Telerrehabilitazioa, etxean errehabilitatzeko nahierara

KiReS, Kinect Rehabilitation System, izeneko sistema berritzaile bat diseinatu eta garatu du UPV/EHUko David Antón ingeniari informatiko eta ikertzaileak. Sistema honetan ariketa berriak sar baitaitezke oso erraz eta horrez gain, ariketen ebaluazioa egiteko gai da ere algoritmo bati esker. Errehabilitazio-sistema honek gaur egungo telerrehabilitazio-sistemek dituzten mugak gainditzeko eta ezaugarri berriak lortzeko aukera ematen du.

Ondorio fisikoak eragin ditzaketen gaixotasunak eta istripuak dituzten pertsonek eraginkortasunez suspertu eta errehabilitatzeko erronkari aurre egin behar diote. Horregatik, nahitaezkoa da pazienteak etxean errehabilitatzeko aukera ematen duten sistema berri eta eraginkorrak ezartzea, patologia bakoitzaren araberakoak eta pazienteek erraz erabiltzeko modukoak.

telerrehabilitazioa

Irudia: UPV/EHUko ikertzaile batek telerrehabilitazio-sistema moldakor bat diseinatu du, Kinect teknologian oinarrituta. KiReS sistema honek, alterazio fisiko askotarako ariketak kargatzeko aukera ematen du.

“Gaur egun, jakina da telerrehabilitazio-sistemen funtzionalitateak mugatuta daudela. Askotan, sistemek dituzten ariketak oso mugatuak dira, eta ez da erraza izaten ariketa berriak sartzea; ez, behintzat, fisioterapeutak berak bakarrik egiteko moduan” azaldu du David Antón ikertzaileak.

KiReS telerrehabilitazio-sistemak osagai hauek konbinatzen ditu: Kinect teknologia, mugimendua atzitzeko gailu gisa (erabiltzaileak ez du sentsorerik izan behar gorputzean); interfaze interaktibo bat, pazienteak bideratzeko, ariketen denbora errealeko analisietan oinarritzen dena; denbora errealeko komunikazio bat, pazienteak eta fisioterapeutak harremanetan jartzen dituena Kinect-eko datuak transmitituz; eta pazienteentzat egokiak diren ariketak hautatzen laguntzeko filosofia.

Sistemak badu aplikazio bat fisioterapeutarentzat, zeinaren bidez erraz defini baititzake ariketa berriak, oinarrizko mugimendu batzuetan oinarrituta, eta, horrez gainera, ariketa berriak ebaluatzeko sistema bat dauka. Saioetan, fisioterapeutak terapia bat ezartzen du, pazienteak egin beharreko ariketa batzuez osatua. Terapia horiek ez dira estatikoak izaten, fisioterapeutak egokitu egiten ditu, bai ariketa berriak gehituz bai beste ariketa batzuk ezabatuz pazienteak lortzen dituen emaitzen arabera.

Pertsona bakoitzak ariketak nola egiten dituen aztertzeko lana errazagoa izan dadin eta, hala, terapia optimizatzeko, KiReS-ek aplikazio bat proposatzen du, terapiak automatikoki kudeatzeko. Pazienteek lortutako emaitzak aztertzen ditu aplikazioak, eta, aurretiko datu medikoetan eta protokoloetan oinarrituta, terapia-aldaketak proposatzen dizkio fisioterapeutari. Aldi berean, errehabilitazio-saioen segimendua egiten da, pazienteak egindako ariketak ebaluatzen eta ariketak behar bezala egin dituen ebazten duen algoritmo baten bidez.

Sistema malgua

Sistema garatu eta jarrerak, mugimenduak eta ariketak karakterizatzeko, fisioterapeutekin lankidetzan aritu da ikertzailea. Halaber, zenbait proba pilotutan testatu du telerrehabilitazio-sistema berritzaile hau, benetako erabiltzaileekin, eta ikertzaileak ziurtatzen du “tratamendu-programa konplexuak sortzeko tresna oso moldakorra” eskaintzen duela sistema honek, askotariko ariketak egiteko aukera ematen baitu, eta horrek errehabilitazio-prozesua atseginagoa izatea eragiten du, “erabiltzaileari gogobetetze-maila handiagoa eragiten baitio eta, hala, atxikimendu hobea baitu errehabilitazioarekiko”.

“Horrez gainera, Kinect teknologiaren aplikazioak onura ekonomikoak zein pertsonalak ekartzen ditu; izan ere, errehabilitazioa egiten duen pazienteak ez du fisioterapeuta-taldea dagoen tokiraino joan beharrik”, adierazi du Antónek. “Teknologia horrek aukera ematen du fisioterapeutak pazientea urrunetik monitoriza dezan, pazientearen bilakaera ebaluatzeko”, erantsi du.

Telerrehabilitazioko beste sistema batzuekin alderatuta, “KiReS askotariko tratamendu fisiko edo patologietara egokitu daiteke. Alterazio fisiko askotarako ariketak kargatzeko aukera ematen du, eta, hala, fisioterapeutek beren irizpideen arabera gehitu ditzakete beste ariketa batzuk”, adierazi du Antónek. Hori dela eta, ikertzaileak uste du tresna berri honek telerrehabilitazioko beste sistema batzuen mugak gainditzen lagunduko duela. Halaber, errehabilitazio-terapiak egiten dituzten pertsonen datu asko erregistra ditzake sistemak, hau da, erabiltzaileen suspertzeari buruzko informazio garrantzitsu eta xehatua. “Uste dugu datu horiek jakintza-iturri handia izan litezkeela fisioterapeutentzat. Eta, horren ondorioz, etorkizuneko ikerketetan, espero da datu horiek guztiak ustiatzeko aukera emango duen modulu berri bat garatzea”, dio.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Telerrehabilitazioa nahieran.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>