagunagoa da. Teba González UPV/EHUko ikertzaileak zeliakoen dieta aztertu du osasunean eta bizi-kalitatean duen eragina zein den jakiteko.

zeliakoen elikadurak dituen gabeziak
1. irudia: Zeliakoen elikadura osasuntsuago dela zabaldu bada ere sarritan, gabezia nabarmenak dituela ondorioztatu du ikerketa batek.

Elikagaien zientzian eta teknologian lizentziatu zen Teba González ikertzailea eta egun BioCruces Ikerketa Institutuko ikertzailea da. 2014an defendatu zuen doktorego-tesian zeliakoen glutenik gabeko dietak elikaduran dituen eraginak aztertu zituen. Haren ikerketaren lanak ondorioztatu du, gaixoen glutenik gabeko dietek gantz eta azukre gehiegi eta zuntz gutxiegi izaten dutela. Izan ere, ikertzaileak antzeman du gaixoek ohitura osasungarri batzuk alde batera uzteko joera dutela. Esaterako, nabaria da lekaleak, pasta, arroza, lehen platerak eta abar albo batera uzteko joera.

Ikertzailearen esanetan, “oro har, ez da atzeman alde aipagarririk garaierari, pisuari, nutrizio-egoerari eta abarri dagokienez aztertutako pazienteen eta konparazio-lan horretarako populazio orokorrean hautatutako kontrol-taldearen artean. Atzeman genuen, aldiz, dezenteko gabeziak dituela, oro har, zeliakoen elikadurak. Aldarrikatzen dugun nutrizio-oreka aztertuta (karbohidrato-portzentajea, % 50, gutxienik; proteinak, % 12 eta % 15 bitarte; gantzak, % 35 azpitik…), honetaz ohartu ginen: karbohidratoen lekua gantzek hartzen zuten, eta alderantziz” Teba Gonzálezek azaldu duenez, “zuntz gutxiegi kontsumitzen dutela ere ohartu ginen. Jaten duenaz asko arduratzen den talde bat izaki, deigarria egin zait; izan ere, zeliakoen elikadura hobea zelakoan nengoen”.

Ikerketa aurrera eramateko Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean diagnostikatutako eta glutenik gabeko dieta egiten gutxienez 15 urte daramaten gaixo zeliakoak aztertu ditu Teba Gonzálezek. Gaixotasun zeliakoa diagnostikatutako 101 pazientek hartu zuten parte ikerketan, eta dietari, osasun-egoerari, glutenik gabeko dietarekiko atxikimenduari eta osasunarekin lotutako bizi-kalitateari buruzko zenbait galdetegi erabili ziren.

Emaitza esanguratsuak

Ikerketaren egileak dioenez, emakume zeliakoek gizonek baino are zuntz gutxiago kontsumitzen dute; horrez gain, “gaixotasun zeliakoa duten emakumeen artean handiagoak ziren zink-, D bitamina- eta potasio-gabeziak gizonezko pazienteen artean baino”.

2. irudia: Zeliakoek uneoro tentuz irakurri behar dute erosten dituzten produktuen ezaugarriak.
2. irudia: Zeliakoek uneoro tentuz irakurri behar dute erosten dituzten produktuen ezaugarriak.

‘Bizi-kalitatea’ atalean ere emakumeei buruzko datuak okerragoak dira gizonezkoenak baino. Gonzálezek dioenez, “emakumeak dira gaixotasun zeliakoa duten paziente gehienak; prebalentzia handiagoa du gaitz autoimmune horrek emakumeen artean gizonezkoen artean baino. Batez ere alor emozionalari eta sozialari eragiten die gaitzak: etengabe ibili behar du pazienteak elikaduraz arduratzen, ezin du jan besteek jaten dutena… Ezin du inoiz ahaztu gaixo bat dela, eta jaten duen bakoitzean begiratu behar du elikagaiak ‘kutsatuta’ ote dauden…”.

Bestalde, gogora ekarri digu ikertzaileak zeliakoek egoki elikatzeko izan ohi dituzten arazoak: “Etengabe jardun behar dute erosten dituzten jakien etiketei begiratzen, glutenik ba ote duten jakiteko… Alde horretatik, erraztu egin behar litzaieke bizimodua, oztopoak ezabatu. Kontsumitzen dituzten produktuen kontrola ere bermatu behar litzaieke, baina haiek garestitu gabe. Gaitz horrekin lotura duten profesionalek, berriz, dieta egoki bat jarraitzearen premia azpimarratu behar diete zeliakoei. Ongi trebatutako nutrizionistak behar dira, motibazio handikoak, eta pazienteek dieta jarraitzeaz ez ezik, beste honetaz ere arduratu behar dute: ahalik eta dietarik osoenak sustatzeaz, hots, patatak, arroza, pasta eta abar jan ditzaten esan behar diete pazienteei”.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Gabezia nabarmenak ditu zeliakoen dietak.

Gaiarekin lotuta dagoen bestelako informazio interesgarria

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.