Leire Gartzia: “Helmugara iritsi zarela uste duzunean, urrundu egiten da”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Leire Gartzia Riverok gogoan du zerk bultzatu zuen Kimika ikastera: “Hemezortzi urterekin, justu unibertsitatean zer ikasi aukeratu behar nuenean, upategi batera joan nintzen gurasoekin, eta txundituta geratu nintzen enologoaren azalpenekin. Enologo izateko zer ikasketa egin behar diren galdetu nion, eta esan zidan bi bide zeudela: bat Kimika ikasita, eta bestea, Nekazal Ingeniaritza. Kimikak gehiago erakarri ninduen, eta halaxe hasi nintzen”.

Eta gustuko izan zuen, nonbait, azkenean, enologia ahaztu eta ikerketa-munduan sartu baitzen. Hain zuzen, karreraren azken urteetan, nanoteknologiaren berri izan zuen, eta ikerketa zer den ere ezagutu zuen. Material berrien masterra egin ondoren, Espektroskopia Molekularreko taldean hasi zen, UPV/EHUko Kimika Fisikoa Sailean, eta han tesi bat egitea proposatu zioten: “Tesiaren gaia izugarri interesatu zitzaidan. Nanomaterial luminiszente baten inguruan ikertzeko zen, eta material horren berezitasuna da zelula fotovoltaikoen eraginkortasuna hobetzeko erabil daitekeela”.

Irudia: Leire Gartzia ikertzailea haren ikerketaren berri ematen poster baten bidez IkerGazte kongresuan 2015eko maiatzean.
Irudia: Leire Gartzia ikertzailea haren ikerketaren berri ematen poster baten bidez IkerGazte kongresuan 2015eko maiatzean.

Natura, inspirazio-iturri

Tesiaren abiapuntua hori bazen ere, azkenean hainbat aplikazio izan ditzaketen nanomaterialak sortu dituzte. “Behar bada interesgarriena da landareen sistema naturaletan oinarrituta daudela”, nabarmendu du Gartziak. “Apur bat paradoxikoa da, naturan oinarritu baikara nanoteknologiari bultzada bat emateko. Azken finean, nanoteknologia naturan oso presente dago, baina orain dela gutxi arte ez gara konturatu. Ez da harritzekoa gaur egungo zientzialari askoren tentaziorik handienetako bat naturan dauden mekanismoak erreproduzitzen saiatzea izatea, hain dira eraginkorrak eta perfektuak”.

Ikuspegi hori, materialetan ez ezik, giza gorputzean ere oso baliagarria dela iruditzen zaio Gartziari. “Azkenaldian, nanomedikuntzak indarra hartu du, eta finantziazioa ere horretara bideratzen da”. Arlo hori, gainera, asko interesatzen zaio: “Aplikazioa gizartearentzat benetan onuragarria dela jakiteak asko betetzen nau”.

Bere ustez, baditu aukerak bide horretatik jotzeko, izan ere, erabiltzen duten fluoreszentziazko mikroskopioa oso aproposa da lagin biologikoak aztertzeko. “Oinarri biologikoa falta zaigu, baina beste talde batzuekin lankidetzan airtzen gara; hortaz, gure ikerketa diziplinartekoa da”, azaldu du Gartziak.

Orain, Eusko Jaurlaritzaren doktoretza-ondorengoko beka bat lortu du, eta horrek aukera emango dio atzerrian ikertzeko. Gustura dagoen arren, ez du ezkutatu batzuetan gogorra egiten zaiola hartu duen bidea: “Helmugara iritsi zarela uste duzunean, urrundu egiten da, eta berriro egin behar duzu hara iristeko ahalegina”. Eta emakumeek are ahalegin handiagoa egin behar dutela iruditzen zaio: “Ostaizkari gertatutakoa adibide garbia da. Ez da bidezkoa”.

Fitxa biografikoa

Leire Gartzia Rivero (Gernika-Lumo, 1986) 2009an lizentziatu zen Kimikan, UPV/EHUn. Jarraian, masterra egin zuen material berrietan. Doktoretza aurreko Eusko Jaurlaritzaren beka lortu zuen, Espektroskopia Molekularreko taldean ikertzeko, eta 2014ko abenduan irakurri zuen tesia. 2015ean lanean jarraitu du ikerketa-talde berean.


Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.