George E. P. Box, XX. mendeko estatistikari bikaina

Ines Garmendia

George Edward Pelham Box zientzialariaren bizitza harrigarria da. Txikitan diru-eragozpen larriak jasan bazituen ere, XX. mendeko estatistikari handienetako bat izatera iritsi zen. Funtsezko ekarpenak egin zituen estatistikan eta estatistikaren aplikazioetan, bereziki industrian. Boxek asmatutako denborazko serieak aztertzeko teknikek Ekonometria eraldatu dute, eta banku zentral guztiek erabiltzen dituzte haren teknikak.

Box duela bi urte hil zen, Madison-Winsconsinen, Estatu Batuetan, 93 urte zituela. “An accidental statisticianliburu zoragarrian jaso zituen bere memoriak. Hona hemen han kontatzen dituen pasarte batzuk.

George E P Box

1. irudia: George Edward Pelham Box (1919-2013) matematikaria.

Georgeren gaztaroa

George E. P. Box Gravesenden jaio zen 1919an, Londrestik gertu, familia umil batean. Garai hartan, Gravesenden Tamesis ibaiak kilometro eta erdiko zabalera zuen eta mundu osotik etorritako itsasontzi handiak igarotzen ziren Londresko kaietarako bidean. Georgeren aitak, Harryk, ez baitzuen aukerarik izan ingeniaritza ikasteko, jostundegi batean lan eginez mantentzen zuen familia. Harryk, lanetik etxerako bidean hainbat kilometro ibili ondoren, ibaia zeharkatzeko ontzi txiki bat hartzen zuen. Egun lainotsu beltzetan, txalupariek -ontzietatik kaietara gauzak aldatuz aritzen ziren gizonek- diru gehigarri bat irabazten zuten jendea ibaiaren alde batetik bestera eramanez.

Georgeren familia txiroa bazen ere, senideak oso ondo moldatzen ziren elkarrekin, eta oso arratsalde ederrak igarotzen zituzten landan piknikak egiten. Georgeren arreba, Joyce, abilezia handiko neska zen, eta bera eta bere neba -Jack- zaindu zituen neurri handi batean. Jackek, 13 urte besterik ez zituela, irrati klandestino bat egin zuen. Georgek ere, “The Boy Electrician” izeneko liburu baten laguntzaz, kristalezko irrati-set bat egin zuen gauetan, BBC irratia entzun ahal izateko.

Georgeri kimika atsegin zitzaion eta eskola utzi zuenean, 16 urte zituela, hondakin-uretarako instalazio batera joan zen lanera. Unibertsitatean sartzeko helburua zuelarik, eskola tekniko batera joaten hasi zen, astean bitan, Londresko Unibertsitateko zientziazko sarrerako azterketa prestatzeko.

II Mundu Gerra, eta nola bultzatu zuten George estatistika ikastera

Georgek gainditu egin zuen Unibertsitatera sartzeko azterketa, baina II. Mundu Gerra hasi zen, eta armadara joan behar izan zuen. Behin armadan, kimika-ezagutzak zituela jakin zutenean, Port Downgo “Estazio esperimentalera” bidali zuten ziape-gasaren efektuak aztertzera.

George Sarjentuak berehala ikusi zuen behar-beharrezkoa zela esperimentuen emaitzak ulertzeko datuak aztertzen zekien norbait, eta bere nagusiari esan zionean hark hau erantzun zion: “Ados nago zurekin, baina hemen ezin dugu estatistikari bat lortu. Zer dakizu zuk gai hortaz?” Georgek esan omen zion R. A. Fisher izeneko baten liburu bat irakurtzen saiatu zela behin, baina ez zuela hitzik ere ulertu, eta nagusiak hau erantzun zion “Zuk irakurri duzu liburua, ezta? Ba egin ezazu zuk lan hori”. “Bai, jauna”. Armadako Hezkuntzarako Gorputzak zenbait liburu bidali zizkion, eta Georgek diseinu esperimentalak egiten ikasi zuen, bere kabuz.

