Fanny Bullock Workman (1859-1925): Tontorretako kartografoa

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Latorrizko teontzia eskulekuan, salakota (esploratzaileek janzten duten kapela) buruan; gerrikotik zintzilik, zartailua, bidean topatzen ahal diren txakurrak izutzeko. Horrekin batera, pistola bat darama, gauzak gaizki baldin badoaz, bi aldiz pentsatu gabe tiro egiteko. Begien aurrean, paisaiak, askotarikoak: Europa zeharkatzen ari dira eta buruan Asia eta Afrika dira helmuga. Bere ondoan, Workman doktorea. Honek irribarrea irudikatzen du ahoan, ispilu bat bezala funtzionatzen duena, ahoaren kurba emakumearen aurpegian islatzen baita segidan.

Fanny Bullock esploratzailea
1. irudia: Fanny Bullock esploratzailea.

Bi gurpiletan mantentzen den hezurduratik ikusten du inguruan duen guztia. Bizitzen ari den abentura paperera eramango duela pentsatzen du orduan. Soinekoa jantzita ibiltzen da bizikletan Fanny Bullock Workman. Eta ez galtzak janztea debekatuta duelako, baizik eta horrela eroso sentitzen delako; bai bizikletaren gainean, baita Himalaiara egindako espedizioetan ere.

Idazlea eta bizikletan ibiltzeaz gain, eskalatzailea eta kartografoa izan zen Bullock. Emakume hau definitzen hasten bagara, sufragista eta feminista kontzeptuak aipatu beharko genituzke ere, emakumeen eskubideen alde asko borrokatu zuelako. Horren erakusle, ahanzturan gelditu ez den argazki bat: Karakorumera egindako espedizioan, mendien erdian, Bullock agertzen da, eskuekin paper bat erakusten duelarik: “Votes For Women”.

Bidaiak eta kartografiak

1888-1893 bitartean, Fannyk eta bere senarrak Europatik bidaiak egin zituzten bizikletaz: Suitzan, Frantzian eta Italian egon ziren, besteak beste. Horren ondotik, Aljeria, Indotxina eta India esploratu zituzten. Lehenik, Espainia gurutzatu zuten, bikoteak egindako bidaiarik luzeena izan zen. Bizikletaz egin zuten eta guztira, 4.500 km egin zituzten. Bidaian 9 kg-ko fardelak eraman zituzten. Egunean, 72 km egiten zituzten eta batzuetan, 130 km egitera iritsi ziren.

Egindako bidaien deskribapenak liburuetan islatu zituen bikoteak. Algerian Memories liburuan, adibidez, herrialdearen edertasunaz mintzatu zen Fanny, baina ez zuen lurraldeko egoera batere kritikatu. Espainiaren kasuan, aldiz, emakumearen egoera zein zen azpimarratu zuen. Bertan ikusi zituen gehiegikeriak salatu zituen. Liburu horren bitartez, emakumeek bertan jazotzen zituzten tratu txarrak eta umiliazioak salatzea izan zuen helburu, batik bat. Hori guztia Sketches Awheel in Modern Iberia liburuan islatu zuen. Indian ere izan ziren, bidaia horren berri, besteak beste, liburu honi esker izan dugu: Through Town and Jungle: Fourteen Thousand Miles A-Wheel Among the Temples and People of the Indian Plain.

2. irudia: Fanny Bullock mendira igotzeko erabiltzen zuen materialarekin.
2. irudia: Fanny Bullock mendira igotzeko erabiltzen zuen materialarekin.

Horretaz gain, mendiko espedizioak egin zituen Fannyk. Mont Blanc mendia igo zuen lehen emakumea bihurtu zen 1891n. Zerrendara Jungfrau eta Matterhorn mendiak gehitu zituen. Ildo horretatik, 1898.urtean, Himalaia esploratzea erabaki zuen bere senarrarekin. Indotik Himalaiara abiatu ziren, 2.500km-ko bidaia egin zuten guztira. Ladajera iritsi ziren, Karakoruma (Himalaia mendikatearen zati bat) zeharkatuz. Zonaldea kartografiatzen saiatu ziren. Horrela lortu zuten Royal Geographical Societyren eta Royal Scottish Geographical Societyren aitortza. Halere, ez zuten guztiz asmatu kartografia egiten. Izan ere, Karakorumaren mapa egiterakoan akats batzuk egin zituzten.

Aipatzekoak dira ere esploratu zituzten beste hainbat lurralde: Chogo Lugma, Nun-kun, Hispar eta Siachen glaziarrak. Guztira, zortzi espedizio egin zituzten 1898-1902 bitartean. Himalaiako espedizioen xehetasunak hainbat liburutan islatu zituzten; In the Ice World of the Himalayas (1900) da horietako bat.

Bere bizitzari buruzko datu batzuk

Fanny Bullock Workman Worcesterren (Massachusetts) 1859an jaio zen familia aberats batean. Bere aita Massachusettseko gobernadorea izan zen. 1881ean William Hunter Workmanekin ezkondu zen. Azken hau medikua zen, baina osasun arazoengatik goiz erretiratu egin zen. Aipatzekoa da bere senarrari esker ezagutu zuela eskalada.

1884an bere alaba Raquel jaio zenean, ez zituen bere bidaiatzeko ametsak alboratu. Gizarteak onartzen eta sustatzen zituen amaren eta emaztearen rol horiek ez zituen jarraitu nahi. Gauzak horrela, alaba umezain batekin uzten zuen haiek bidaia luzeko espedizioetan zeuden bitartean. Bere grinak, gizarteak inposatzen zituen betebeharren eta erantzukizunen gainetik jarri zituen.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.