Asteon zientzia begi-bistan #160

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Medikuntza

Juanma Gallego kazetariak entzute handiko gaia ekarri digu aste honetan: gezurretan oinarritutako terapiak, hala nola homeopatia, txertoen inguruko konspirazioak eta minbizia ‘sendatzen’ duten sendabelarrak. Testuan Josu Lopez-Gazpio UPV/EHUko kimikariak argi azaltzen du: “Ustezko sendagai horietan ez dela geratzen printzipio aktiboaren molekula bakar bat ere. Badirudi farmazietan saltzeagatik berme bat izan beharko luketela, baina ez da horrela. Saltzen dutena, finean, ura eta azukrea besterik ez da”. Baina zergatik batzuek diote produktu horiek funtzionatzen dutela? Kimikariak badu erantzuna ere horretarako: “Frogatuta dago fedeak eragina daukala sendatzeko orduan”. Fedea, eta horretaz gain, jendeak osagarri modura hartzen duela, ohiko botikekin batera, “laguntzeko edo”. Alabaina, aipatutakoak ez dira arrazoi bakarrak. Testu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Kolesterol-maila jaisten duen txerto bat probatuko dute pertsonetan. Europako Kardiologia Elkarteak aurkeztu du eta saguetan egindako probetan ikusi da txertoa segurua eta eraginkorra dela. Kolesterol “txarra” altua duten pertsonei zuzenduta dago, odol-hodiak buxatzen baititu. Txerto berriak AT04A du izena, eta PCSK9 entzimaren aurkako antigorputzak sorrarazten ditu.

Astrofisika

Eguzkiaren espikulak –plasma-zorrotadak– nola sortzen diren azaldu dute. Egunero milaka espikula sortzen dira. Segundoko 50-150 kilometroko abiaduran ateratzen da plasma Eguzkiaren gainazaletik koroarantz. Juan Martinez-Sykorak eta kideek lortu dute zehaztea Eguzkiko plasmaren eta eremu magnetikoaren arteko zer elkarrekintza fisikoren bidez sortzen diren espikulak. Gainera, jakin dute espikulen eraginez Eguzkiaren kanpoko atmosferak tenperatura altua hartzen duela.

219 exoplaneta berri aurkitu ditu Kepler teleskopioak. Horietako hamar Lurraren oso antzekoak dira gainera. Horietako bat, adibidez, KOI7711.01 da eta eguzkiaren antzeko izar baten inguruan ari da biraka. Izar horretatik jasotzen duen argi kantitatea ere lurraren antzekoa da. Hala ere, ikertzaileek aurreratu dute, zalantzak asko direla eta planeta horren atmosferaren datuak beharko lituzketela ondorio zehatzagoak ateratzeko.

Ingurumena

Ganaduak eragiten dituen metano isuriez kezkatuta daude zientzialariak. Behien dieta moldatuz —azukre gehiago duten jaki batzuk emanez—, gas igorpenak txikitu daitezkeela ondorioztatu dute, urdailean jakiak metano bihurtzeko prozesua aldatzen delako. Teknika berri horiek hedatzen ari dira baina oraindik ez dago adostuta nazioartean gasen isurketa neurtzeko modurik. Horretan aritu da IPCC Klima Aldaketarako Gobernu Arteko Taldea azken bi asteetan, UPV/EHUren Leioako campusean (Bizkaia) egindako bileran. Bertan 190 aditu izan dira eta 2019an izango dute prest gida berria.

Javier Franco AZTIko ikertzaileak argi utzi du elkarrizketa honetan: plastiko gutxiago kontsumitzen saiatu behar da. Itsasoetako eta Kostaldeetako Ingurumen Kudeaketa arloko teknikaria da eta plastikoek itsasoan dute eraginari buruz mintzo da honetan. Plastikoa ohiko materiala da gurean eta erabilera oso zabalduta dago. Itsasoko hondakinen %75 plastikoak dira. Eta hemendik aurrera, zer? Konponbiderik badago? AZTIko ikertzaileak dio hainbat modu daudela arazoari aurre egiteko. Adibidez: “Egunerokoan, plastiko gutxiago kontsumitzen saia gaitezke, baina zaila da: sistemak ez digu batere laguntzen”.

Eremu babestuek helburu nagusi eta bakarra zuten hasiera batean, biodibertsitatea babestea; gaur egun, ordea, pertsonen ongizatea sustatzea ere bada haien xede. Hala berresten du Miren Onaindiak, Garapen Iraunkorra eta Ingurumen hezkuntzarako Unesco Katedraren zuzendaria UPV/EHUn, “Biosfera erreserba baten erdigunea pertsona da“. Ildo horretatik, Nekane Castillo ikertzaileak Urdaibai Biosfera Erreserbaren bilakaera sozioekonomikoa ikertu du. Helburua? “Biosfera Erreserbaren izendapenak kalte edo on egin ote dion Urdaibaiko biztanleriari”, azaldu du ikertzaileak. Busturialdeko eta Uribe Kostako aldagai sozioekonomikoak, kulturalak eta lurraren erabilerarekin lotutako aldagaiak aztertu ondoren emaitzak adierazten dute: ez duela eragin negatiborik izan biztanleengan, ingurunearen kontserbazioa bermatzen duela eta horrek tokiko garapen sozioekonomikoa eta kulturala bultzen lagundu duela.

Ingeniaritza

Larrialdi egoeretan toki jendetsuak %25 azkarrago husten dituen ebakuazio sistema garatu dute Europako proiektu batean. Tekniker zentroak horretan parte hartu du. Anoeta estadioan eta Bilboko metroan egin dituzte proba pilotuak. Krisi egoeretan oso zaila da arrazionalki jokatzea. Hala, eVACUATE izeneko europar proiektuak kontuan hartzen du giza faktore hori eta jakin denez, aparteko egoerak detektatzen dituzten algoritmo adimendunetan oinarrituta, hari esker %25 arindu daiteke ekitaldi eta toki jendetsuak husteko prozesua. Jo ezazue artikulura informazio osagarria ezagutzeko!

Biologia

Klorofila da ardatz artikulu honetan. Klorofila landareek eguzkiaren argia xurgatzeko duten molekula da. Landareek karbohidratoak sintetizatzeko erabiltzen dute energia hau geroago, fotosintesiaren bigarren fasean. Klorofilaren molekula konplexua da. Jon Corresek azaltzen digu bertan porfirina eraztun bat dagoela (2. irudia) Mg2+ atomo zentral bat estekatuta duena, koordinazio-konposatu bat sortuz. Klorofilak argia xurgatu dezake, bere egituran lotura bikoitzak eta bakunak txandakatzen direlako. Hau dela eta, molekularen elektroi batzuk lekutu gabe daude, eta karbonoen artean erresonantziari esker mugi daitezke. Klorofila molekulak ez daude aske zelulan, kloroplasto izeneko organulu batzuen mintzetan baitaude kokatuta. Klorofilak energia (eta materia organikoa) eskuratzeko balio du.

Landareak jaten dituen armiarma txiki bat aurkitu dute Erdialdeko Amerikan. Armiarma jauzilarien familiakoa da eta Bagheera kiplingi izena eman diote. Akazia zuhaixketan bizi da. Akaziek babesa eta janaria eskaintzen diete inurriei. Hostoen guruinek ekoitzitako nektarra eta Belt gorputzak izenez ezagunak diren hosto bereziak dira inurrien janaria. Inurriek bezala, Bagheera armiarmek berdina jaten dute baina gero ez dute landarea defendatzen. Costa Rican 2001ean aurkitu zuten lehenengoz, eta 2007an, Mexikon, berriro behatu zuten.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.