Energia berriztagarria, onura eragile

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Energia berriztagarriak Espainiako merkatu elektrikoan 2008-2013 bitartean izan zuen eragina aztertu du Cristina Pizarro-Irizar UPV/EHUko telekomunikazio-ingeniariak. Garai hartan % 69 handitu zen ekoizpen berriztagarria. Ikerketan ondorioztatu dute elektrizitate berriztagarriak aurrezpen handiak eragin zituela Espainiako handizkako merkatuan, kostu baino onura gehiago eragin baitzituen sistema elektrikoan. Horrez gain, ikerketak ondorioztatu du energia-erregulazioa funtsezkoa dela sistema elektrikoa jasangarria bermatzeko.

Irudia: smgañsdgnañsdk
Irudia: Elektrizitate berriztagarriek aurrezpen handiak eragin dituzte handizkako merkatuan. Baina, energia-politikaren diseinua funtsezkoa da sistemaren jasangarritasuna bermatzeko.

Cristina Pizarro-Irizar UPV/EHUko telekomunikazio-ingeniariak Ekonomiako doktorego-tesia egin du UPV/EHUko Ekonomia Analisiaren Oinarriak II Sailean. Tesian egindako ikerlanak hiru helburu izan ditu: energia berriztagarriari ezarritako pizgarri-sistemak eragin zuen kostu ekonomikoa kalkulatzea, kontsumitzailearen ikuspegitik; energia berriztagarriak ekoizle konbentzionaletan izan duen eragina ikertzea, merkatu-eskaintzaren ikuspegitik; eta eskaintzaren malgutasunaren arabera kostuak murriztuko lituzketen prezio-estrategia posibleak identifikatzea, merkatu-eskariaren ikuspegitik. Horrenbestez, 2008-2013 bitartean energia berriztagarriaren ekoizpenak Espainiako merkatu elektrikoan zer eragin izan zuen aztertu du ikertzaileak, ikuspegi ekonomikotik, eta, horretarako, teoria ekonomikoa datu-analisiarekin eta simulazio-metodoekin konbinatzen dituen metodologia bat erabili du. Ikerketan energia berriztagarriaren egoerei buruzko ondorioak jasotzeaz gainera, sistemaren jasangarritasuna lortzeko kontuan hartu beharreko zenbait alternatiba posible proposatzen ditu ere.

Ikerketan ateratako ondorioen arabera, tarifa- eta prima-sistema ez zen jasangarria izan 2010etik aurrera (teknologia eolikoaren eta hidrauliko txikiaren kasuetarako izan ezik). Iturri berriztagarrietako elektrizitatearen eragin ekonomikoa zenbatu zuten, teknologien arabera sailkatuta, eta ondorioztatu dute energia berriztagarriak garestiak izan zirela, baina, adibidez, eolikoaren kasuan, “kostu baino aurrezki gehiago lortu zirela, baita pizgarrien sistemarekin ere —azaldu du Pizarrok—. Bestalde, ez zen lortu eguzki-energiari emandako pizgarriak itzultzea, hark sortzen zituen aurrezkietatik”. Ikertzaileak adierazi duenez, “zalantzarik gabe, energia berriztagarriak merezi izan du Espainian eragin duen kostua. Energia berriztagarriak kostu baino onura gehiago ekarri dizkio Espainiako sistema elektrikoari, eta erregulazioaren papera funtsezkoa da sistema jasangarria izan dadin, energia berriztagarriarekin lotutako kostuak gehiegizkoak izan baitaitezke okerreko erregulazioen ondorioz”.