Fisher eta Box

2. irudia: Ronald Aylmer Fisher (1890–1962) estatistikaria eta biologoa. Estatistika modernoaren oinarriak finkatu zituen matematikarietako bat. George Edward Pelham Box (1919-2013) 20. mendeko estatistikari aitzindaria.

Port Downgo esperimentuak

Hona hemen Georgek memorietan aipatzen duen adibidea (ikus 1. irudia). Sei ziape-gas motaren artean, zein zen sendatzeko denbora gehiago behar zuena? Galdera horri erantzuteko 6 boluntario zeuden. Denek probatzen zituzten sei ziape-gas motak beren besoetan. Baina gas mota ezberdinak probatzeko moduak prozedura bat zuen, gero datuetatik ondorio egokiak atera ahal izateko. Adibidez, posible da besoko parteak eragina izatea; edo ezker-eskuin besoak desberdinak izatea sendatzeko gaitasunari dagokionez. Esperimentuek kontuan hartzen zituzten aukera horiek.

Boluntario bakoitzari ziape-gasaren tanta batzuk ematen zitzaizkion, eta erabat sendatzeko behar zen egun kopurua erregistratzen zen, laukizuzenak agintzen duen erara: A-F letrek adierazten dute besoko zein partetan jartzen diren gas-tantak. Letra xeheek (a-f) gas mota adierazten dute. Hortaz, sei boluntarioren besoetako sei zati desberdinetan probatzen ziren sei gas motak; erdiak esker besoan, eta erdiak eskuinean.

2. irudia: Liburutik hartua. R. A. Fisherrek asmatutako “Laukizuzen Latindarra” deritzon diseinu esperimentala, George E. P. Boxek Port Downgo Estazio Esperimentalera eramana.

3. irudia: R. A. Fisherrek asmatutako “Laukizuzen Latindarra” deritzon diseinu esperimentala, George E. P. Boxek Port Downgo Estazio Esperimentalera eramana. (Argazkia: An accidental statistician argitalpenekoa)

Konfigurazio honek “Laukizuzen latindarra” du izena eta Fisherrek egindako landa-esperimentuei esker egin zen ezaguna. Georgek gero industrian erabili zuen oihalak egiteko prozesuak hobetzeko, besteak beste.

George gazteak R. A. Fisher bisitatu zuenekoa

Egun batean, Port Downen, nola ebatzi ez zekien problema bat suertatu zitzaion Georgeri, eta lankide batek gomendatuta, R. A. Fisher estatistikari ospetsua ikustera joan zen. Armadak Cambridgeko irakasle bati bisita egiteko prozedurarik ezagutzen ez zuenez, baimen berezi bat egin behar izan zioten trenez bidaiatu ahal izateko. George Fisherren etxera iritsi zenean eguraldi zoragarria zegoen. Egun osoa elkarrekin eman eta gero, eta bere problema estatistikoa ebatzita, Port Downera itzuli zen.

Hurrengo urteak

Mundu Gerra amaitu eta berrogeita hamargarren hamarkadan, Egon Pearsonekin Londresko University Collegen ikasi ondoren, Georgek aurrerapauso handiak eman zituen estatistikan. Elkarlanean ibili zen, besteak beste, John Tukey, Gertrude Cox, Gwilym Jenkins, Henry Scheffé eta Stu Hunter estatistikariekin. Horretaz gain, “Statistical Techniques Research Group” taldearen lana zuzendu zuen denbora batez Princetonen. 1950ean “emaitza-azalera metodoak” lantzen hasi zen, eta 1954an industriako prozesuak hobetzeko “evolutionary operation” izeneko teknika proposatu zuen.

3. irudia: Professor Box during an evening of pizza and beer at JMP Discovery Summit in 2009.

