Eskuetan dardarizoa neutralizatzen duen eta parkinsona dutenei otorduak normaltasunez egiteko aukera eman diezaiekeen gailua da Liftware. Argazki kameretan irudiak mugituta atera ez daitezen ahalbidetzen duen teknologiaren antzekoa du tresna honek, eta %70etik gora murrizten du dardarizoaren inpaktua.
Joan den astelehena, apirilak 11, Parkinsonaren Munduko Eguna izan zen. Urtero bezala, gaitza daukatenen egoera azaleratzeko eta haren gaineko ikerketan sakontzen jarraitu behar dugula aldarrikatzeko baliatu zen eguna. Batez ere, eragiten dituen dardarengatik da ezaguna nerbio sistemaren gaixotasun hau, eta hain zuzen ere, egunerokoan askotariko arazoak eragiten dizkie dardara horrek gaixoei; adibidez, otorduetan edo eskuetan edozer daramatenean.
Parkinsonaren sendabidea urruti dago oraindik, baina pixkanaka ari dira garatzen gaixoen bizimodua errazten duten teknologiak. Esaterako, Liftware gailua: otorduetan koilara edo sardexka normaltasunez erabiltzeko aukera ematen du tresna honek, eskuetako dardarizoa neutralizatzen baitu, nolabait. Parkinsona duten pertsonentzat ez ezik, oro har, dardara arazoak dituen edonorentzat balio du asmakizun honek. Gerora Googlek erosi zuen Liftlabs enpresak garatu du, eta 2014aren bukaeran merkaturatu zuen Mountain Viewko multinazional erraldoiak.
Liftware gailuaren aurkezpen bideoa, ingelesez.
Liftware gailuak bereizita dauden bi atal ditu: heldulekua eta honi atxikitzen zaion koilara arrunta, zoparako koilara edo sardexka (hiru elementu horiek ditu aukeran). Heldulekuan dago gakoa, argazki kamerek irudia ateratzeko unean mugimendurik egon ez dadin daukaten egonkorgailuaren gisakoa baitauka txertatuta honek ere. Hau da, eskuaren mugimendua detektatzen duten sentsoreak ditu, batetik, eta nahi gabe agertzen den dardara eskuarekin propio egiten dugun mugimendutik bereizten duen ordenagailu txiki bat, bestetik. Sardexka edo koilara egonkortzeko, ordenagailuak heldulekuan dauden bi motor txikiri ematen die agindua, tresna dardararen kontrako norantzan gida dezaten.
Gailua automatikoki pizten da heldulekuari koilara edo sardexka atxikitzen zaizkionean, botoirik sakatu beharrik gabe. Otordua egin bitartean atsedentxoa hartu nahi izanez gero, Liftware mahai gainean buruz behera utzi besterik ez dago, hala mugitzeari uzten baitio. Bateriari dagokionez, hortzetako eskuilen antzera kargatzen da, eta hiru eta sei otordu bitartean egin daitezke atzera kargatu beharrik gabe, ekoizleek diotenez.
Tresna hau jende askorentzat izaten ari da baliagarria, adibidez, zopa kanpora isuri gabe eta lasai jan ahal izateko. Hala ere, egileek berek esana da ez duela edonorentzako balio. Besoetan dardara arina edo ertaina daukatenentzat dago pentsatua; lau eta hamabi hertz artean, zehazki.
Hain zuzen ere, asmakizuna merkaturatu aurretik ikerketa egin eta Movement Disorders aldizkarian argitaratu zituzten emaitzak. Hamaika laguneko laginaren bitartez erakutsi zutenez, Liftware baliatuta, dardaren inpaktua %72 murriztea lortu zuten, batez beste, objektuak eutsi behar zituztenean; %76, jateko eskatu zitzaienean; eta %71, gauzak batetik bestera eramateko ahalegina egin zutenean.
Erreferentzia bibliografikoa:
Pathak, A., Redmond, J. A., Allen, M. and Chou, K. L. (2014), A noninvasive handheld assistive device to accommodate essential tremor: A pilot study. Mov. Disord., 29: 838–842. doi: 10.1002/mds.25796
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.