Itsasargia, Antzinarotik bide-erakusle

Itsasargiak, Antzinarotik, segurtasuna eman dio nabigatzaileari, lehorrera iristeko bidea erakutsi dio. Egun, teknologia berriak egonagatik, beren eginkizuna betetzen jarraitzen dute eta horietako asko ondare balio handiko osagaiak dira. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Santiago Sanchez Beitia irakaslearen ustez, “jarduneko itsasargi batek soilik du balioa Industria Ondarearen osagai gisa. Printzipioz, berdin dio jarduneko itsasargiak azken belaunaldiko teknologia ala XIX. edo XX. mendetako teknologia erabiltzen duen. Jardunean egotea, bere zioa den eginkizuna betetzen jarraitzea da gakoa. Bere erabilerarengatik edo erabilgarritasunarengatik soilik izango da baloratua eta kontserbatua”.

Irudia:UPV/EHUko ikerketa talde batek egindako lanaren arabera, arkitekturaren, teknologiaren eta gizartearen ikuspegitik ondare balioren bat duten 130 itsasargi daude Espainiako kostaldetan, jardunean dauden 191 itsasargien artean.

Ondokoak dira itsasargi baten osagaiak: lanparak, leiarrak edo ispiluak, biratzeko eta distiratzeko makineria, eraikuntzak, dorreak eta etxebizitzak. Ur-tanga bat darama ere beti, bai eta biltegi gisa erabiltzen diren eraikuntza isolatu txikiak ere. “Bere kokapen inguruaren eta tokiko gizartearen memorian txertatuta dagoen multzo bat da, bertako ekonomiaren mantentzeari lagundu baitio. Ondorioz, Industria Ondarea zehazten duten kontzeptu guztiak betetzen ditu. Halere, Industria Ondare gisa hartzen ditugun beste osagai batzuengandik bereizten da, bere azalpena egin ahal izateko osagai teknologikoak, eraikuntza osagaiak eta gizartean izan duten eragina aintzat hartu beharra baitago, guzti hori jardunean eta errendimendu handienean. Lehenak XIX. mendeko hasieran egondako teknologia aurrerapenen ondorio dira eta indarrean diraute egun. Bigarrenak, askotan, egiazko arrandiak dira beren ausardiarengatik; itsasargia hartzen duen orubea, sarritan, egun ere eraikuntza zailtasun itzelak agertzen dituzten inguruetan kokatua dago. Ohikoa da mendi-hegalean, itsas mailatik 100 metrora dauden eta sarbide malkartsua duten itsasargiak aurkitzea.

Itsasargiak berebiziko eragina izan du Espainiako garapen ekonomikoan. Askotan, tokiko talde ezberdinek eskatuta eraikitzen ziren, portu bat, salgaiak trukatzeko leku bat seinaleztatu beharra zegoelako edo orografiaren gorabehera bat seinaleztatzeko nabigazioa errazteko xedearekin; honela, inguruko produktuen edo lehengaien -meatzaritza bereziki- esportazioa sustatzen zuten. Bestetan Europako herrialdeak ziren, Frantzia eta Ingalaterra bereziki, itsasargiak eraikitzea eskatzen zutenak, beren merkantzia ontziak Espainiako kostaldetan zehar egiten zituzten bidaietan babestu ahal izateko. Espainiako portuek eta nabigazioak herrialdearen ekonomian urtetan zehar izan duten eragina kuantifikatzea ahalbidetzen duten datu ekonomikoak daude eskuragarri”, azaldu du UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Santiago Sanchez Beitia irakasleak.

Lehen itsasargien plana XIX. mendeko erdialdera egin zen, iragan mendeko amaieran Erresuma Batuan hasitako ‘Industria Iraultzaren’ iritsierarekin bat. “Garai hartako aurrerapen teknologikoek lehen makinen eraikuntza ahalbidetu zuten eta hauek bilakaera azkarra bizi izan zuten, beren ezaugarriak asko hobetuz. Itsasargiek teknologia berria barneratu eta itsasargi asko eraiki ziren. XIX. mendeko erdialdea baino lehen, portuak eta orografiaren gorabeherak seinaleztatzeko erabiltzen ziren dorreak aipatzen zituzten historia tratatuek. Dorre horiek suaz eta lanpara landu gabeez baliatzen ziren beren seinalea bidaltzeko. Nabigatzaileek eta kostaldeko herriek zuten behar hori industria iraultzaren hazkunde ekonomikoaren ondorioz biderkatua izan zen. Itsasargiaren beste ‘balio’ batekin egin dugu topo, horrenbestez: ekonomiaren garapenari eta, ondorioz, gizartearen ongizateari eman zion bultzada”, jarraitu du Sanchez Beitia irakasleak.

Itsasargi batek, baina, sistema osoa martxan jarriko zuen langile baten beharra zuen. “Aipatua, itsasargiaren osagai ordezkaezina zen. Bere lanpostuarekin zuen lotura erabatekoa zen, bertan bizi baitzen, inguruan gertatutako guztia pairatuz. Hondoratze, ekaitz handiak eta antzekoak azaltzerakoan farozainek jokatu zuten papera nabarmentzen duten idatzi asko daude. Foruzainak eta dorrezainak unitate bat osatzen zuten, zentzugabea zen bata bestea gabe. Itsasargien automatizazioaren ondorioz, ogibide hau desagertzeko zorian dago. Itsasargien historian zehar eta egun arte izan duten bilakaeran izan duten funtsezko paperaren oroitzapena, halere, betirako kontserbatuko da. Dorrezainaren, farozainaren edo seinale teknikariaren eginkizunetako bat zen, besteak beste, hiru ‘liburu’ ezberdin betetzea egunez egun: Zerbitzu Liburua, Komunikazio Liburua eta Agindu Liburua. Horietan, ondokoak idazten ziren eskuz: zerbitzuaren eguneroko gertakizunak, goi-mailako agintariekin partekatutako komunikazioen laburpen bat, itsasargian egindako ordezkapenak edo konponketak, bai eta eguraldiaren parte labur bat ere. Idatzizko dokumentu horiek arkitekturaren, teknologiaren eta gizartearen ikuspegitik duen balioari gehitzen zaion Balio Dokumentala osatzen dute”.

Itsasargien katalogoa

Santiago Sanchez Beitiak zuzentzen duen ikerketa taldeak ‘Ondare Balioa duten Espainiako Itsasargien Katalogoa’ osatu du. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Kulturako Estatu Idazkaritzaren mende dagoen Espainiako Kultura Ondarearen Institutuaren bitartez 2016an finantzatu duen lan honetan gai guzti horiek zehazten saiatu dira itsasargi bakoitzari dagokionean, eta fitxa bana osatu dute ondare balioa duen 130 itsasargi bakoitzerako. “Sustapen Ministerioko Estatuko Portuak erakundearen laguntza izan dugu gure lana egiteko. Arkitekturari dagokionean konposizio tipologia gutxi aurkitu ditugu eta XIX. mendeko erdialdera garaturiko hasierako teknologia hori gure kostaldetako itsasargi askotan oraindik erabiltzen dela ikusi ahal izan dugu. Sortu dugun dokumentu fondoa mantendu beharko litzatekeen ondare bat kontserbatzeko eta zaharberritzeko programa bat garatzeko oinarria izan liteke”, gaineratu du amaitzeko.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Itsasargi batek jardunean egonda soilik du ondare balioa.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>