Asteon zientzia begi-bistan #62

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Elizabeth Marchiondo eta Andrew Gillis
Argazkia: Elizabeth Marchiondo eta Andrew Gillis

Medikuntza, osasuna eta kimika

1990ean Gaitzaren Zama Globala (GBD, Global Burden of Disease) izeneko ikerketa jarri zen abian, gure planetako gizakien osasun arazoak zeintzuk ziren ulertzeko asmoarekin. Proiektuko arduradunek 1990etik 2013ra munduko 188 herrialdetan erregistratutako 28 minbizi motari buruzko datuak bildu dituzte eta Minbiziaren Zama Globala 2013 izeneko artikuluan argitaratu dituzte emaitzak. Datuek diotenez, minbiziaren inpaktua gero eta handiagoa da, herrialde garatuetan zein garabidean daudenetan. 2013an, esaterako, biriketako minbiziak eragin zituen gaitz honen kasu berri gehien. Zientzia Kaieran azaltzen digu Amaia Portugal kazetariak: Minbiziaren globalizazioa.

Kutsadurak eragina du gure osasunean. Airean hainbat kutsatzaile ditugu eta arreta berezia jarri behar diegu suspentsioan dauden partikulak baitira osasunerako kaltegarrienetakoak. Horien artean ditugu autoek isurtzen duten nitrogeno dioxidoa (NO2) eta PM10 eta PM2,5 multzokoak. Azken hauek 2,5 mikra baino gutxiagokoak dira eta euren tamaina txikia dela eta, gure gorputzean erraz sartzeaz gain, sakonago sar daitezke. EHUko ikerketa batek Gipuzkoako 638 emakume haurduni eta beren jaioberriei jarraipena egin die arestian aipatutako partikula kutsatzaileen eragina ezagutzeko asmoz. Emaitzek ondorioztatu dute kutsatzaileen eragin kaltegarria desagertu egiten dela bizitzako lehen lau hilabetetan amaren esneaz elikatzen diren jaioberrien artean. Berrian jaso ditu Juanma Gallegok datuak: Edoskitzeak haurtxoa kutsaduratik babesten laguntzen du.

Egun, 10.000 osagai baino gehiago erabiltzen dira kosmetikoak egiteko eta kontsumitzaileen segurtasuna bermatzeko ezinbestekoa da konposatuak aztertzea. Helburu hori abiapuntu hartuta, Josu Lopez-Gazpio kimikariak kosmetikoetan erabiltzen diren osagaiak aldi berean analizatzeko hiru metodo garatu ditu. Besteak beste, musketa-lurrinak, alergenoak, kontserbagarri antimikrobianoak, antioxidatzaileak eta argi ultramorearen iragazkiak analizatzeko metodoak garatu ditu disolbatzaile gutxi erabiltzen eta hondakin gutxi sortzen duen teknikan oinarrituta: elektroforesi kapilarra. Elhuyar aldizkarian eman digute ikerketa honen berri: Kosmetikoen osagaiak kuantifikatzeko metodo garbiagoak.

Astronomia

Egoitz Etxebestek espaziora eraman gaitu. Elhuyar aldizkarian kontatu digu nola Hubble espazio-teleskopioari esker Plutonen lau ilargi txikien hainbat ezaugarri ezagutzeko aukera izan dela. Laurak azken hamarkadan aurkituak izan dira eta oso gutxi ezagutzen zen haietaz, tamainaz oso txikiak zirela, gehien bat: Plutonen lau ilargi txiki bitxiak.

Naiara Barrado eta Itziar Garate astronomoek oraingoan gai lurtarragoak landu dituzte Zientzia Kaiera blogean. Jakin-mina piztu digute esanez minutu guztiek ez dituztela 60 segundo. Ez, horixe. Izan ere, ekainaren 30ean minutu batek 61 segundo iraungo du. Zergatik izango ote da? Segundo tartekatu bat gehituko diote gure erlojuari, ematen duen ordua denbora astronomikoarekin doitzeko. Izan ere, Lurrak modu egonkor baina ez guztiz konstantean errotatzen du bere buruaren eta Eguzkiaren inguruan. Konstantea ez denez denboraren neurketa desorekatu egiten zen eta 1967. urtean denbora neurtzeko metodoa aldatu egin zen eta askoz zehatzagoak diren erloju atomikoak erabiltzen hasi ginen. Baina arazo bat sortzen da ordea denbora neurtzeko bi metodo hauek aldaratzen ditugunean eta erloju atomikoei segundo bat gehitzen edo kentzen zaie denbora eskala fisikoa eta astronomikoaren hurbiltasuna bermatzeko. Horrenbestez ekainaren 30ean segundo tartekatu bat gehituko zaio egunari denboraren neurketa doitzeko.

Arkeologia eta historia

Santa Maria Katedraleko hainbat indusketa-lani esker Gasteizko hiriaren hastapenak ezagutzeko aukera izan dugu. Adibidez, orain jakin badakigu Gasteizen longhouse bat (etxe komunala) eta sutegi bat ere bazeudela. Lehena, baliabide ekonomikoak kontrolatzen zituen leinu edo familia-talde baten egoitza zen eta bigarrena, Gasteizko eta eskualdeko bizilagunen tresna-eskariei erantzuten zien errementariaren lantokia. Zientzia Kaieran dugu informazio guztia: Gasteiz hiriaren hastapenetako etxe komunala eta sutegia.

Historiak eta zientziak badituzte pasarte bitxiak. 1771. urtean Gustavo III. Suediako erregea sinetsia zegoen kafea osasun publikorako arriskua zela eta edari pozoitsua zela egiaztatu nahi izan zuen esperimentu baten bidez. Espetxean heriotzara kondenatutako bi anaia biki topatu zituzten erregeak kafeari buruzko teoria frogatzeko. Batek tea edango zuen egunean hirutan, besteak kafea. Bi sendagile izendatu zituzten bikiei osasun azterketak egiteko. Urteak joan ziren eta kafea edatera derrigortutako bikia sasoiko pasa zituen urteak eta tea edaten zuenak arinago zendu zen. Nagore Irazustabarrenak kontatzen digu Argia aldizkarian: Kafea kondenatzen saiatu zen erregea.

Matematika

Naiara Arrizabalaga matematikaria irakaslea eta ikertzailea da egun UPV/EHUn. Matematikak jakin-mina piztu zion gaztetan baina batez ere, ikasketen ari zela konturatu zenean zientzia guztien ostean matematika zegoela. Ondorioz, matematika ikasten hasi eta guztiz harrapatu zuen arloak. Egun disfrutatzen du irakaskuntzarekin baina baita ere ikerketarekin. Zientzia Kaieran ekarri digu Ana Galarragak matematikariaren esperientzia: Naiara Arrizabalaga: “Galdera bat egiten duzun unetik, erantzuna jakin nahi duzu”.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.