Glaziarren gainbeherak nazioarteko segurtasunean eragin dezake

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Mundu osoan, glaziarrak urritzen ari dira klima-aldaketaren ondorioz. Horietako batzuk bereziki garrantzitsuak dira nekazaritza eta industriarako; Erdialdeko Asian, esaterako, 800 milioi lagun inguru horiei lotuta daude.

1. irudia: Baltoro glaziarra, Pakistanen. (Argazkia: Guilhem Vellut /CC-BY-SA-2.0)

Paisaia ederrak marrazten dituzte, eta, ekosistemetan, funtsezko rola betetzen dute ere. Baina, horrez gain, zenbait lekutan populazioaren biziraupenaren berma izan daitezke. Munduko populazio gehien duen kontinentean –hamar lagunetik sei asiarrak dira orain-, glaziarrak ezinbestekoak izan daitezkeelako bertako segurtasuna mantentzeko.

Horregatik, politikariek, ekonomialariek, militarrek eta zientzialariek interes handiarekin begiratzen dute bertako glaziarren egoera. Beste inon ez bezala, zientzia eta politika, ezagutza eta etorkizuna, eskutik helduta doaz Asian.

Hamish Pritchard glaziologoak Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek Erdialdeko Asian dauden mendilerroetan -Himalaia, Hindu Kush, Karakorum, Pamir, Kunlun eta Tian- dauden glaziarren garrantzia kuantifikatu du aurrenezkoz.

BAS British Antartic Survey erakundean lan egiten duen ikertzaile honen arabera, era batean edo bestean, 800 milioi lagun inguru glaziar hauekiko dependentzia dute. Artikuluan zehazten duenez, udaran glaziar horietatik jasotzen den urak zuzenean 136 milioi lagunen beharrak asetzen ditu.

Pritcharden hitzetan, “estres hidrikoa dela eta, eskualde hau ekonomikoki eta sozialki bereziki ahula da lehortearekiko, baina glaziarrak lehorteari aurre egiteko ezinbesteko ur iturriak dira”.

Baina klima-aldaketak oreka garrantzitsu honetan eragin handia izan dezake, eta hori, noski, kezka iturri da. Eredu gehienek glaziarren beherakada aurreikusten dute. Adituaren arabera, horrek egoera nabarmenki zailduko du. “Gehigarriko estres hidriko honek ezegonkortasun soziala, gatazkak zein bat bateko eta kontrolik gabeko migrazioak” eragingo dituela dio zientzialariak.

2. irudia: Estres hidrikoaren mailak eta glaziarren kokapena. Gorri koloreko marra etenaz, Kaxmirreko eskualdean liskarrean dagoen muga. (Irudia: Nature)

Klima-aldaketaren eraginez lehorteak eta gosea indartuko direla dio ere, baina egoera horri glaziarren atzerakada gehitu behar zaiola nabarmendu du. Hori dela eta “erdira jaitsi daitezke ibaietako ur emariak”. Masa horien gorabeherak eta eskualdeen izaten diren prezipitazioen inguruko datuak neurtuta, arroetan glaziarren emaria zein den zehaztu du. Bere kalkuluen arabera, udara bakoitzean 23 kilometro kubiko ur ematen dute glaziarrek.

Datuak eskura izanda, erraza da ur-emari hori kenduta suertatuko zen egoera kalkulatzea. Urte normal bateko udaretan, Indus ibaiko arroan %38 gutxituko litzateke ura. Lehortea izanez gero, berriz, kopuruak %58ra igoko luke. Aral ibaiaren goiko arroan, berriz, datuak are kezkagarriagoak dira, bertan %100era heltzeko aukera baitago.

Adituak ikerketan ohartarazi duenez, glaziarrek izan ohi duten masa aldaketak jarraitzeko zuzenezko neurketa gutxi egiten dira. Askotan munduan zehar sakabanatuta dauden ezaugarriak goitik bera ezagutzen direneko ustea zabalduta dagoen arren, benetako egoera oso bestelakoa da. Adibidez, glaziarretan izaten den izotzaren galera zehazteko orduan, zeharkako estimazioak dira nagusi. Egileak emandako datuaren arabera, glaziarren %0,01 baino ez dira neurtzen zuzenean. Gainerako guztia estimazioak dira, eta horietan alde nabarmenak daude.