4. irudia: George Box 2009. urtean, “pizza and beer” zientziaren dibulgaziorako hitzaldi-sortan parte hartzen. Mota honetako saioen sortzailea eta bultzatzailea izan zen 60. hamarkadatik aurrera. Helburu jakin bat izan zuen, haren klaseen zurruntasuna arintzea honako ekimenez bidez.

1959an Madisongo Unibertsitatera abiatu zen, Wisconsinera, estatistikako sail bat antolatzera. Berehala konturatu zen sail hartan ematen ziren klaseak oso teorikoak zirela eta Monday Night Beer Session” (astelehen arratsaldeetako garagardo-sesioak) izeneko saioak jarri zituen abian. Astelehenero, ikasleak, irakasleak eta, orokorrean, estatistikan interesa zutenak, Georgeren etxeko sotoan elkartzen ziren problema estatistikoak eztabaidatzeko. Hizlari onak lortzeko -alegia, problema interesgarriak ekarriko zituen jendea topatzeko- saiatu ziren ingeniaritzan, medikuntzan eta enpresetan problema estatistikoetan lanean zebilen jendea topatzen. Esate baterako, denborazko serieak hidrologiara nola aplikatzen zituzten kontatu zuen behin ingeniaritza zibilaren arlotik etorritako batek; zoologiaren alorreko beste batek animalien fisiologia ulertzeko eredu estatistikoak azaldu zizkien. Boxen ustetan, zientziaren ezinbesteko katalizatzaileak ziren problema errealak.

George E. P. Box Santanderren eta Errioxan ibili zen

Bere bizitzako azken urteetan, Winsconsinen erretiratu ondoren, Georgek harreman estua izan zuen Santanderreko Unibertsitateko Alberto Luceño irakaslearekin. Berak eta Clairek (bere orduko emazteak) denboraldi luzeak eman zituzten Santanderren 1993 eta 1995 bitartean. Behin, Errioxako upeltegiak bisitatzera joan ziren denak. Haroko taberna batera sartu ziren, bazkaltzeko asmoz, eta Georgek bere memorietan kontatzen du “tabernaria zeharo haserretu zela”, esan baitzioten edateko ezer ez zutela nahi. Ardo botila bat ekarririk, tabernariak hau esan omen zien: ”Tori hau. Debalde har dezakezue!”

George umore handiko gizona zen, eta Errioxako ardoarena bezalako istorio ugari kontatzen ditu bere liburuan. Kantu eta poemazale amorratua zen; Winsconeko P. Mac Berthouex irakasle emerituak dioenez, “Georgerekin afaltzean, etengabe aritzen ginen bere lanaren eta lagunen inguruko istorio, poema, kanta eta pasadizoak entzuten”.

George E. P. Box estatistikari bikaina, eta bihotz zabaleko gizona, 93 urte zituela hil zen. Urte horretan bertan argitaratu zen haren memoria-liburua, John Wiley & Sons argitaletxean.

—————————————————–

Egileaz: Ines Garmendia (@inesgn) matematikaria eta estatistikaria da eta egun, Pint of Science jaialdiaren antolatzaileetako bat dugu.

—————————————————–

Iruzkin 1

Eman iritzia

Cuando la ciencia es zientzia #10 | Cuando la ciencia es Zientzia | Cuaderno de Cultura Ci...

[…] George Edward Pelham Box (1919-2013), estadístico y uno de los científicos más influyentes y citados en la segunda mitad del siglo XX. Box comenzó trabajando como estadístico industrial en una compañía química del Reino Unido. Allí trabajó en la mejora del rendimiento de los procesos de fabricación y en el control estadístico de procesos industriales. Tras publicar los resultados de su trabajo, la Universidad de Princeton le contrató como director del grupo de investigación estadística y le ofreció una plaza de catedrático. De allí pasó a la Universidad de Wisconsin donde guió su departamento de estadística hasta convertirlo en uno de los tres mejores del mundo. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>