Asteon zientzia begi-bistan #110

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

asteon zientzia begi-bistan 110

Geologia

Ikerketa talde bat Zante irlatik gertu aurkitutako arrasto batzuk hondoratutako antzinako zibilizazio batenak ote ziren aztertzen aritu da. Badirudi topatutakoa orain dela bost milioi urte gertatutako fenomeno geologiko natural baten emaitza direla. Urpekari batzuek topatutako arrastoen artean ez zegoen kasu horietan agertzen den elementurik, zeramikako ontziak, besteak beste. Aurkitutako zutabe zirkularrak, adibidez, arruntak dira hidrokarburo iragazteen mineralizazioan. Zorupean sortu zen faila bat izan daiteke fenomeno horren abiapuntua. Hipotesi hori jarraiki, failak ez zuen itsas hondoko gainazala erabat hautsi, baina hari esker, zorupean metatutako gasek, eta batez ere metanoak, ihes egin zuten behetik gora. Ondoren, mikrobioen ekarpena etorri zen.

Medikuntza eta farmakologia

Down sindromea dutenentzako terapia farmakologiko bat garatu dute lehen aldiz eta tratamendu hori haien gaitasunak hobetzen dituela frogatu dute. DYRK1A izeneko gene baten gehiegizko espresioak zerikusia du Down sindromea dutenen memoria-galera eta norberaren kontrol eta autonomia eskasarekin. Hortaz, ikertzaileak saiatu izan ziren gene hori inhibitzen, memorian eta portaeran onura ekarriko zuelakoan. Gene-terapia bidez, onurak lortu zituzten saguetan, baina ez pertsonetan. Estrategia aldatu zuten, eta gene horren espresioa apaltzen duen konposatu bat probatzera jo zuten: EGCG. Ikertzaileek ondorioztatu dute hura eraginkorra dela Down sindromea duten boluntarioen epe laburreko memoria, ikasteko gaitasuna autokontrola eta autonomia hobetzeko.

Errezeptore opioideek espermatozoideen eraketa-prozesuan badute zeresana: EHUko ikerketa batek opioideen errezeptoreak espermatogenesian inplikatuta daudela argitu du. Zehazki zertaz arduratzen dira? Espermatogenesian zehar informazio genetikoa modu egokian banatzeaz arduratzen den makineriaren eraketa erregulatzen dute. “Ernalezintasun kasu askoren arrazoiak hobeto ulertzen eta bere aurkako dianak eta estrategia terapeutikoak garatzeko aukera berriak irekitzen lagundu dute”, adierazi du ikertzaileetako batek.

Medikuntza arloari jarraiki, honako albiste harrigarria dakarkigu Berriak: 3D inprimagailuen teknologia hasi da muturra sartzen medikuntzan. Adituek uste dute benetako iraultza gertu dagoela. Enpresa batzuek diote gai direla organoak hiru dimentsiotan inprimatzeko. Euskal Herriko zenbait ospitaletan hasi dira teknologia hori erabiltzen. Gurutzetako ospitalea kasu. Adibidez, toraxeko tumore baten inpresioa egin dute. Dagoeneko, badute beste proiektu bat esku artean: burmuin baten zuntzen banaketa, estruktura nolakoa den fisiologikoki aztertu ahal izateko, eta neurrira egindako modelo bat izateko.

Osasuna

Hesteetako mikroorganismoek obesitatean nola eragiten duten argitu dute. Horiek, azetatoa ekoitziz, eragiten dute obesitatean eta intsulinarekiko erresistentzian. Nazioarteko ikerketa talde batek ikusi du gantz askoko dietak saguen hesteetako mikrobiota eraldatu eta azetato gehiago ekoiztea eragiten duela, eta gantz-azido txiki horrek nerbio-sistema parasinpatikoa aktibatzen duela. Era horretan, grelina eta gastrina hormonen jarioa handitzen da (bi hormona horiek gosea eragiten dute).

Biologia

Zer gertatzen zaie etxetxoriei hotz daudenean? Oso potolo diruditela. Hotz egonda, lumak zabaltzen dituzte aire-geruza lodi bat sortzeko. Aire-geruzak inguratu egiten du ia gorputz osoa. Bero gehiegirik ez galtzeko hartzen itxura hori baina ez daude lodi. Etxetxoriak bezain txikian badira isolatzeko beharra handiagoa izango dute hegaztiek. Izan ere, gorputz txikien bero-galera, erlatiboki, gorputz handiena baino askoz ere handiagoa da.

Animaliekin jarraituz, artikulu honetan bero-galera izango dugu mintzagai. Hain zuzen ere, txerrien kasua ikusiko dugu. Txerriek galtzen duten bero kantitatea oso desberdina da lurzoru batean edo bestean. Lurzoru motak oso garrantzitsuak dira, ikerketa ugari egin dira horren inguruan. Adibidez, 1967an txerrikume jaioberrien bero-galerak neurtu zituen Mount ikertzaileak hiru lurzoru motatan: porlana, zura eta poliestirenozkoa. Porlanean zeudenean txerrikumeek bero-galera osoaren % 15 galtzen zuten eroapenaz, eta proportzio hori % 6raino, jaisten zen egurraren gainean; poliestirenozko lurzoruan are gehiago murrizten zen ukipenez galdutako beroa. Hortaz, bero-galera zoru motaren arabera aldatzen bada, hazkunderako geratzen zaien energia ere aldatu egiten da.

