Edoskitze naturalaren aldeko politika baten beharra

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Amagandiko edoskitzea jaioberriak eta haur txikiak elikatzeko modu natural eta fisiologikoa da. Horrez gain, amagandiko edoskitzea osasunean gehien eragiten duten prebentzio jardueretako bat da: ekitatea sortzen du osasunean, ingurumena babesten du ez baitu eragiten bularreko esnearen ordezkoak ekoitzi, garraiatu eta erabiltzeagatik sortzen den kutsadurarik. Hala ere, oso informazio urria dago amagandiko edoskitzearen prebalentzia tasen inguruan.

UPV/EHUko Gloria Gutiérrez de Terán Moreno doktoreak arestian aipatutako hutsune hori bete du haren doktorego-tesian. Gloria Gutiérrez emagina da eta edoskitzearen prebalentzian eragiten duten alderdi fisiologikoak, soziologikoak eta sanitarioak aztertu ditu “Factores fisiológicos y sociales que influyen en el éxito de la lactancia materna” tesian. Ikerlanean, besteak beste, Gloria Gutiérrezek gizarte osoa inplikatuko duen edoskitze naturaleko politika bat landu behar dela ondorioztatu du.

amagandiko edoskitze naturala
Irudia: Edoskitzearen prebalentzian eragiten duten alderdi fisiologikoak, soziologikoak eta sanitarioak aztertzeko Bilbo inguruko 401 haurdunen lagin bat aztertu zen. Emakume guztiek erabakita edo pentsatuta zuten bularra ematea eta haurra jaio eta urte beteko jarraipena egin zitzaien.

Gaur egun amagandiko edoskitzea nagusi den arren gurean, ez dago prebalentzia tasei buruzko informazio fidagarri eta eguneraturik edoskitze naturalaren aldeko jardunak planteatu ahal izateko. Hori ikusirik, Gloria Gutiérrez de Teránek helburu hauxe izan du ikerketan: edoskitze naturalak jaiotzetik 12 hilabetera arte duen prebalentzia zein den jakitea, eta edoskitze naturalaren eta amen faktore fisiologiko eta soziologikoen arteko harremana aztertzea. “Ama batek bere umeari bularra ematea ez da soilik gertaera biologiko bat; horretarako, erabakiak hartu behar dira, informazio eskuratu, ikasi, haurrarekin harreman emozionala landu, eta denbora, babesa eta konpromisoa eduki. Familiatik harago doa, eta gizartea bera zein botere politikoak inplikatzen ditu”, azaldu du Gloria Gutiérrez de Terán doktoreak.

Ikerketa aurrera eramateko, Bilbo inguruko lehen mailako arretako zentroetako emaginek artaturiko 401 haurdunen lagin bat aztertu zuen. Emakume horiek guztiek erabakita edo pentsatuta zuten bularra ematea, eta adinez nagusiak ziren. Gainera, kontuan hartu ziren alderdi hauek ere: fetu bakarreko haurdunaldiak izatea, eta emakumeek gaztelania jakitea eta haurdunaldian eta haurraren lehen urtean jarraipena egiteko prest egotea.

Emaitzen artean, nabarmentzekoa da edoskitzean emaitza hobeak izan zituztela honako hauek:

  • Bizi ohitura osasungarriak eta azterturiko osasun adierazleetan emaitza hobeak dituzten amek.
  • Bularra emateko erabakia haurdunaldiaren aurretik hartu zutenek.
  • Informazio maila handiena zutela adierazi zutenek.
  • Aurretik seme-alabak izandakoek.
  • Beren esperientzia propioa informazio iturri nagusitzat jotzen dutenek.
  • Beren buruarekin konfiantza handiena zutela eta ingurukoen babesa gutxiago behar zutela esan zutenek.

Horrez gain, amek zein haien bikotekideek unibertsitate ikasketak amaituak izatea ere amagandiko edoskitzearen arrakastarekin lotu zen. Edoskitzaroko lan jarduerari dagokionez, nahiz eta emakumeek lanera bueltatzea jotzen duten edoskitzea uzteko bigarren arrazoitzat, edoskitzaroan lan egin zuten emakumeek proportzio handiagoan eman zuten bularra 4 hilabetera arte, eta horrez gain, etxetik kanpo lan egin ez zutenek baino beranduago utzi zioten titia emateari haurraren lehen urtean.

Bestalde, egiaztatu ahal izan zen jarduera asistentzialarekin eta erditzearekin lotutako parametroek ere zerikusia zutela edoskitzearen prebalentziarekin eta esklusibotasunarekin. Horien artean daude interbentzio gutxiago behar izan dituzten eta horren medikalizatuta egon ez diren erditzeak, Apgar testean puntu gehien lortu zuten haurtxoak eta azalez azaleko kontaktua luzaroago izan zutenak. Bestalde, edoskitzean inpaktu negatibo handiena zuten alderdietako bat formula gehigarriak ematea izan zen. Gainera, gehigarri horiek amak edo familiak eskatuta eman ziren kasuetan, hau da, osasun langileek agindu gabekoetan, inpaktu negatiboa are handiagoa izan zen. Halaber, adieraztekoa da lehen hilabetean txupeteak eta tetinak erabili zituzten amek oro har lehenago utzi ziotela bularra emateari.

Azkenik, hainbat azterlanek erakutsi dute guraso eta haurrek batera lo egiteak lotura duela edoskitze naturalaren arrakastarekin. “Gure laneko ama eta haurren diadetan sarri lo egin zuten guraso eta haurrek batera, eta ikusi zen horrek eragin positiboa zuela edoskitzearen arrakastan; izan ere, batera lo gehienetan egiten zutenek jarraitu zuten urtebeteren ondoren bularra ematen”, adierazi du ikertzaileak.

“Azterlan honetan lortutako emaitzetan oinarrituz, zenbait jarduketa diseinatu ahal izango dira gure inguruan amarengandiko edoskitzearen prebalentzia handitzeko”, gehitu du Gloria Gutiérrez de Teránek. Jarduketa horiek familiak eduki behar dituzte jomugan, eta helburu izan behar dute edoskitze naturalaren inguruko informazioa zabaltzea eta emakumeei horretarako gai direla sinestaraztea. Ildo horretatik, arreta berezia jarri beharko litzaieke ikasketa maila apalagoak dituzten emakumeei, bai eta lehenerdiei eta obesitatea duten emakumeei ere. “Amatasunari laguntzeko prozesuan, bereziki sustatu behar da fisiologiarekiko errespetua, frogatua baitago hori giltzarria dela edoskitzea arrakastatsua izan dadin”, azpimarratu du.

“Behar-beharrezkoa da jendeari jakinaraztea amagandiko edoskitzea jaioberrien eta haurtxoen elikaduraren urre patroia dela; hori ez soilik da osasunaren arloan landu behar, baita hezkuntzan eta komunikabideetan ere. Gainera, politikariek, enpresariek eta gizarte osoak ere lan horretan inplikatu eta konprometitu behar dute” nabarmendu du Gloria Gutiérrezek.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Beharrezkoa da gizarte osoa inplikatuko duen edoskitze naturaleko politika bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.