Asteon zientzia begi-bistan #133

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

nyhavn-1835610_1280

Internet

Gero eta goizago hasten dira haurrak Internet erabiltzen, Net Children Go Mobileren ‘Interneteko arriskuak eta aukerak eta gailu mugikorren erabilera Espainiako adingabeen artean (2010-2015)” txostenaren arabera. Bertan, Espainiako 9 eta 16 urte bitarteko 500 Internet erabiltzaile adingaberi eta haien gurasoei egindako inkestako datuak islatzen dira. Honen helburua, gailu mugikorrak konbergentzia mediatikoaren testuinguruan nola erabiltzen diren aztertzen da, egiaztatzeko ea gailu horiek Internetera konektatzeko erabiltzeak arrisku gehiago edo gutxiago dakarzkien 9 eta 16 urte bitarteko Interneten erabiltzaileei. Jarraian agerian utzi dituzten zenbait datu: eskola da Internetera sartzeko leku ohikoenetan bigarrena; haurrak gero eta goizago hasten dira Internet erabiltzen -9-10 urteko haurrak batez beste 7 urterekin hasi ziren Internet erabiltzen, eta 15-16 urteko nerabeak, berriz, 10 urterekin-; azterturiko aparatuen artean, gehientsuenek smartphoneak dituzte. UPV/EHUko EU Kids Online Ikerketa-taldeko Maialen Garmendia, Miguel Ángel Casado eta Estefanía Jiménez irakasleek eta Milaneko Sacro Cuore Unibertsitateko Giovanna Mascheronik eraman dute aurrera ikerketa.

Gauzen Interneta (Internet of Things) eta Big Datari (Datu Handiak) buruz mintzo da liburu hau. Mario Tascón eta Arantza Coullaut kazetari eta Interneten adituek idatzi dute liburua; bertan, argibide interesgarriak ematen dizkigu termino horien inguruan. Hasteko, horien arteko desberdintasuna azaltzen dute. Adituek diote Datu Handiak petrolioa direla eta gauzen Interneta berriz, petrolio hori prozesatzen den ekosistema.

Genetika eta Medikuntza

Tumoreen metastasiak gantzen metabolismoarekin zerikusia duela argitu du Bartzelonako ikerketa talde batek. Ikertzaileen arabera, minbizi zelulen ehuneko oso txiki batek baino ez du metastasia sortzeko ahalmena: % 1-% 5ek baino ez. Bada, orain jakin dutenez, haientzat gantza ezinbestekoa da. Ikerketak argitu du metastasia eragiteko ahalmena duten zeluletan besteetan baino askoz ere gehiago espresatzen dela CD36 izeneko genea. Bestalde, proteinak metastasiarekin duen erlazioa ere garbia dela frogatu dute, saguetan egindako esperimentuetan: tumoreari CD36 genea gehituz gero, gaiztoa bihurtzen da eta metastasia eragiten du; aldiz, inhibituz gero, metastasia ia desagertu egiten da.

Klima-aldaketa

Ziurrenik 2016 urterik beroena izango da. Bi ikerketek berretsi dute datu hori. Alde batetik, itsasoko izotzaren mapa egiten du Rasmus Tage Tonboek Danimarkako Meteorologia Institutuan. Hark ohartarazi du mundua azken hilabeteotan Artikoan gertatzen ari denaren inguruan. Urte luzeak darama datu horiek jasotzen, eta aurten, azkenean, lortu du prest izatea jendaurrean aurkezteko. “Aurten ohi baino askoz goizago apurtu zen izotza Artikoan, Baffingo badian eta Barents itsasoaren inguruan”, dio. “Izotzik gabeko ura asko berotu da udan, eta ohi baino askoz epelagoa egon da udan”, gehitu du. Horretaz gain, munduko klimaren orain arteko oreka amildegiaren ertzean dagoela ondorioztatu du Thomas Crowther Yale unibertsitateko (AEB) biologoak eta klima aldaketaren ekologian adituak. Bere ikerketa lanean esan duenaren arabera, planetaren tenperatura bi gradu igotzen bada, zorutik beste 55.000 milioi tona CO2 isuriko dira atmosferara 2050. urterako. Irakurri osorik artikulu interesgarri hau.

