Europako Arkeobotanika arloko espezialistarik onenetarikoa izan zen Lydia Zapata Peña doktorea. Arkeologoa izateko asmoz, Deustuko Unibertsitatean hasi zen bere ibilbidea osatzen. Bertan Historia ikasi zuen. Horren ostean, Londresko University Collegera joateko beka bat eskuratu zuen eta bertan Arkeobotanikari buruzko master bat egin zuen. Ondoren, UPV/EHUko Letren Fakultatera bueltatu zen eta Historiaurrea alorrean aritu zen.
Fakultatea bertan ez zeukaten laborategirik bere ikerketa-lanak garatu ahal izateko. Hamabost urtetan, baina, lan handia egin zuten laborategia behar ziren tresnez eta materialez hornitzen, mikroskopioak eta bestelako erreferentzia bildumak eskuratzen, esaterako. Azken horiek oso garrantzitsuak dira arkeobotanikan, antzinako aurkikuntzak egungo materialarekin alderatu ahal direlako horrela.
Lydia Zapata ikertzaileak, ERC Consolidator beka (Europa mailan, zazpi eta hamabi urte bitarteko esperientzia duten ikerketak, dagoeneko ikerketa independenterako gaitasun handia dutenak eta heldutasun zientifikoa erakutsi duten goi mailako zientzialariak hartzen dira kontuan) delakoa lortu zuen Europako Ikerketa Kontseiluaren eskutik. Haren proiektua -Mendebaldeko mediterraneoko landareen erabilera Paleolitoan- garatzeko aukera izan zuen.
Jasotako diru-laguntza bi milioi eurokoa izan zen guztira. Beka hori eskuratu zuen Euskadiko lehendabiziko emakumea izan zen. Eta ez hori bakarrik, giza-zientziak eremuan jaso zen lehena izan zen ere bai.
ERC Consolidator beka lortu zuenekoa
Bikaintasunari erreparatzen diote epaileek ERC beka banatzerako orduan. Baina ez horri bakarrik, beste hainbat irizpide hartzen dituzte kontuan: ikertzailea, proposatzen den proiektua, ezaguera hutsunea eta arriskuak dira giltzarriak. Zapataren proiektuak baldintza horiek guztiak betetzen zituen. Izan ere, berrikuntza zekarren arkeobotanika alorrak, eta horrekin batera, ezaguera hutsunea. Ezer ez aurkitzearen arriskuak ere eman zion balioa ikerketari. Izan ere, emaitzak ez daude ziurtaturik, eta hori da epaileek kontuan hartzen dutena. Hori bai, emaitzak lortuz gero, jorratzen ari den diziplinan urrats handiak lortzen ahal dira ezinbestean. Horrela lortu zuen Zapatak ERC Consolidator beka. Ikerketak Erdi Paleolitoa eta Goi Paleolitoa hartzen zituen bere barne. Neanderthalen eta Homo sapiensen garaian landareen erabilpena desberdina ote zen frogatu nahi zuen. Bestalde, orain dela 10.000 urte inguru Holozenoa hasi zen eta horrekin klima hobekuntza etorri zen. Ingurumena asko aldatu zenez, bertako landareak eta baliabideak asko aldatu ziren. Aldaketa hori ere aztertzeko abian jarri zuen Zapatak ikerketa-lana.
