Asteon zientzia begi-bistan #81

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

asteon zientzia begi-bistan 81

Geologia eta akuiferoak

Oinen azpitik dabilen urak badu bere garrantzia. Hori dela eta, Victoria Unibertsitatean hidrologoen ikerketa talde batek zuzendu du lurpeko uren kalkulu globala eta zehatza. Kalkuluak aditzera eman duenez, munduko lurpeko ur guztiak 23 milioi kilometro kubikoko bolumena hartzen du ia. Amaia Portugal kazetariak azaltzen du ur berriaren eta zaharraren artean desberdindu behar dela. Alde batetik, ur zaharra izango genuke, sakonago hondoratuta dago hori, eta nekazaritzarako eta industriarako baliabide gisa erabiltzen da maiz. Batzuetan, artsenikoa eta uranioa ere izan ohi du. Ur hori ez dago berreskuratzerik. Bestalde, mende erdia baino gutxiago duen ura iturri berriztagarritzat jotzen da. Lurrazaletik gertuago dago eta azkarrago mugitzen da. Baina arazo gehiago aurkezten ditu ur berri honek: klima aldaketak eta gizakiak eragindako kutsadurak gehiago eragiten dio. Horretaz gain, ikerketak azaltzen du kokapen geografikoari dagokionez, munduko lurpeko ur berri gehiena zonalde tropikal eta menditsuetan dagoela metatuta. Eta gutxiena, aldiz, Sahara partean.

Psikologia eta teknologia

Arantxa Azarmendik liburu bat ekarri du gurera: Lucy Jo Palladinoren “Educar en la era de la dispersión digital”. Jakina da, egun haurrek, kanpoan nahiz etxean, pantailara begira pasatzen dituztela orduak eta orduak. Liburu hau haurren gurasoei zuzenduta dago eta bilatzen duen helburua haurren teknologiaren erabilpena orekatua izatea da. Haurrei ondo erakutsi behar zaizkie gailu teknologikoen alde onak eta arriskuak. Horretarako, gurasoei argibideak ematen ahalegintzen da. Liburu horri buruzko informazioa, Zientzia Kaieran topatuko duzue.

Geologia eta paleontologia

Espezie-suntsipenaren kontzeptua historian zehar izan duen bilakaera eta izan diren hipotesiak bildu eta aztertu ditu César Tomék Zientzia Kaieran. XVII. mendetik hasita, azaltzen digu garai horretan ez zegoela kontraesanik suntsipenaren eta sorreraren perfekzioaren artean. Izan ere, aintzat hartzen zuten espezie batzuk galtzean beste batzuk sortzen zirela. XVIII. mendean, eztabaidak jarraitu zuen suntsipenik izan ote zen. Hala, Georges Cuvier-ek XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran, froga eztabaidaezinak eman zituen Megatherium generoko eta Mammutidae familiako ugaztun handien suntsipenaren inguruan. Cuvierren ikuspegitik, suntsipenak egon direla onartzeak baztertu egiten zuen espezie zaharrak espezie berri bihurtzeko aukera bera (teoria hau Jean Baptiste Lamarck-ek eta beste hainbat naturalistek defendatzen zuten). Pentsamendu hori guztia aldatu egin zen Darwinek eraldaketadun ondorengotzaren kontzeptua sortu zuenean. Espezieen jatorriaz (1859) liburuan azaltzen den moduan, suntsipena zen hautespen naturalezko eboluzioaren bi ondorio posibleetako bat. Hori guztia aldatu egin zen 1980an, Alvarez hipotesia formulatu zenean. Hipotesi horrek zer zioen, bada? Lurraren eta kometa baten (edo asteroide baten edo asteroide-multzo baten) arteko talkak eragin zuela dinosauroen desagerpena duela 65 milioi urte. Egun, sei espezie-suntsipen masibo eta suntsipen partzial asko onartzen dituzte Lurraren bizitzaren historian.

Biokimika

Jakin badakigu zentzumenak bost direla -ikusmena, ukimena, entzumena, usaimena eta dastamena-. Baina neurobiologiak aski erakutsi du pertzepzioak hamaika ñabardura dituela. Hala, seigarren zentzumena topatu zuten: propiozepzioa. Hori da artikulu honetan azaltzen diguten kontzeptua. Izan ere, badirudi seigarren zentzumen horren sentsorea identifikatu dutela. Piezo 2 deitu diote sentsore horri. Aitziber Agirre Ruiz de Arkautek Elhuyar aldizkarian azaltzen duenez, gihar eta tendoien mugimendua nerbio propiozeptiboen seinale elektrikora bihurtzen duena bilatzen aritu dira ikertzaileak. Saguekin egin zituzten frogak eta ikusi zuten Piezo 2 genea isilarazi zutenean, ukimen-arazoak izateaz gain, ibilera erabat baldarra zutela. Gorputz-adarrak ezartzeko modua ere erabat aldrebesa zuten. Saguen itxura ikusita, neurona propiozeptiboei ere eragingo ziela pentsatu zuten, eta hortik abiatu zuten ikerketa berria, Piezo 2 propiozepzioaren sentsore modura identifikatzera eraman zituena. Ikerketa interesgarri hau irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Estatistika eta historia

George E.P. Box estatistikariaren irudia gerturatu digu Ines Garmendiak Zientzia Kaieran. Bere bizitzaren errepasoa egin du gaztarotik hasita. Kimika atsegin zitzaion gaztea zenetik eta eskola bukatuta, 16 urte zituela, hondakin-uretarako instalazio batera joan zen lanera. Horren ondotik, unibertsitatean sartzeko proba gainditu zuen baina II. Mundu Gerra hasi zenez, armadara joan behar izan zuen. Berehala konturatu zen beharrezkoa zela esperimentuen emaitzak ulertzeko datuak aztertzen zekien norbait eta berak hartu zuen ardura, alor horri buruz liburu bakar bat irakurri bazuen ere. Horrela, Georgek diseinu esperimentalak egiten ikasi zuen bere kabuz. II. Mundu Gerraren ondoren, Londresko University Collegen ikasi zuen. Bertan, aurrerapauso handiak eman zituen estatistikan. Horretaz gain, “Statistical Techniques Research Group” taldearen lana zuzendu zuen denbora batez Princetonen. 1950ean “emaitza-azalera metodoak” lantzen hasi zen, eta 1954an industriako prozesuak hobetzeko “evolutionary operation” izeneko teknika proposatu zuen. Benetan interesgarria estatistikari honen bizitza.

Informatika

Robotika eta androidea izan ditu mintzagai Elena Lazkanok Berrian. Robotika eta Sistema Autonomoak taldeko kidea da bera UPV/EHUn. Bere lana, robot autonomoak garatzea da. Oro har, euren helburua gizakioi lagunduko diguten tresnak eraikitzea da. Lazkanok azaltzen du orain bide berri bat ireki dutela ikerkuntza taldean: “Robotei espresioa ematen saiatzen ari gara. Ez daitezen izan soilik mugitu gabe gelditzen diren makinak, gure moduan komunikatzen diren robotak baizik. Haserre egon behar badute, adibidez, hori keinuen bitartez adierazi behar dute”. Gizakiarekiko komunikazioa hobetze aldera egiten dute hori: “Makina batekin hitz egin behar badugu, askoz naturalagoa izango da imintzioak egiten dituen eta gure begirada jarraitzen duen makina bat bada”. Halaber, argitzen du komunikazio horretan bi alde daudela: hitz egitea eta ulertzea. Hau da, hitz egiteko Bilboko Eskola Politeknikoko Aholab laborategiak garatu duen Text To Speech sistema erabiltzen dute. Baina horretaz gain Lazkanok dio , robotak hitzak ulertu eta testuinguruak kontuan hartu behar dituela. Honi jarraiki, informatikariak irizten dio: “Ez dirudi gizakiok makinekin izango ditugun solasaldiak eraginkorrak izango direnik. Gizakion solasaldia askoz konplexuagoa da, eta, askotan, gai batetik desbideratzen gara. Horretaz gain, enpatiaren erronka dago”.

Medikuntza eta osasuna

Errealitatearen pertzepzioan eragiten duen gorabehera da krisi psikotikoa. Horren atzean gaixotasun bat egon daiteke; hala nola, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra edo depresio handia. Testuan azaltzen da kanpoko eragile bat ere izan daitekeela. Orain arte ez da odolean markatzailerik aurkitu hori identifikatu dezakeenik. Baina, urratsak eman ditu horretan orain UPV/EHUko, Arabako Unibertsitate Ospitaleko, Cibersameko eta Ibiomedeko ikertzaileez osatutako ikerketa-talde batek. Izan ere, krisi psikotikoa buruko gaixotasun bihur daitekeen iragartzen lagunduko duen eredua sortu du. Ikerketa talde horrek kontuan hartu ditu krisi psikotikoa bizi denean ematen den jarduera entzimatikoa, eta gaixoari urte batean egindako jarraipen psikiatrikoko balorazioan lortutako datuak. 2009tik 2012ra bitartean gauzatu zen ikerketa eta 119 gaixoen egoera aztertu zen.

Ekologia eta eboluzioa

Kaliforniako Unibertsitateko eta Frantziako Hizkuntzen Dinamika Ikertzeko Laborategiko ikertzaileek, mundu osoko 633 hizkuntza eta haien jatorrizko lekuak aztertu dituzte eta ondorioztatu dute hizkuntzen soinua ingurunearen araberakoa dela. Ana Galarragak azaltzen digu lekuen eta hizkuntzen ezaugarrien artean erlazioa dagoela: baso tropikaletan maiztasun txikiko soinuak eta kontsonante gutxiko hitzak erabiltzen dituzte; aldiz, leku hotz, lehor eta menditsuetako hizkuntzek kontsonante asko dituzte. Alde hori soinuek lekuaren arabera hedatzeko duten erraztasun edo zailtasunarekin erlazionatuta dagoela uste dute ikertzaileek. Halere, ez da lekua eta hizkuntza ikerketa batean erlazionatzen duten lehenengo aldia. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian izango duzue irakurgai.

Arkeologia

30.000 urtetik gora dituzten grabatuak aurkitu dituzte Errenterian. Gravette arokoak dira eta hainbat animalia irudikatzen dituzte. Zaldiak eta bisonteak dira irudietan agertzen direnak, besteak beste. Arantxa Iraola kazetariak azaltzen duenez, grabatu horiekin batera, Madeleine aroko (duela 14.500-12.500 urte) beste figura batzuk ere topatu dituzte kobazuloetan; hiru bisonteren grabatuak, hain zuzen ere. Aurkikuntzaren giltzarria kobazuloak argitzeko duten teknologia (LED argietan oinarritua) izan dela diote.

Sustatuk ere eman du honen berri. Fisikoki kokatzen gaitu: Donostia eta Errenteria artean, Aitzbitarte izeneko kobazulo multzoan (III, V et IX deitzen dituzten leitzeak) izan dira aurkikuntzak. Grabatu horiek aurkitzeko izan dituzten zailtasunak azpimarratzen dira testuan. Izan ere, grabatuak kolorerik gabekoak dira eta marken bidez irudikatu zituztenez, zaila izan da horiek topatzea.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.