Asteon zientzia begi-bistan #107

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

asteon zientzia begi-bistan 107

Genetika

Errumaniako kobazulo batean (Pestera Murieii) aurkitutako gizakien azterketa genetiko berriek erakutsi dute Eurasiara zabaldu bitartean, Paleolitoko populazio batzuek Afrikara atzera-buelta egin zutela. Hortzetako genoma mitokondriala begiratuz, gaur egun Afrika Iparraldean ohikoak diren ezaugarri genetikoak dituela ohartu dira, horien arbasoa dela ondorioztatuz. Paleolito garaian emandako fenomeno migratzaile horren ebidentziarik ez zuten aurkitu orain arte. Kobazuloan aurkitu duten gizakia Homo sapiens da, baina gizaki modernoen eta Neandertalen ezaugarri morfologikoen nahasketa azaltzen du.

Berria egunkarian ere irakur dezakegu albiste honi buruzko informazioa. EHUko Giza Biologia Ebolutiboa taldeak aurkitu du 35.000 urteko fosilaren genoma mitokondriala Errumaniako haitzuloan. Aurkikuntzak U6 leinuak jatorri eurasiarra duela berretsi ez ezik, indartu egiten du Goi Paleolitoan (duela 40-45.000 urte) zenbait populaziok Eurasiatik Afrikara itzultzeko migrazio bat hasi zutela dioen hipotesia.

Genetika arloari jarraiki, klonazioen munduan murgilduko gara artikulu honetan. Asiere Fullaondo ikertzailean galderatxo bat proposatzen digu hasieratik: noiz bihurtzen da animalia ale jakin bat hain baliotsua klonatu beharra dagoela erabakitzeko? Zenbait adibide ematen ditu. Adibidez, Bartzelonako zooan zegoen Copito de Nieve gorila. Kasu horretan, zergatik? Oso ezaugarri bitxiak zituen animalia ikoniko bat zelako. Beste hainbat adibide ematen ditu. Horretaz gain, 2015ean plazaratu zen berri bat agertzen digu: Txinako eta Hego Koreako ikertzaile talde batek esan zuen munduko klonazio “fabrika” handiena eraikiko zutela Txinako Taijin hirian. Behiak klonatzeko zentro bat izatea nahi dute, urtero 100.000 behi-enbrioi kloniko sortzeko. Enpresaren zuzendariak ekintza honen beharra arrazoitzeko esan zuen “gaur egun, behi haragia oso preziatua da Txinan eta ez dago merkatua asetzeko haragi nahikorik”. Zer deritzozue zuek?

Teknologia

Zaharkitze programatua kontzeptua ezagutzen duzue? Bada, artikulu honen bitartez, Maria Jose Morenok azaltzen digu zertan datzan. Enpresek eta fabrikatzaileek kalkulatzen dute diseinu-fasean zenbat iraun behar duen produktu batek. Adibidez, 1911n 2.550 orduko bizitza bermatzen zen bonbilletan baina 1924an, fabrikatzaile nagusiek iraupena 1.000ra jaistea adostu zuten. Testu honetan ere, egileak “zaharkitze sumatua” zer den azaltzen digu: kontsumitzaileek beraiek sumatzen dute bere objektuak modatik kanpo gelditu direla. Beraz, funtzionatzen jarraitzen badute ere, objektu berriak erosteko nahia dute. Kasu bietan, enpresak dira egoerari etekina ateratzen diotenak.

Solar Impulse hegazkina dugu protagonista honetan. Eguzkiaren energia erabiliz, munduari buelta ematea du helburu. 2009an lehen prototipoa egiten hasi ziren, hegaldi laburrak egin zituzten; hala nola, Suitza-Espainia. Bigarren prototipoak 11 etapa egin ditu iazko martxoan hasi zenetik. Bideoak ikusgai dituzue estekan.

KiReS, Kinect Rehabilitation System, izeneko sistema berritzaile bat diseinatu eta garatu du UPV/EHUko David Antón ingeniari informatikoak. Errehabilitazio-sistema honek gaur egungo telerrehabilitazio-sistemek dituzten mugak gainditzeko eta ezaugarri berriak lortzeko aukera ematen du. Zein osagai ditu sistema honek? Alde batetik, erabiltzaileak ez du sentsorerik izan behar gorputzean. Horretaz gain, interfaze interaktibo bat dauka, pazienteak bideratzeko eta denbora errealeko komunikazio bat dauka, pazienteak eta fisioterapeutak harremanetan jartzen dituena, besteak beste. Irakur ezazue sistema honi buruzko informazio osoa.