Osasuna

Hamaika ikerketa argitaratu dira tabakoaren inguruan. Batzuek pentsatzen dute gutxi erreta, kaltea ere txikia izango dela. Baina uste hori hankaz gora jarri du berriki ikerketa batek: egunean batez beste zigarroa baino gutxiago erretzen dutenek ere, heriotza goiztiarra izateko arrisku handiagoa (%64) dute, inoiz erre ez dutenek baino. Minbiziaren institutu Nazionalak (AEB)egin du ikerketa. AEBtako 290.000 lagun baino gehiagoren datuak baliatu dituzte lan honetan. NIH-AARP Elikadura eta Osasun Ikerketan parte hartzen duten pertsonekin osatu dute lagina. Parte hartzaileek 59 eta 82 urte arteanzituzten azterketa hasi zenean. Haien bizitzako bederatzi garaitan izandako erretze ohiturei buruz egin zitzaizkien galderak, 15 urte zituztenetik 70 bete arteko denboran. 290.000 laguneko lagin horretatik, erretzaileen artean, 159k adierazi zuten batez beste egunean zigarro bat baino gutxiago erre izan dutela beti, eta ia 1.500ek esan zuten egunean 1-10 zigarro erretzen dituztela. Emaitzek erakusten dutenez, egunean zigarro bat baino gutxiago erretzen dutenek %64 arrisku handiagoa dute heriotza goiztiarra izateko, inoiz erre ez dutenekin alderatuta. Zigarro bat baino gehiago eta hamar baino gutxiago erretzen dutenek, aldiz, %87 handiagoa. Heriotza goiztiar horren kausa zehatzei dagokienez, birikako minbizia da hautagai nagusia.

Astronomia

Helioskiametroa izan dute mintzagai artikulu honetan. Tresna horri esker jakin badakigu ez daudela berdinak diren bi egun. Bere egiturari dagokionez, helioskiametroak gnomon deritzon zutoina dauka eta haren goiko muturrean lente bat. Lenteak eguzkiaren irudi bat proiektatzen du lurrean eta horri esker ezagutu ditzakegu urtaroak, eguzkiaren deklinazioa eta altuera, eguneko argi orduen kopurua edota eguzkia nondik irten eta nondik ezkutatuko den. Artikuluak nola funtzionatzen duen azaltzen du eta informazio horrez gain, gertutik ezagutu nahi baduzue Helioskiometroa Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Arboretumean dago kokatuta. Egun eguzkitsuak dira aproposenak bisita egiteko eta zuen kabuz ikusteko tresna honen nondik norakoa.

Astronomia arloari jarraiki, ALMA teleskopioaren bidez, bi planetaren jaiotza behatu dute Atacamako desertutik. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu gure galaxian, baina eguzki-sistematik kanpo sortzen ari direla, HD 163296 izarraren inguruko hautsezko eta gasezko diskoetan. HD 163296 izarrak bi Eguzkiren adinako masa du. Izar gaztea da –duela 5 milioi urte sortu zen–, eta hautsezko eta gasezko 3 diska handi ditu inguruan: gertukoena izarretik 60 unitate astronomikoetara dago (unitate astronomiko bat Eguzkitik Lurrerako distatziaren parekoa da), eta beste biak 100 eta 160 unitate astronomikoetara. Ikertzaileek argitu dute orain arte ez zutela uste izarretik hain distantzia handira planetak eratzea posible zenik. Gainera, sortzen ari diren exoplaneta biak handiak dira

Emakumeak zientzian

Beulah Louise Henry asmatzailea izan dugu protagonista, 49 asmakizun patentatu zituen emakumea; hala ere, 110en egile dela uste da. Bere asmakizunen artean aurkitzen ditugu, izozkiak egiteko makina, poltsa bat tonu ezberdineko estalki trukagarriekin, oso perimetro txikian tolesten zen eguzkitakoa… Umeentzako ere asmatu zituen zenbait gauza. Hala nola, hitz egin zezaketen panpinak. Protografo bat ere asmatu zuen. Makina honetan idatzitako dokumentu beraren lau kopia aldi berean egin ahal zitezkeen, ikatz-papera edo multikopista erabili gabe. Objektuak asmatzeari dedikatu zion bizitza osoa Henryk. Ez galdu!

Biologia

Titikaka aintzirako uretan bizi den igelak ez du egiazko birikarik. Berezia da igel hori, ez baita anfibioa, urtarra baizik. Igel honek larruazaletik hartzen du arnasa; hau da, larruazala da oxigenoa hartzeko eta karbono dioxidoa kanporatzeko duen organo bakarra. Bitxia da bere larruazala, tolesdurez beteta dauka eta horiei esker, gasen trukerako azalera oso handia dauka, eta horrek konpentsatu egiten du oxigeno-urritasunaren eragina. Gainera, tolestura horiek mugituz, ur-korronteak sor ditzake inguruko ura berriztatzeko. Titikakan bizi den animalia hau gertutik ezagutzeko aukera ederra duzue artikulu honetan.

Sagu helduetan zelulak birprogramatuz zahartzea moteltzea eta bizitza luzatzea lortu dute Kaliforniako Salk Institutuko ikertzaileek. Zelulak partzialki birprogramatuta genomako marka epigenetikoetan eragin dute, eta gakoa hor dagoela uste dute. Zahartze goiztiarra eragiten duen mutazio bat duten saguak erabili dituzte ikerketan. “Ez dugu zahartze goiztiarra eragiten duen mutazioa zuzendu, epigenoma aldatuz eragin dugu zahartzean. Horrek iradokitzen du zahartzea prozesu plastikoa dela”, argitu du ikerketa zuzendu duen Juan Carlos Izpisua Belmonte ikertzaileak. Lehenengo aldia da zelulak birprogramatuz animalia baten bizitza luzatzea lortzen dena.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude