Asteon zientzia begi-bistan #103

Uxue Razkin

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

zientzia begi-bistan 103

Astrofisika

Huelvan itsasoratzen den Tinto ibaiaren arroak antzekotasun handiak ditu Marterekin, itxura eta materialak kontuan hartzen baditugu. Amaia Portugal kazetariak azaltzen digu Martek Lurrean duen analogorik onenetakoa dela, eta horregatik, meatze eremu hau simulazioak egiteko erabiltzen dela. Moonwalk proiektuaren landa lana egiten ari dira bertan eta astronauten eta roboten elkarlana optimizatzea du helburu. Pasa den ostiralean abian jarri zuten Marteko simulazioa, gizakiek eta robotek elkarlanean aritu ahal izateko baliatzen diren teknikak garatu eta hobetzeko. Izan ere, badira gizakiek eta robotek nork bere kabuz egin ezin dituzten jarduerak, baina elkarrekin egingarriak bilakatzen direnak. Zehazki, egoera horietara bideratuta dago proiektu hori. Aipatzekoa da ere lan honetan lehendabizikoz erabiltzen ari direla zenbait sistema eta ekipamendu; astronautaren eta robotaren arteko keinu bidezko komunikazioa ahalbidetzen duen sistema, adibidez.

Osasuna

Londresko Unibertsitatean egindako ikerketa batek aditzera eman du ekintza bat egin eta ondoren atseden hartzean, garunean oroitzapenak errepikatu egiten direla, eta, jarraian, garuneko beste gune batera transferitzen direla. Hori frogatzeko, sei arratoi jarri zituzten 30 minutuz pista batean korrika eta gero, 90 minutuz atseden hartu zuten. Lo zeudenean, ikertzaileek haien garunaren aktibitatea aztertu eta ikusi zuten arratoiek korrika-saioa errepikatzen zutela hipokanpoan (oroitzapenak sortzen diren gunean). Hori bai, egin zutena baino 10-20 aldiz azkarrago. Errepikapen hori gero beste gune batean gertatzen zela ohartu ziren. Prozesu horretan, oroitzapen horiek beste gune batera eramaten dira, garun-azal entorrinalera, hain zuzen. Han gordetzen dira gure oroitzapenak gero behar ditugunean, azkar errekuperatzeko.

Biologia

2010ean, Malaspina izeneko espedizio ozeanografikoaren berri ematen digu Juanma Gallegok artikulu honen bitartez. Proiektu horretako zientzialariek zunda akustiko baten bidez zona mesopelagikoan dagoen biomasa kalkulatzeari ekin zioten: kanpaina hori burutu arte, mila milioi tona arrain zegoela uste zen, baina benetan 10-15 milia milioi tona zirela kalkulatu zuten. Ozeanoetako biomasaren %90, hain zuzen. Zona mesopelagikoan ikerketa sustatzeko beharra azpimarratu du Angel Borja itsas biologoak. Horrenbesteko biomasa egoteak arrantzaren negozioan aritzen diren zenbait enpresaren arreta piztu du gainera. Borjak azaldu duenez, arraste sare bereziak erabil daitezke eremu horretan arrantza egiteko. Guztira, 250 bat espezie arrain ezagutzen dira bertan, baina eremu ilunean identifikatu gabeko milioi bat espezie daudela kalkulatzen dute. Gehienak birusak, bakterioak, mikroorganismoak eta planktonak izango dira seguruenik, baina gaur ezagutzen ez ditugun arrain eta beste motako animalia asko egon litezkeela iritzi dio Borjak.

Vespa velutinaren bizi-zikloari eta inbasioaren ondorioei heldu die oraingoan Juan Carlos Iturrondobeitia zoologoak, besteak beste. Lehenik, liztor honen ziklo biologikoa aipatzen da. Kasu honetan, urtebete irauten du, hau da, erregina fundatzaile bakoitzak kolonia bakarra osatuko du (habia bat), eta handik urtebetera fundatzaile berriak sortuko dira, beste toki batzuetara joan eta habia berria egitera. Horretaz gain, Velutinaren inbasioaren ondorioak azaltzen dira. Entomo fauna ezagutzen duten herrialdeetan, ikusi da velutinaren inbasioak dagoeneko kalte egin diela beste liztorrei. Aipatzekoa da, esaterako, Bursanen (Korea), vesparen populazio guztian, velutina %37a da, baina bertako liztorren proportzioa jaistea eragiten ari da. Horrela, Vespa similina espezieak %20a galdu du eta Vespa mandarinia espezieak %10a. Beraz, gaur egungo polinizatzaileen inguruko eztabaidari begira badirudi velutinak estres-eragile gehiago dakartzala ezti-erle eta polinizatzaileentzat.

Homeostasiari buruzko informazioa dugu irakurgai artikulu honetan. Terminoa 1926. urtean jaio zen, Walter Cannon fisiologoak erabili zuen lehendabiziko aldiz. Bere kontzeptua azaltzeko Cannonek zenbait mekanismo deskribatu zituen, goi-mailako animalien matrize jariakorrean, “barne-ingurunean”, baldintza konstanteak mantentzen dituztenak. Baina mekanismo homeostasikoaren eta barne-ingurunearen artean ezarri zuen asoziazio estuaren ideia Claude Bernardi zor zion. Bigarren mundu gerraren ostean, kontzeptua zabaldu zen, egiaztatu baitzen antzekotasuna zegoela mekanismo homeostasikoen eta serbomekanismoen atzeraelikadura-kontrolaren artean. Egun, honela ezagutzen da homeostasia: “sistema batean egoera dinamiko egonkor bat mantentzea, orekaren kanpo-asaldurak arintzen dituzten barne-prozesu erregulatzaileen bidez”.