Landareen erabilera ikergai
Iberiar penintsula osoa eta Maroko izan ziren ikerketa garatzeko aukeratu zituzten aztarnategiak, Euskal Herrikoak ahantzi gabe, noski: Dimako Axlor eta Baltzola ere proiektuan sartu baitzituen. Halaber, Valentzia aldeko batzuk, Andaluziakoak, Portugalgoak eta Maroko iparraldekoak gehitu zituen lanera. Aurretik esan dugun moduan, Paleolito garaiko landareak eta horien erabilerak izan zituen hizpide Zapatak. Ildo horri jarraiki, hasierako planteamenduak zantzu hauek izan zituzten ikergai: adibidez, egur-ikatzak aztertzeko asmoa erakutsi zuen, mikroskopioen bitartez garaiko zuhaitzei buruzko informazioa lortu ahal izateko. Aztarna berriak ere ikertzen hasi ziren; tuberkuluak eta sustraiak, besteak beste. Izan ere, ehiztari biltzaileen dietan garrantzitsuak zirela sinisten zuten. Horrekin batera, polena ere ikertzeko aukerari heldu zion, inguruko landare paisaia nolakoa zen aztertzeko. Oso txikiak diren beste aztarnak batzuk ere identifikatzeko tartea utzi zuen: fitolitoak. Silize bihurtutako zelula zati horiek ondo kontserbatzen dira, ez-organikoak direlako. Almidoiak ere berreskuratzeko itxaropena zeukan, aztarnategietan zein tresnerian. Garai hartan landareak txikitzeko harriak erabili zituzten eta horren berreskurapena egin zitekeela sinisten zuen. Ikerketak, orobat, landare bakoitzak izan zituen erabilpenak ikustea izan zuen xede, gizartearen dinamika ulertzeko balio zezakeelako. Adibidez, ikaztuta zegoen egurra erregai bezala erabiliko zutela pentsatzea ez da zentzugabekeria. Baina erregai hori berotzeko edo lehengaiak eraldatzeko ote zen frogatzea zaila zela zioen Zapatak.
Bestalde, fruitu eta landare asko jateko zirela pentsatzen zuen doktoreak. Agian medikuntzarako ere bai, baina ikerketa taldeak bazekien ondorio hori frogatzea zailagoa izango zela. Informazio etnografikoa ere proiektuan sartzeko asmoa erakutsi zuen. Zapatarentzat garrantzitsua zen ikustea gaur egungo gizarteek nola tratatzen dituzten landareak, ikusteko manipulazio horrek, antzinean ere egiten bazen, zein ondorio arkeologiko uzten ahal zituen.
Paleolitoa, zergatik?
Paleolitoan animalien ustiaketa egiten zen moduan, landareena ere existitu zela aldarrikatu nahi zuten. Ildo beretik, landareen ezaugarriak eta erabilerak ezagutzeko parada izan zuten proiektu honi esker. Bada, zergatik da berezia Paleolitoa? Klima hotza izan zelako nagusi. Hori dela eta, beti pentsatu izan da ia ez zela landarerik egongo paisaia horretan. Baina etnografikoki, jakina da, nahiz eta landareen baliabideak urriak izan, horiek erabiltzen zituztela. Horretaz gain, Holozenoa hasi zen garai horretan, beroketa gertatu zen. Itsas maila ere igo zen. Garai hartan, basoak asko hedatu ziren Europan zehar. Tenperaturak epeldu zirenean hurritzak, haritzak eta bestelakoak agertu ziren, batik bat. Adibidez, ezkurrak garrantzitsuak izan ziren, Europan batez ere hariztiak hedatu zirelako. Klima aldaketa hari esker, landare baliabide eta janari askoz gehiago zegoen. Horrela arrazoitu zuen hautua Zapata doktoreak.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
2 iruzkinak
Amaia Portugal kazetariak Lydia Zapata ikertzailea elkarrizketatu zuen Berria egunkarirako eta bertan azaldu zigun: Paleolitoko landare fosilak aurkitzea zuela helburu, neanderthalek eta lehen ‘Homo sapiens’-ek horiek nola baliatzen zituzten argitzeko. Izan ere zer haragi jaten zuten ezagutzen zelako baina erabiltzen zituzten landareei buruz ez zekitelako ezer.
[…] el Paleolítico con el objeto de conocer la dinámica de las sociedades de la época. Lydia Zapata recibió una beca ERC Consolidator para lleva a cabo su labor, siendo la primera mujer investigadora del País Vasco en conseguir una […]