Lurpetik erauzitako altxor ikusezina

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Historiaurreko material genetikoa sedimentuetan bertan eskuratzea lortu dute aurrenekoz, bestelako hezur edo material organikoren beharrik izan gabe. Giza eboluzioaren eremuan eta, oro har, iraganaren ezagutzan iraultza ekar dezake teknika berriaren garapenak.

Lanean ari direnean, arkeologoek lurra mugitu eta bertan arrastoak bilatzen dituzte. Ohikoa da, beraz, horiek buru-belarri lanean ikustea, objektuak bilatzen eta lurra edo hondarra alboratzen. Paleontologoek, berriz, arreta gehiago jartzen dute material horietan, batez ere mikrougaztunen hezurrak bilatzen ari direnean. Besteak beste, hezur puska ñimiñoek estratu zehatz horri dagozkion animaliak zeintzuk ziren jakiteko aukera ematen diete, eta iraganeko klimak berreraikitzeko bereziki baliagarria da informazio hori. Halere, horiek ere normalean baheak erabiltzen dituzte hezurtxoak eskuratzeko, eta soberan dagoen hondarra alboratzen dute.

Hemendik aurrera, ordea, gauzak alda daitezke. Izan ere, azken urteotan maiz gertatu izan den bezala, genetika berriro ere bete-betean sartu da aztarnategietan. Aspaldian bizi izan ziren gizaki eta animalien antzinako DNA berreskuratzeak benetako iraultza ekarri du, gure arbasoen inguruko informazio mordoa emanez. Denborarekin, teknikak asko findu dira, eta, horri esker, inoiz ez bezalako leihoa irekita dago iraganari. Zaila dirudi irudikatzea leiho hori are zabalagoa izan daitekeenik. Baina hala dela dirudi.

Nazioarteko zientzialari talde batek Science aldizkarian ezagutzera eman duenez, sedimentuetan antzinako DNA eskuratzea ahalbidetzen duen teknika garatzea lortu dute. Orain arte, ordea, hezurretan baino ezin zen antzinako DNA eskuratu. Aurrerapausoa, beraz, nabarmena da.

Denisovako gizakia
1. irudia: Asturiasen (Espainia) dagoen El Sidrongo haitzuloan ere ikerketa honetarako laginak hartu dituzte. (Argazkia: Joan Costa/CSIC)

Europako eta Asiako zazpi haitzulotan aurkitutako sedimentuen analisian oinarritu da ikerketa. Guztira 85 lagin aztertu dituzte, duela 550.000 eta 14.000 urte artekoak. Espainian, Frantzian, Belgikan, Kroazian eta Errusian daude aztarnategiak. Material gehiena (52 lagin) Siberian dagoen Denisovako aztarnategian hartu dute.

Denisovako gizakia

Errusiako haitzulo hori bereziki garrantzitsua da, 2010ean Denisovako gizakia identifikatu zutelako bertan. Orduan egin ziren analisi genetikoek erakutsi zutenez, giza espezie berri hori gertuago zegoen neandertalekiko gizaki modernoekiko baino.

Haitzuloan neandertalen zein denisovanoen gizakien hezurrak topatuak dira, eta horien arabera abiatu dira orain arteko ikerketak. Teknika berri honi esker, baina, adituak gai izan dira espezie bakoitzari dagokion estratu maila zehazteko. Bi hominido espezieek haitzuloa txandaka erabili zutela argitu dute oraingoan. Era berean, haitzuloa okupatu zuten lehenak Denisovako gizakiak izan zirela ondorioztatu dute.

Max Planck Institutuan lan egiten duen Matthias Meyer antropologoak zuzendu du ikerketa. Azken urteotan paleogenetikaren arloan egin diren nazioarteko beste ikerketa askotan bezala, Carles Lalueza Fox eta Svante Paabo genetistek parte hartu dute azken lan honetan ere.

Berreskuratutakoa DNA mitokondriala izan dela nabarmendu beharra dago. DNA gehiena zeluletako nukleotan dago, baina zati txiki bat mitokondrietan dago ere. Hau bereziki garrantzitsua da espezien eboluzioa jarraitzeko, DNA mota hori aldagarriagoa baita, eta, gainera, ama leinuaren bitartez baino ez baita transmititzen (obuluetan espermatozoideen nukleoa baino ez da sartzen, eta aitaren DNA mitokondriala, beraz, ez da lagatzen). Gainera, genetistek badakite kalkulatzen gutxi gorabehera DNA mitokondrialean izaten den mutazioek denboran zehar zenbatean behin ematen diren. Horren arabera, leinu bakoitza noiz sortu zen jakin dezakete.

Denisovako gizakia
2. irudia. Denisovako koban (Errusia) topatutako laginei esker, 2010ean Denisovako gizakia deskribatu zen (Argazkia: Antropologia Ebolutiboaren Max Planck Institutua)

Halere, DNA nuklearrak askoz informazio gehiago ematen du, eta zientzialariek gustura jasoko lukete hori ere. Etorkizunean teknikak genoma nuklearrak berreskuratzeko bidea irekiko duela espero dute ikertzaileek. Hori lortzea, ordea, ez da erraza izango, zeluletan mitokondria asko daudelako baina nukleo bakarra.

Elikaduraren erakusle

Gizakiez gain, animalien arrasto genetiko ugari ere atzeman dituzte haitzuloetan. “Megafaunaren DNAk iraganeko hominidoek zuten elikaduraren inguruko informazioa eman dezake”, azaldu du Carles Lalueza-Foxek, Bartzelonako Eboluzioaren Institutuko ikertzailea, CSICek zabaldutako ohar batean. “Berreskuratutako DNAren jatorria bertan egindako kakak edo kobazuloetan deskonposatu ziren gorpuak izan direla uste dugu”.

El Sidrongo haitzuloan izan ezik, gainerako aztarnategietan beste ugaztunen DNA mitokondrialaren arrastoak topatu dira. Guztira, 12 familia ezberdin bereizi dituzte: besteak beste, mamut iletsua (Mammuthus primigenius), errinozero iletsua (Coelodonta antiquitatis), leizetako hiena (Crocuta crocuta spelaea) eta leizetako hartza (Ursus ingressus) identifikatzeko gai izan dira. Horrez gain, ekidoak, bobidoak, zerbidoak eta kanidoak ere topatu dituzte.

Ikertzaileak gai izan dira bereizteko antzinako DNA eta DNA modernoa, antzinakoak degradazio marka zehatzak dituelako. Horrek asko erraztuko du material genetikoa bereiztea jantzi berezirik gabe egiten diren indusketetan (CSI moduko telesailetako buzo zuri horiek), eta orain arte arkeologoek nahigabean egiten duten “kutsadura” genetikoaren arazoari irtenbidea eman diezaioke.

Aurrera begira irekitzen diren ateak ere zabalak dira. Batetik, beste ugaztunen inguruko informazioa eskuratzeko bidea emango du teknika honek. Bestetik, bereziki zenbait aztarnategitan, berrazterketak abiatzeko aukera izango da. Hau bereziki garrantzitsua izango da zalantzagarriak diren aztarnategien kasuan. Duela gutxi, adibidez, izugarrizko polemika egon da Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileek esan dutenean San Diegoko (Kalifornia, AEB) Cerutti Mastodon aztarnategian duela 130.000 urteko giza jardueraren arrastoak topatu dituztela. Arazoa da giza aztarna fisikorik ez dagoela inguruetan, eta harrien erabileran eta hezurrak apurtu ziren eran sustatu behar izan dute aurkikuntza. Teknika berriarekin, ordea, posible izango litzateke argitzea bertan gizakiak izan ote diren eta, era berdinean, gizaki horiek zein espeziekoak ziren argitu liteke ere.

Erreferentzia bibliografikoa:

V. Slon et al. (2017). Neandertal and Denisovan DNA from Pleistocene sediments. Science, 356 (6338), 605-608. DOI: 10.1126/science.aam9695


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.