Erantzun zelularraz mintzatu da gaurkoan Ramon San Juan bere blogean. Erantzun hori patogenoen zelulen barneko garapena ekiditeko ematen da. Bertan, makrofagoak eta T linfozitoak parte hartzen dute. Patogenoa gorputzean sartzen denetik, pausoz pauso egiten duen prozesua argi azaldu digu.

Ekonomia eta ekologia

Austriako Institute of Social Ecology-ko ikertzaileek ikusi dute posible dela giza populazio osoa elikatzea baso gehiago nekazaritza-lur bihurtu gabe, baina gure dieta-motak baldintzatuko luke: haragia jateak eskatzen du deforestazio gehien. Hainbat bide daude etengabe hazten ari den giza populazioarentzat elikagaiak lortzeko. Adibidez, nekazaritzaren eraginkortasuna handitzea (intentsiboagoa eginez) edo nekazaritzarako erabiltzen den lur-eremua handitzea. 2050. urtean eman daitezkeen egoera erreal posibleak aztertu dituzte ikertzaileek, hainbat aldagai kontuan harturik: zer erabilera ematen zaien nekazal lurrei, zenbateko etekina ateratzen zaien lurroi, ganadua nola elikatzen den eta gizakiok zer elikadura-ohitura ditugun, besteak beste. Kontuan hartuta zenbat biomasa sortzen dugun eta zenbat kontsumitzen dugun, 500 egoera posible desberdin aztertu eta modelizatu dituzte. Emaitzek zer erakutsi dute? Bada, egoera horietako askok munduko giza populazioaren elikagai-eskaera aseko luketela baso-lur gehiago soildu gabe. Irakurri artikulu osoa Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Prozesu Katalitikoak eta Hondakinen Balioztatzea (CPMW) ikerketa-taldeko Itsaso Barbarias, plastiko-hondakinetatik hidrogenoa lortzeko prozesu bat ikertzen aritu da bere doktorego-tesian. Bere lanak zabortegietan edo errausketa-instalazioetan amaitzen duten hondakin-plastikoak birziklatzeko modu bat bideratzen du, eta horretaz gain, etorkizuneko erregai izan daitekeen hidrogenoa lortu dute kantitate handietan. Barbariasek azaltzen digu: “Hondakin-plastikoak hidrogenoa ekoizteko iturri izan daitezke, haien pirolisitik sortzen diren gasak lurrun bidezko reforming katalitikoz tratatuz gero”. Ikerketan, hiri-hondakin solidoetan aurkitzen diren zenbait plastiko-mota aztertu dituzte tesian, hidrogenoa ekoizteko izan dezaketen potentziala zehazteko. Lan honen erronka aipatzen du ikertzaileak: “Ekonomikoki, oraindik, prozesua ez da bideragarria; izan ere, oso tenperatura altuan egiten dugu lan prozesu honetan, eta bi erreaktore behar dira”.

Irati Otamendi Irizar ikertzaileari egin diote elkarrizketa Unibertsitatea.net-en. Bertan, IkerGazten aurkeztu zuen “Echezarreta paper-fabrika Gipuzkoako industria-ondarearen eredu” artikuluaren inguruan hitz egin du. Industriak izan duen lekua eta eragina islatzea da bere helburua lan horren bidez, paper fabrikaren kasu hori adibide gisa planteatuz. Irakur ezazue ondare industrialari buruz Otamendi ikertzaile gazteak dioena.

Historia

Paleolitoko zaldi baten eta ahuntz baten irudiak topatu dituzte Zestoako Astuigaña haitzuloan. Elhuyar aldizkarian azaltzen dizkigute aurkikuntzaren xehetasun guztiak: Antxieta Jakintza Taldeak aurkitu zituen artelanak, haitzuloaren pasabide estu batean. Marra batzuk ere aurkitu dituzte, baina oraingoz ezin izan dute jakin zer irudikatzen duten. UPV/EHUko Historiaurrearen Ikerketarako Taldeak aztertu ditu eta duela 13.000-12.000 urtekoak direla adierazi dute. Aurkikuntza honekin, 11 dira jada paleolitoko artea gordetzen duten haitzuloak Gipuzkoan.

Argitalpenak

Badakigu Liburuaren eguna atzo izan zela, baina Zientzia Kaieran ez dute argitalpen hau aurkezteko aukera galdu nahi izan: Mike Goldsmith (Londres, 1962) filosofoa eta astrofisikan doktoreak idatzitako liburua dakarkigu, Science ideas in 30 seconds izenekoa (gaztelaniazko bertsioa ere badu: Conceptos científicos en 30 segundos). Erakargarria da, irudi askorekin hornituta baitago. 8 eta 11 urte bitarteko haurrentzat dago bideratuta. Bertan, 30 teoria zientifiko daude azalduta modu didaktikoan, 30 segundotan, minutu erdian. Antzinako Greziatik hasita, gaur egungo zientzia modernoaren ideia berritzaileenak ezagutzeko aukera ematen du. Kapituluen egitura oso didaktikoa da, bakoitzaren hasieran hiztegi bat eta irakurlearentzat jarduera bat dator, esperimentu errazak dira, eskura ditugun gauzekin egin ditzakegunak.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>