Biokimika

Vamos a contar mentiras liburuaren harira Bilbon izan zen asteazkenean Jose Manuel Lopez Nicolas biokimikaria (1970, Murtzia, Espainia). Emandako hitzaldian, zientziaren erabilera traketsa azpimarratu zuen. Bere asmoa da kontsumitzaileak errealitateetan oinarritzea produktuak erosten dituztenean eta ez mito edota gezurretan. Bere hitzetan: “Enpresa askok zientzia erabiltzen nahita dute bezeroa nahasteko, zientziak duen ospe ona baliatuz. Lengoaia zientifikoz inguratzen dira produktu horiek. Norbera libre da nahi duena erosteko, noski, baina informazioa eskura izanda”. Biokimikariak kontatzen du, besteak beste, merkatuan badirela produktuak mikronutriente baten kopuru txiki bat daukatenak: bitamina edo mineral bat, esaterako. Hori aitzakiatzat hartuta, publizitatean produktu horiek osasun kontu askotarako lagungarri direla esaten dute.

Energia berriztagarriak

Energia berriztagarriak Espainiako merkatu elektrikoan 2008-2013 bitartean izan zuen eragina aztertu du Cristina Pizarro-Irizar UPV/EHUko telekomunikazio-ingeniariak. Garai hartan % 69 handitu zen ekoizpen berriztagarria. Ikerketan ondorioztatu dute elektrizitate berriztagarriak aurrezpen handiak eragin zituela Espainiako handizkako merkatuan. Horrez gain, ikusi da energia-erregulazioa funtsezkoa dela sistema elektrikoa jasangarria bermatzeko. Egindako lanean hiru helburu izan ditu kontuan: energia berriztagarriari ezarritako pizgarri-sistemak eragin zuen kostu ekonomikoa kalkulatzea, kontsumitzailearen ikuspegitik; energia berriztagarriak ekoizle konbentzionaletan izan duen eragina ikertzea, merkatu-eskaintzaren ikuspegitik; eta eskaintzaren malgutasunaren arabera kostuak murriztuko lituzketen prezio-estrategia posibleak identifikatzea, merkatu-eskariaren ikuspegitik.

Teknologia

Konputazio kuantiko analogikoa unibertsalki digitalizatu dute EHUk eta Googlek. Elhuyar Aldizkariak azaltzen digunez, esperimentu aitzindari honetan bit kuantiko supereroaleak erabili dira konputagailu kuantiko analogiko bat digitalizatzeko, teknologia arruntean komunikazio-seinaleekin egiten den antzera. Horretarako, arazoa ate logiko kuantikoen sekuentzia batean deskonposatu da, eta orain arteko konplexutasun handieneko konputazio kuantikoa lortu da. Erabilitako estrategiaren bitartez, unibertsalki ebatzi ahal izango dira optimizazio-arazoak. Finantza-arloan edo material berrien eta farmazia-industriako produktuen diseinuan erabilgarria izango delakoan daude.

Astrofisika

Lurraren errotazio eta denborari buruz mintzo da Esteban Esteban Gaur egun, teknologia kontu batzuetan (GPS funtzionamenduan) eta fisika-esperimentuetan oso zehatz neurtu behar da denbora. Egunaren iraupena aldatzen denez, segundoarena ere aldatu egingo da. Hori konpontzeko, hiru arazo kontuan hartu behar direla aipatzen du: lehenik, argi geratu behar zaigu errotazioa finkoa dela, baina translazioa ez. Hori dela eta, egunen iraupenak ez dira berdinak. Batzuetan batez bestekoa baino segundo batzuk gehiago dira (asko jota 30 segundo), eta beste batzuetan segundo batzuk gutxiago. Bigarrenik: errotazioaren iraupena ez da finkoa. Lurrikarek, atmosferaren mugimenduek, prozesu geologikoek aldatzen dute hori. Baina segundoaren definizioa ezin da aldatu, oinarrizko konstante fisikoa delako. Eta lurrikara batek moteltzen badu denbora, bira ematerako orduan? Kasu horretan, pilatutako atzerapena segundo batekoa denean, segundo bat gehitzen da urtearen amaieran edo erdian. Hirugarrenari dagokionez, epe luzera sortzen ahal den arazoa aipatzen du: ilargiaren grabitate-erakarpenak itsasaldiak eragiten ditu, eta uraren mugimenduak, mendeko 0,0017 segundo murrizten du Lurraren errotazioa, mende bakoitzean. Azken galdera batekin amaitzen du: Zer gertatuko da milioi urte barru? Autorearen esanetan, eguna luzeagoa izango da, eta ordua, eta minutua ere. Segundoaren definizioa aldatu egin beharko da.

Ozeanoen Nazioarteko Egunaren harira, Euskal Herriko kostaldearen egoeraren erretratua egin dute urpekariek, biologoek, ingurumen adituek eta ekintzaileek. Philippe Bencivengo Surfrider elkartean uraren kalitatea neurtzen duen taldearen arduradunaren hitzetan Euskal kostaldeko ura kalitate onekoa da orokorrean. Arazoa euria egiten duenean sortzen da: “Ekaitzak daudenean, ia sistematikoki, bakterio kutsadura dago itsasoan”. Laginak ikertzen dituzte, eta produktu kimikoek eragindako kutsadura ere topatzen dute; hala nola, industria eta laborantzan erabiltzen diren pestizidak. Hondartzan botatzen den zakarraz ere mintzatu da: “Zigarreta asko botatzen ditu jendeak, esaterako. Horrek itsasoan daukan eraginaz ez dira kontziente herritarrak”. Lapurdiko kostaldean askotan jarri ohi dute bandera gorria eta ez beti itsasoa harroturik dagoelako, uraren kutsadura maila handia delako baizik.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.