Elisabeth Kübler Ross (1926-2004): Gaixoen sufrimendua itzali nahi zuen emakumea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Tximeletak jaio ei ziren Majdaneko sarraski-esparruko barrakoietan. Badirudi bertan pilatu zituzten umeek margotu zituztela, heriotza berehalakoa zela sentitu zutenean. Irudi horrek barrenak astindu zizkion Elisabeth Küblerri; pentsamendu latzak uxatzeko burua astinduta ere, burutik kendu ezin izan zuena. Heriotza segika zuten umeek baina eurek, aukeran, bizitza irudikatu zuten hormetan. Orduantxe erabaki zuen heriotza gertu duten pertsonak lagunduko zituela. Baina horretarako beharrezkoa zen ulertzea heriotza bizitzaren parte bat zela; baina ez zoritxarrekoa, baizik eta lasaia eta alaia izan zitekeela. Azken bidaia hori sufrimendurik gabe igarotzea eta pertsona horren duintasuna lortzea zituen asmo Küblerrek.

Irudia: 1957. urtean Züricheko Unibertsitatean medikuntzan lizentziatu zen Elisabeth Kübler.

Burutazio hori mantra bat bailitzan errepikatu zuen bere bizitza osoan zehar. Modu horretan bilakatu zen psikiatria arloan erreferentziazko emakumea; heriotza hurbil sentitzen duten gaixoen eta familiakoen emozioen-oreka ikertzen aitzindari eta zainketa aringarri edo paliatiboetan aditu izan zen. Horretaz gain, heriotza duina lortzearen aldeko apustua egin zuen.

Medikua izan nahi zuela argi zuen hasieratik baina aitaren debekuarekin egin zuen topo. Gauzak horrela, hamasei urterekin etxeko erosotasunetik ihes egin zuen. Jakin bazekien kanpoaldeko egoera zein zen; laztura nagusi, heriotza nonahi, errealitate gordina. Baina horrek guztiak ez zuen gelditu. II. Mundu Gerran ospitale ezberdinetan lan egiten hasi zen boluntario gisa, gerratik zetozen zaurituak eta errefuxiatuak lagunduz. Horren ondotik, Züricheko Unibertsitatean Medikuntza ikasketak burutu zituen eta graduatzea lortu zuen ere 1957. urtean, hain zuzen. Ezkondu egin zen Emanuel Rober Rossekin urtebete geroago eta harekin bi ume izan zituen (aurretik beste bi galdu). Familia osoa Estatu Batuetara joan zen.

Psikiatria erresidentzia egiten hasi zen eta bertan, gaixo terminalekin kontaktua izan zuen lehen aldiz. Laster ikusi zuen zer nolako garrantzia zeukan gaixoak eta euren familiakoak prestatzea trantze mingarri horretarako. Prozesu horretan beharrezkoa zen laguntza hori eskaini nahi zien gaixoei, nola edo hala.

1962an Coloradoko Unibertsitatean hasi zen lanean eta hiru urte geroago, Chicagon. Bere klaseak ezberdinak ziren: gaixo terminalak gonbidatzen zituen bertara eta horrela ikasleek haiei zuzenean galdetzeko aukera zuten. Klaseak emateko prozedura hura ez zuen mundu guztiak onartu.

Bere lan erraldoia eta ondoren sortu zen polemika

Bere obrarik garrantzitsuena On death and dying (Sobre la muerte y el morir) da, bere lehen liburua, 1969an publikatu zuena. Bertan heriotzaren asimilazioan gertatzen diren bost faseak esplikatu zituen, hala nola: ukapena, haserrea, negoziazioa, depresioa eta onarpena. Kübler-Ross eredua dugu hori. Berehalako arrakasta lortu zuen liburuak. Hala, mundutik zehar hitzaldiak, ikastaroak eta tailerrak eman zituen.

Bestelako ideiak ere zabaldu zituen suitzarrak. Argitaratutako gainontzeko obretan doluaz eta minaz mintzatu zen, eta baita testigantzak tartekatu ere, gaixo zeuden umeenak, adibidez. Mundutik barrena emandako konferentziak ere bilduta daude liburu batean eta badauka argitaratuta ere minbizia zuen 10 urteko ume bati bidalitako gutuna.

1977an Kaliforniara joan zen bizitzera bere familiarekin eta bertan ideia iraultzaile bat garatu zuen. San Diegotik gertu, Shanti Nilaya Bakearen etxea izango litzateke itzulpena– sortu zuen, duintasunez heriotza itxaroteko espazio bat. Horren ondotik, Küblerren lana polemikoa bihurtzen hasi zen. Izan ere, hiesdun umeentzat gune bat sortu nahi zuen Virginian. Bertako bizilagunek, gaixotasunaren beldur, ezezko borobila eman zioten. Halaber, esoterismo gisako esperientzietara hurbiltzen hasi zen eta horren kariaz, komunitate zientifikoak izen ona galarazi nahi izan zion.

1995ean hainbat krisi sufritu zituen –istripu zerebrobaskularrak– eta partzialki immobilizatuta gelditu zen. Horren ondotik Shanti Nilaya itxi zuten. Azkenik, Herioak Arizonan harrapatu zuen 2004.urtean. Hil eta hiru urtera, American National Women’s Hall of Fame-n sartu zuten. Mundu osoan ezagunak diren hogei obra baino gehiagotan utzi zuen gordeta psikiatra suitzarrak bizitasun osoz heriotzari buruz pilatu zuen ezagutza guztia.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.