Pizgarrien sistema egokiagoen beharra

Ikerketan agerian geratu da kostu hori txikiagoa izan zitekeela bestelako pizgarri-sistema bat erabiliz. Tarifa-sistema oro har garestia izan zela ikusirik (energia eolikoaren kasuan izan ezik), ordezko beste erregulazio-sistema batek Espainian zer eragin izan zezakeen aztertu dute: Ziurtagiri Berdeetan oinarritutako sistema. Hala, ondorioztatu dute 2009tik aurrera Ziurtagiri Berdeen merkatu bat askoz ere eraginkorragoa izango litzatekeela tarifatan eta primatan oinarritutako pizgarriak baino. Tarifa-sistema energia berdea ekoizteagatik diru-laguntzatan oinarritzen da; “ziurtagiri berdeen sisteman, berriz, energia berdeen ekoizle bakoitzari hainbat ziurtagiri esleitzen zaizkio, salgai jar dezakeen energia berriztagarriaren kantitatearen arabera —azaldu du—. Energia berderik ez duten ekoizleek edo kontsumitzaileek ziurtagiri horiek eros ditzakete eta, hala, ekoizpen berriztagarria finantzatu. Merkatura orientatutako sistema bat denez, ez du hainbesteko eraginkortasun-arazorik, autorregulatu egiten baita (eskaintza gutxiago dagoen unean, prezioa murriztu egin baitaiteke)”. Nolanahi ere, ikertzaileak dionez, ziurtagiri-merkatuaren erregulazio-parametroak behar bezala definitzen ez badira, sistemaren kostua tarifena eta primena baino handiagoa ere izan liteke.

Azterketaren beste ataletako batean, ikusi zuten energia berriztagarriek prezioari ez ezik, merkatuko beste partaide batzuen portaerari ere eragin zietela. “Ikusi dugu energia berriztagarriak Espainiako merkatu elektrikoan sartu zirenean, ziklo konbinatuko zentralek enkanteetako eskaintzen estrategia aldatu behar izan zutela —adierazi du—. Bi joera hauteman genituen: hasieran, merkatua lehiakorragoa bihurtu zen, 2009 eta 2010 bitartean; 2011tik aurrera, berriz, merkatu-kondizioen ondorioz (teknologia berriztagarri ugari egotea, tokiko ikatzaren erregulazioa eta emisioen salerosketen prezioak), eguneroko merkatuak erakargarritasuna galdu zuen ziklo konbinatuko sortzaileentzat, eta batzuk merkatuko partaidetza murrizten hasi ziren, prezio txikietan eskaintzen zen energia berriztagarriaren ondorioz”.

Kontsumitzaileen erreakzioa

Tesiaren, energia berriztagarriak izan duen beste eraginetako bat argitzen saiatu dira ere: teknologia berriztagarri batzuek izaten dituzten etenek eraginkortasun-arazoak eragiten dituzte, sistema elektrikoa gutxi erabiltzen denean. “Erabilera-denboran oinarritutako tarifa batzuk diseinatu ondoren —azaldu du—, ikusi dugu eskaintzaren malgutasuna behar bezain altua bada kontsumitzaileek elektrizitate-prezioen aurrean erreakziona lezaketela eta portaera-eredu eraginkorragoa izan lezaketela“. “Baldin eta kontsumitzaileak bere eskaera era eraginkorrago batean kudea badezake, energia berriztagarriek eragiten dituzten etenen arazoetako batzuk konpon litezke”, ondorioztatu du Pizarrok. “Zenbait tarifa proposatu ditugu, eta haien bidez bultza daitezke kontsumitzaileak energia berriztagarri gehiago dagoen orduetan kontsumi dezaten elektrizitatea”, erantsi du.

Tesiaren azken ondorio gisa, ikertzaileak adierazi duenez, ikerketan egindako kalkuluen arabera, “elektrizitate berriztagarriek aurrezpen handiak eragin zituzten handizkako merkatuan. Baina, energia-politikaren diseinua funtsezkoa da sistemaren jasangarritasuna bermatzeko“. Nabarmendu du, halaber, energia-politika zuzenak aplikatuz, energia berriztagarrien esportatzaile bihur litekeela Espainia. “Sektore elektrikoan aplikatu diren atzeraeraginezko neurriak oso kaltegarriak izan dira bai ekoizleentzat bai sektoreak nazioartean duen irudiarentzat —amaitu du—. Atzerriko inbertitzaile askok ez dute nahi Espainiako berriztagarrietan inbertitu gaur egun, Espainian dagoen ezegonkortasun juridikoarengatik”.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Energia berriztagarriak kostu baino onura gehiago eragin ditu Espainiako sistema elektrikoan.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.