Beulah Louise Henry (1887-1973): Edisonen pareko asmatzailea

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Txikitan ikasi beharreko asmatzaileen zerrendan gizonezkoak agertzen ziren bakarrik: Leonardo Da Vinci, Thomas Edison, Nikola Tesla, Graham Bell, Benjamin Franklin. Gogoratzen dituzue? Gizon azkarrak, zalantzarik gabe, euren asmakuntzak ezinbestekoak izan baitziren gure gizartearen garapena ahalbidetzeko. Zerrenda jakin horretan inoiz ez nuen irakurri emakume baten izenik, lurrak irentsi izan balitu bezala, ala okerrago izan zitekeen; izan ere, zerrenda horretan ez egoteak baieztatzen zuen existitu ere ez zirela egin. Hori izan da emakumeen patua zientzia arlo gehienetan, baina batez ere, asmatzaileen munduan; gizonezkoak nagusi izan diren horretan.

Orain dela gutxi hasi gara asmatzaileen zerrenda hori puzten isilarazitako ahotsekin, eta hura betetzea xede izan dugunean, orduantxe gertatu zaigu gauzarik harrigarriena… gainezka egin digula orriak: Josephine Cochrane, Hedy Lamarr, Stephanie Kwolek, Sarah Mather, Ángela Ruiz Robles, Mary Anderson, Mary Phelps Jacob, Tabitha Babbitt, Marion O´Brien Donovan, Margaret Knight, Martha Coston, Melitta Bentz, Katherine Blodgett, besteak beste. Gogoan ditugu horiek guztiak, baina gaurkoan, Beulah Louise Henry izango dugu artikulu honen protagonista, 49 asmakizun patentatu zituen emakumea, 110en egile dela uste bada ere.

Irudia:
1. irudia: Beulah Louise Henry asmatzailea gaztaroan. Bizitzan zehar 100 asmakizun garatu zituela uste dute. Hainbat gauza asmatu zituen, bere sasoian “Lady Edison” ezizena jarri ziotela.

Henry autodidakta izan zen. Txikitatik diseinuak egiten zituen, oro har, etxean aurkitzen zituen objektu eta erremintenak. Oso goiz hasi zen patenteak lortzen. 1912an, adibidez, izozkiak egiteko makina bat asmatu zuen. Egitura isolatzaile batek inguratzen zuen izozkailu bat sortu zuen eta horrek ahalbidetzen zuen fabrikazio-prozesuaren azkartasuna, izotz gutxi erabiliz. Estatu Batuetan, Britania Handian eta Frantzian erregistratu zuen makina gozo hura. Urtebete beranduago, eta izozkiak alde batera utzira, poltsa edo zorroak deigarri gertatu zitzaizkion. Arropa desberdinekin batera janzteko, poltsa bat asmatu zuen tonu ezberdineko estalki trukagarriekin. Konpartimentu anitz zituen zorroak barruan, apaintzeko objektuez gain, idazketakoak ere sar zitezen. Oso perimetro txikian tolesten zen eguzkitakoa ere asmatu zuen. Objektu horrek, baina, sorpresa bat gordetzen zuen: heldulekua desmuntagarria zen eta makillaje estutxe gisa balio zuen. Britania Handiak eta Kanadak ez zuten segundo bat ere galdu asmakuntza hori berauen herrialdetan saltzen hasteko.

1919. urtean, New Yorkera joan zen bizitzera. Bere garunak ez zuen erretiroa hartu, asmatzen jarraitu zuen, argiaren etengailua inoiz itzali ez balitzaio bezala. 1921ean, Henry Umbrella & Parasol Company enpresa sortu zuen, eguzkitakoekin zerikusia zuten asmakizun horiek merkaturatzeko asmoz. Salmenta arrakastatsua izan zen: 50.000 dolar lortu zituen Henryk. Gerora lokal batean inbertituko zituen, laborategi bat sortzea baitzuen helburu. Langileak kontratatu zituen ere; mekanikoek, maketistek eta artisauek osatu zuten lan-taldea. Hain izan zen handia lorturiko arrakasta, ezen Scientific American aldizkari famatuak 1924ko asmatzaile esanguratsuen artean aipatu zuela.

2. irudia:
2. irudia: Beulah Louise Henry 1927. urtean asmatutako panpinarekin, busti zitekeen lehen panpina, benetako haur baten antza izan zuen lehena. (Argazkia: Victoriana Magazine)

Eguzkitako eta aterkiez aparte, Henryk umeentzako jostailuak egin zituen ere. Adibidez, 1925ean, material-higienikoekin estalita zegoen panpina bat patentatu zuen, ura jasaten zuena, gainera. Barne egiturari dagokionez, malgukiek osatzen zuten panpina. Horri esker, jarrera desberdinak imitatzen ahal zituen, berriz hasierakora bueltatzeko. “Irrati-panpina” bat ere sortu zuen, jostailurik sofistikatuena une hartara arte; izan ere, umeei asko gustatzen zitzaien hitz egin zezaketen panpinak. Jostailuak sortzea oso gustuko zuen Henryk. Beste batzuk aipatzearren, behin uretan erabiltzeko jostailu bat sortu zuen, txakur baten antza zeukan aparatu puzgarri bat. Aipagarria da 1935. urtean begiak mugitzen zitzaizkion panpina bat sortu zuela. Asmakizun horren ostean, ‘Miss Illusion’ merkaturatzen hasi zen. Botoi bati sakatuz, begien eta ilearen kolorea aldatzen ahal zitzaion, soinekoa biratzeaz gain.

Umeen entretenimendua eta produktuen erosotasuna bilatzen zuen emakume asmatzaileak. Moda, jostailuak eta azkenik, bulegoen mundua. 1932 eta 1937 artean, “protógrafo” izeneko aparatua sortu zuen. Horri esker, makinan idatzitako dokumentu beraren lau kopia aldi berean egin ahal zitezkeen, ikatz-papera edo multikopista erabili gabe. Suitzan ere erregistratu zen. 1936an, josteko makina mota baten patentea lortu zuen. 1939an, Nicholas Machine Works Company enpresan kontratatu zuten eta 1955.urtera arte egon zen lanean bertan. Asmakizunik bitxiena, baina, hauxe izan zen: 60ko hamarkadan injekzio bidezko labe elektrikoa. Elikagaiek beraiek isurtzen zuten zukuarekin janaria prestatzean zetzan. 83 urterekin asmatu zuen azkena: gutun azalak modu desberdinean egiteko metodoa babestu zuen.

Objektuak asmatzeari dedikatu zion bere bizitza Beulah Louise Henryk, bere zerrendako kideek egin zuten bezalaxe: Elizabeth Arden, Hélène Dutrieu, Margarita Salas Falgueras, Ángela Ruiz Robles, Elsa Schiaparelli, Celia Sánchez-Ramos Roda, Elizabeth Magie Phillips, Maria Montessori, Ada Lovelace, Ida Tacke-Noddack…


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.