Tentsioaren gorakada

“Udaran eskualde hauek prezipitazio gutxi jasotzen dute, soroak ureztatzeko beharra handiena den momentuan, hain zuzen”, dio Tobias Bolch geografoak Nature aldizkariaren ale beran idatzitako iruzkin batean. Bolchek azpimarratu duenez, arazoaren muinetako bat da herrialde hauetan nekazaritzak garrantzi handia daukala. Baina, bestalde, eskualdean pisua den beste faktore bat nabarmendu du: energia. Kirgizistanen kasua mahai gainean jarri du; bost planta hidroelektrikok sortzen dute herrialdearen elektrizitatearen %80.

Züricheko Unibertsitateko ikertzaile honen ustez, zenbait herrialdetan “existitzen diren edo planifikatuta dauden urtegiek uraren eskuragarritasunari lotuta dauden tentsioak indartuko dituzte”.

3. irudia: Suitzako armadako kideak Aletsch glaziarraren inguruetan. (Argazkia: Juanma Gallego)

Nazioarteko segurtasunari dagokionez, eskualdean bereziki kezka pizten du India eta Pakistanen arteko harreman gatazkatsuak. 1947an independentzia eskuratu zutenetik, auzokideek hiru gerra izan dituzte: 1947an eta 1965ean, Kaxmirren kontrola gora behera, eta 1971n, Bangladeshen independentzia zela eta.

India koloniala zena bi herrialde berrien artean banandu zutenean, ibaietako goi-ibar gehienak Indiaren lurraldean geratu ziren, baina ureztatze bidezko nekazaritzari lotutako nekazari gehienak Pakistanen zeuden. Sinplifikatuz, Indiak ura kontrolatzen zuen, eta Pakistanek ur horren premia bizia zeukan. 1960an, Munduko Bankuaren bitartekaritzari esker, akordio batera iritsi ziren bi herrialdeak. Horren arabera, goi-ibarrak Indiaren esku mantentzen ziren, baina Pakistanek ur-emarien %80 bermatuta izan zuen. Oreka horrek Pakistango nekazaritza ahalbidetu du, orain arte bederen. Baina giroa ez da guztiz baretu, eta mugetako tentsioak bere horretan dirau. Kezka, beraz, ez da debaldekoa: India eta Pakistan etsai sutsuak dira, eta, gainera, biek dute armamentu nuklearra.

Glaziarrak, maldan behera

Maila globalera begira jarrita, klima-aldaketak mundu osoko glaziarretan izaten duen eragina nabarmena da, eta aurreikuspenak ere ez dira oso positiboak. Coloradoko unibertsitateko Twila Moon ikertzaileak Science aldizkarian idatzi duenez, glaziarrak “azkar urtzen ari dira”. Haren esanetan, glaziarren beherakada itsasoetako ur mailaren gorakada ekarriko du, eta, horrek, “gaur egungo ume askoren bizitza tartean milioika lagunen desplazamendua” ekarriko du. Zentzu horretan, bere artikuluaren izenburua oso esanguratsua da: “Glaziarrei agur esanez”.

Adituaren arabera, datorren 25 urtetan Suitzak glaziarren erdia galduko du, eta Antartidan, Patagonian, Himalaian, Groenlandian eta Artikoan dauden glaziarrak txikituko dira.

Ia-ia hilabetero plazaratzen ikerketek berresten dituzte aurreikuspen ilun hauek. AEBtako Zerbitzu Geologikoak hil honetan bertan jakinarazi duenez, azken 50 urteetan Mendi Harritsuetan dauden 39 glaziar %39 urritu dira, batez bestean. Zenbait kasutan, murrizketa %85ekoa izan da. Horietatik 26k baino ez dute 10 hektarea baino gehiago, eta, beraz, teknikoki horiek dira glaziartzat har daitezkeenak. Horren arrazoia da zientzialariek zabalera neurri hori erabiltzen dutela bereizteko zer den eta zer ez den glaziarra.

Iazko mendearen hasieran Mendi Harritsuetan 150 glaziar zeudela kalkulatu dute ikertzaileek. Adituek nabarmendu dutenez, eskualdean izan den glaziarren beherakada maila globalean dauden joerekin bat dator: gero eta glaziar gutxiago daudela eta, hortaz, gero eta ur gezako biltegi natural gutxiago dagoela. Ez da txantxetako kontua. Glaziarretan baitago planetan dagoen ur gezaren %75 inguru.

Erreferentzia bibliografikoa

Hamish D. Pritchard, Asia’s glaciers are a regionally important buffer against drought. Nature. DOI: 10.1038/nature22062


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.