Norberaren gustuak askotarikoak izanda ere, jende gehienak onartuko du antibioerresistentzia hitza ez dela batere polita. Ez dirudi, bada, poesia bat abiatzeko modukoa. Baina terminoaren atzean dagoen paisaia are itsusiagoa da. Antibiotikoen aurrean lasai asko mantentzen diren bakterioei esaten zaie antibioerresistente, eta mundu mailako arazoa bihurtu da egun.
Zifrek arazoaren tamainaren berri ematen dute. Antibioerresistentzia dela eta, mundu osoan urte bakoitzeko 700.000 lagun hiltzen direla kalkulatzen da, baina etorkizunari begira egiten diren aurreikuspenak ere ez dira poztasuna pizteko modukoak. Gaur egun dauden erresistentzia ratioak % 40 handitu litezkeela kontuan hartuz, 2050. urterako hildakoen kopurua urteko 10 milioikoa izatera pasa litekeela uste du Europako Batzordeak. Egun, Europako Batasunean urtero 25.000 lagun hiltzen dira antibioerresistentzia duten bakterioen ondorioz. Europako Batzordearen arabera, 2000 eta 2010. urteen artean antibiotikoen kontsumoak % 40 gora egin du.
Gaiaren inguruko arreta pizteko, OME Munduko Osasun Erakundeak botiken aurrean erresistentzia duten bakterioen zerrenda argitaratu du, aurrenekoz. Zerrenda horrekin antibiotiko berrien garapena bultzatu nahi du nazioarteko erakundeak.
Zortzi zientzialariez osatutako batzorde batek 70 adituren laguntza izan du aukeraketa egiteko, baina aurreiritzietan sustraitutako alborapenak ekiditeko, kolaboratzaile hauei patogenoen inguruko datuak baino ez dizkiete luzatu, bakterioen izenak aipatu gabe.
Horrela, adituek hamabi bakterio edo bakterio familia sailkatu dituzte otsailaren amaieran argitaratutako zerrendan. Klasifikazioa erraztu aldera, hiru mailatan banatu dituzte bakterioak: arrisku ertainekoak, arrisku handikoak eta, lehen postuan, “kritikotzat” jotzen direnak.
Ardura bereziko lehen maila horretan daude antibiotiko askoren aurreko erresistentzia garatu duten bakterioak. Bakterio gram negatiboak dira horiek, mikrobiologoen hizkeran. Biologoek gram positiboak eta negatiboak bereizten dituzte, tindaketa baten ostean mikroorganismoek hartzen duten kolorearen arabera. Bakterio gram negatiboek mintz zelular bikoitza dute eta, ondorioz, zailagoa izaten da horien barruan botikak sartzea.
Lehen postuan Acinetobacter baumannii bakterioa dago. Ospitaletan bereziki zabaltzen den patogenoa da, eta, bereziki, gaixotasun batek jota dauden lagunengan eragiten du. Bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren, Pseudomonas aeruginosa bakterioa eta Enterobacteriaceae familia kokatu dituzte. Familia honetakoak dira, besteak beste, Escherichia coli ezaguna eta Klebsiella, Serratia eta Proteus bakterio generoak. Hauek ere infekzioak eragiten dituzte ospitaleetan, eta karbapenem motako antibiotikoekiko erresistentzia garatu dute.
Zerrenda osatzen duten beste bakterio ezagunak daude, hala nola Staphylococcus aureus (azalean eta odolean infekzioak eragiten ditu, eta pneumonia eragiteko gai da), elikadurari loturiko Salmonella (beherakoak eragiten dituena) edota Helicobacter pylori (urdailean ultzera eta minbizia eragin dezakeena).
OMEk nabarmendu duenez, tuberkulosia eragiten duen bakterioa (Mycobacterium tuberculosis) ez dute zerrendan sartu, horren inguruko beste programa bat martxan dagoelako. 2014ko datuei erreparatuz, urte horretan tuberkulosiak 9,6 milioi pertsona gaixotu zituen munduan, eta horietatik 1,5 milioi lagunek bizitza galdu zuten. Orotara, urte horretan erresistentzia garatu zuten 480.000 kasu atzeman ziren munduan.
Merkatu falta
OMEko Osasun Sistemak eta Berrikuntza Saileko zuzendari Marie-Paule Kieny doktorearen hitzetan, “dauden aukera terapeutikoak agortzen ari gara. Botika hauen garapena merkatuaren indarren esku soiletan utziz gero, urgentzia gehienarekin beharrezkoak ditugun antibiotikoak ez dira garaiz helduko”.
Kienyren arabera, “denbora tarte laburrez erabili ohi diren botikak dira antibiotikoak”, eta, horregatik, botiken negozioan aritzen diren enpresek nahiago dute jotzea epe luzeetan erabiltzen diren botiketara: adibidez, gaixotasun kronikoetan erabiltzen direnak. “Hauetan, inbertsioaren itzulera askoz handiagoa da”, ohartarazi du adituak OMEk zabaldutako ohar batean.
Bestetik, eta askotan ahazten bada ere, fenomeno ebolutibo naturala dago arazoaren muinean. Infekzio bat antibiotiko baten bitartez kontrolatu nahi denean, botika horren aurrean ahulagoak diren mikroorganismoak hilko dira, baina nolabaiteko erresistentziarako joera dutenak bizirik mantenduko dira, eta hurrengo belaunaldietako bakterioek ezaugarri horiek jasoko dituzte.
Horregatik, premiazkoa da dosi zehatza ondo kalkulatzea. Beharrezkoa den baino antibiotiko gehiago kontsumituz gero, patogenoek botikari aurre egiteko aukera gehiago garatuko dute. Baina kontrako arazoa ere badago: dosi baxuegia jasotzea, hain zuzen. OMEk berak onartu duenez, zenbait herrialdetan kalitate baxuko botiken erabilerak arazoa areagotu dezake, beharrezkoa den baino dosi gutxiago duen tratamendu batek antzeko erresistentzia eragingo duelako mikroorganismoetan.
Abereak, jomugan
Abereengan egiten den erabilera okerra ere salatu du, behin baino gehiagotan, OMEk. Izan ere, gaur egun abeltzaintza da antibiotiko gehien kontsumitzen duen sektorea. Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, antibiotikoen % 80 doa abeletxeetako animaliengana, haien hazkuntza sustatzeko eta gaixotasunen agerpena ekiditeko. Abereei lotutako botiken kontsumo hori, gainera, gorantz joango omen da mundu osoan. 2030 urterako % 67 handituko dela aurreikusten dute adituek.
Hortaz, erraza da gizakiengana igarotzea, eta munduan zehar barreiatzea. Horren adibide dugu azken urteotan E. coli bakteriari lotutako mcr-1 izeneko genearekin gertatutakoa. Kolistina antibiotikoaren aurrean erresistentzia ahalbidetzen duen gene hau 2015ean topatu zuten, aurrenekoz, Txinan hazitako txerriengan, baina aurten Los Angelesen (AEB) azaldu da, antibiotikoen tratamenduari erantzuten ez zion pertsona batengan.
Ideia berriak zabaltzeko eta arazoei irtenbide komunak bilatzeko hauspoa izan daiteke globalizazioa, baina -eta beraiek ohartu ez badira ere-, patogenoak globalizazio horri etekina ateratzeko prest daude ere.
Zerrenda osoa
Lehentasun “kritikoa”
- Acinetobacter baumannii
- Pseudomonas aeruginosas
- Enterobacteriaceae familia
Lehentasun “altua”
- Enterococcus faecium
- Staphylococcus aureus
- Helicobacter pylori
- Campylobacter generoa
- Salmonellae generoa
- Neisseria gonorrhoeae
Lehentasun “ertaina”
- Streptococcus pneumoniae
- Haemophilus influenzae
- Shigella generoa
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] bakterioak dira ugarienak. Horien artean kezka gehien sorrarazten dutenak antimikrobianoen aurkako erresistentziak garatu dituztenak dira, metizilinarekiko erresistentea den Staphylococcus aureus bakterioa (MRSA), […]