Ezohikoa da kultura zientifikoa zabaltzeko jaialdi bat antolatzea. Oso ezohikoa da zientzialari batzuk labur, argi eta modu dibertigarrian entzutea. Eta, are ezohikoagoa da bertsolariek beraiek esandakoa ulertzea eta horren inguruan kantatzea. Ezohiko guztiau gertatu zen irailaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau” ekitaldian.
Bost zientzialarik gai bat hartu eta horren inguruko azalpen laburrak eman zizkiguten. Eta, bertsolariek zientzia oinarri hartuta errima eta neurria jarri zioten, Kike Amonarriz gidari izan zutelarik.
Gaurkoan, argia emango diogu ekitaldiari lehen hitzaldia eta bertso-sorta eskainiz. Jon Mattin Matxain kimikari kuantikoa eta Miren Amuriza bertsolaria izango ditugu bidelagun lan honetan. Zalantzak argituko dizkigute biek galdera hau erantzunez: “Argia: Uhina ala partikula?”.
Umorez, ironiaz, poesiaz eta jakinduria askoaz zientzia gizarteratzen aritu ziren Kike Amonarrizek gidatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau” saioan: Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariak, Gorka Azkune informatikaria, Naiara Barrado eta Itziar Garate astrofisikariak, Itziar Laka hizkuntzalaria eta Jon Mattin Matxain kimikaria.
1 iruzkina
[…] Jon Mattin Matxain (UPV/EHU): “Argia: uhina ala partikula?“ […]