Geologia

Amaia Ordialesi egin diote elkarrizketa Berrian. SciGea sortu du, geologiari lotutako zerbitzuak eta dibulgazioa eskaintzen dituen enpresa bat. Horretaz gain, geologiaren egunaz mintzatu da, urtero ospatzen dute eta geologiaren ezagutza zabaltzea dute helburu bertan. Paleontologia izan da gehien landu duen arloa, zehazki mikro-ornodunen paleontologiari buruz egin zuen karrerako lan gidatua. “Tamaina txikiko ornodunen arrastoek iraganean egon ziren klimen berreraikuntza bat egitea ahalbidetzen dute. Bereziki baliagarriak dira oso ugariak direlako, haien fosilak erraztasun handiz kontserbatzen baitira”, azaltzen du Ordialesek. Azkenik, arrisku geologikoei buruz mintzatu da. Berak dio ezin dugula garatu gure bizi kalitatea arrisku geologikorik ez duen eremu batean: “Geologian, arriskurik gabeko eremu bakarrak basamortuak dira”.

Medikuntza eta etika

Michigango Unibertsitateak galdeketa bat egin du eta emaitzek aditzera eman dute Estatu Batuetako Osasun Institutuko (NIH) diru-laguntza jaso duten medikuntza-ikertzaile emakumezkoen % 30ak sexu-jazarpena pairatu duela. Gizonezkoen %4k ere adierazi du sexu-jazarpena jasan duela. 1995ean egindako galdeketan jasotako emaitzak ere bildu dituzte artikulu honetan. Orduan, emakumezkoen % 52k erantzun zuen sexu-jazarpena pairatu zuela (gizonezkoen artean, % 5ak). Galdeketa egin dutenek nabarmendu dute, ehunekoa jaitsi den arren, egoera onartezina dela.

Argitalpenak

Arantxa Arzamendik e-Renovarse o morir liburua dakarkigu gaurkoan. Lidergo digitalaren bidea denon esku dagoela azaltzen digute bertan. Giltzarri nagusia etorkizunaren alde apustu egitea dela defendatzen du, hau da, guztiok izan dezakegu hazkunde arrakastatsu bat. Gainera, “e-raberritzea” modu erraz batean azaltzen du, beharrezkoak diren adibide eta gertakizunekin hornituz. Egitura berdina proposatzen du atal guztietan. Azkenik, kasu bakoitzaren negozio aukeren aurreikuspenak eta horiek errealitate bihurtzeko gainditu beharreko erronkak zerrendatzen dira.

Neurozientzia

Manuel Carreirasi egin dio elkarrizketa Berriak. Euskadi ikerkuntza saria emango diote laster. Hizkuntza garunean nola ernamuintzen den ulertzeko ahaleginean dabil ikertzailea. Garunari buruz gero eta gehiago dakigula dio. Carreirasek azaltzen duenez, lehen uste zen garunaren zati bakoitzak funtzio ezberdinak zituela. Gaur egun, ordea, ordenagailu baten antzekoa dela badakigu, oso konplexua. Neurokirurgian diharduten medikuei laguntza eskaintzen die. Hizkuntzan eragina duten burmuineko zatietan tumoreak daudenean. Esnatzen denean eta neurokirurgialariek garuna estimulatzen dioten bitartean, hainbat proba pasatzen dizkiogu, ebakuntzak utz ditzakeen nahigabeko ondorioak saihestu edo apaltzeko. Elebitasunak dakartzan abantailei buruz mintzatu da ere: “Elebidun izateak burmuinerako abantailarik badakarren? Ez. Horren atzean dagoen ustea da elebidunok etengabeko aldaketa egiten ari garela bi hizkuntzen artean, eta garunaren funtzio exekutiboa entrenatzen ari garela”.

Ingeniaritza eta materialak

Alaitz Etxabide ikertzaile gazteari egindako elkarrizketa daukagu irakurgai honetan. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan burutu zuen Industria Kimikaren Ingeniaritza Gradua. Ondoren, masterra egin zuen: Material Berriztagarrien Ingeniaritza, hain zuzen. BIOMAT taldean dabil orain, eta “Laktosaren gehikuntza bidez eraldatutako gelatinan oinarritutako materialak” da bere doktorego-tesia. Ikerketak elikagaiak ontziratzeko gelatinazko filmak sortzea du helburu, batez ere, existitzen den materiala ingurugiroan arazo nabarmenak sortzen dituelako. Etxabidek azaltzen du, egun merkatuan elikagaiak ontziratzeko gehien erabiltzen diren materialak petroliotik eratorritako plastiko sintetikoak direla: “Ez dira ingurugiroaren eraginez degradatzen eta ondorioz zabor bolumen handiak sortzen dira”. Etorkizunean merkatuan eskuragarria izatea espero dute baina argitzen du ezinezkoa dela laborategitik zuzenean jauzi hori egitea, saiakuntzak egin behar direlako tartean: “Egin beharreko aldaketa handiena, petroliotik eratorritako plastikoak gelatina bezalako material biodegradagarriez ordezkatzea da”.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.