Paleontologia
Madeleine aldiko lau behe-erliebe aurkitu dituzte Aitzbitarte IV kobazuloan (Errenteria): bi bisonte, zaldi bat, eta beste animalia bat. Haiekin batera, beste 12 grabatu aurkitu dituzte; ohiko irudiak dira gehienak baina badira ere, esku baten inpresio bat eta bi bulba. Dena dela, Diego Garate Maidagan arkeologoak dio berezienak behe-erliebeak direla: “Bédeilhac haitzuloan (Ariège, Frantzia) badaude batzuk, baina hemen ez dugu halakorik topatu orain arte”. Behe-erliebeak egin zituzten garaian bezalaxe daude. Ohartarazi duenez, lekua oso desegokia da, bai ikertzeko bai kontserbatzeko.
Fisiologia
Lasterkari kenyarrekin egindako ikerketa baten arabera, ez da posible garun oxigenazioa egonkor mantentzea erabateko ahalegina egin bitartean, aurretik egindako ikerketetan kontrakoa ondorioztatu zuten arren. Korrikaldiaren intentsitatea inposatuta lasterkarien garunaren oxigenazioak zein erantzun ematen duen erabateko ahalegina egin bitartean aztertzea erabaki da, lehen ikerketaren emaitzak kontrastatzeko. Garun oxigenazioaren jaitsiera hipokapniarekin lotzen dute ikertzaileek.
Astronomia
Longitudea aurkitzea ez da hain erraza. Historian zehar zenbait metodo aztertu ziren, eta azkenean bi nabarmendu ziren: Ilargiaren kokapena erabili edo erloju eramangarri zehatzak asmatu. 1667.ean, Frantziako Luis XXIV.ak Pariseko Behatokia sortu zuen eta 1657.ean berriz, Ingalaterrako Carlos II.ak, Greenwicheko Errege Behatokia sortu zuen. Horien sorrerarekin batera, erreferentziazko meridiano berriak agertu ziren. Greenwichekoa zen aukeratutako erreferentziazko meridianoa. Frantsesek 1791an Parisko Zientzia Akademiak erabaki zuen aipatu dugun pisu eta neurri-sistema berri bat asmatzea. Irakur ezazue artikulu osoa, metodo berri hori zein zen ezagutzeko.
Adimen artifiziala
Zenbaitetan garapen teknologikoak irizpide etikoak segituan garatu behar ditu produktu berriak kaleratu ahal izateko. Hori izango da ibilgailu autonomoen kasua. Horiei arauak eta irizpideak irakatsi behar zaizkie eta horretan ari dira zientzialariak. Horren adibide dugu, Alemaniako adituek egindako ikerketa: aditzera eman dutenez, gizakiok errepidean auto bat gidatzean jarraitzen ditugun irizpide etikoak auto autonomoetan erabil daitezke. Osnabrück-eko Unibertsitateko Zientzia Kognitiboen Institutuko ikertzaileek ondorioztatu dute, teorian, autoak gai izango liratekeela arriskuen aurrean gizakien antzera jokatzeko. Ikertzaileek bi dilemei egin behar diete aurre, azaltzen dutenez: “Batetik, erabaki behar dugu makinen portaeran balore moralek izango duten eragina. Bestetik, eztabaidatu behar dugu ea makinak gizakiek egingo luketen moduan aritu behar ote diren, edo ea beti egin behar ote duten”.
Biologia
Ezti-gidariak oso txori bereziak dira. Batetik, beste txori batzuek eraikitako habietan erruten dituzte arrautzak. Bestetik, eta honetan bakarrak dira, argizari-jaleak dira. Argizaria erlauntzen barruan egoten da, baina ezti-gidariak txori txikiak izanik ez dute behar besteko indarrik erlauntzak apurtzeko. Areago, testuan azaltzen digutenez, erle-habiara sartzeak badu bere arriskua. Beraz, argizaria eskuratu ahal izateko, laguntzaileak bilatzen dituzte. Digeritzeko ahalmenari dagokionez, argizaria digeritzeko modua ez dago oraindik guztiz argi, baina ez da inoiz digestio-hodiaren egitura espezializaturik aurkitu, ez eta hipertrofiatutako listu-guruinik ere.
Psikologia
Enrique Etxeburua psikologia klinikoko katredaduna UPV/EHUn elkarrizketatu dute Berrian, berak berriki koordinatutako udako ikastaro baten harira. ‘Zer erlazio dago indarkeriaren eta buruko nahasmenduen artean?‘ galdera erantzuten saiatu dira. Etxeburuak azaltzen du: “Buruko nahasmendu klase asko daude; egiten diren kalkuluen arabera, populazioaren %20ak edo %25ak izango du uneren batean halakoren bat. Nahasmendu gehienek, ordea, ez dute loturarik portaera biolentoekin”. Jarrera biolentoak izateko arriskua tratamenduarekin kontrolatzen ahal direla dio. “Biolentziarik gabeko egoerara ez gara inoiz ere iritsiko, beti egon daiteke kasuren bat. Baina tratamendua hobetuta, arta hobetzeko baliabideak jarrita, asko hobetu daiteke. Eta argi utzi behar da: pertsona horietako gehienak ez dira arriskutsuak”.
Matematika
UPV/EHUko Udako ikastaroekin jarraituz, kulturaren eta matematikaren arteko harremana aztertu dute Kultura matematikaren M-arekin izeneko ikastaroan. “Diseinu baten atzean beti daude zenbakiak”, azaldu du Elena Gonzalez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Diseinu grafikoaren eta matematikaren arteko erlazioaz gain, beste harreman asko jorratu dituzte. Adibidez, papiroflexia: medikuntzan, robotikan eta aeronautikan erabiltzen da papiroflexiaren oinarrian dagoen geometria, baita espaziora bidaltzen diren sateliteen eguzki paneletan ere. Horretaz gain, bideo jokoak izan dituzte ikergai, horiek sortzeko prozesuan asko erabiltzen direlako zenbakiak.
Ingurumena
Antartikan dagoen iceberg erraldoi bat askatu da. Izozmendiak 200 kilometroko luzera du, eta ia-ia Euskal Autonomia Erkidego osoaren tamaina (6.000 km2). Historiako 3. handiena izango da. Zientzialari batzuen ustez, horrelako prozesu “ezohikoak” ohi baino gehiago ari dira gertatzen azken urteotan. Izotz-plaka erraldoi hau itsasoratzeak ez du eragin zuzenik izango ozeanoen ur-mailan, dagoeneko itsasoan dagoelako orain ere, baina zientzialariek aipatu dute egoera berri honen ondorioz Larsen C plaka osoa desegonkortu daitekeela eta bertako glaziarren dinamika aldatu daitekeela.
Teknologia
Hegaztien behaketa ahalbidetzen duten webcamak gero eta ohikoagoak bihurtu dira. Kumaldian jartzen dira kamerok, gehienbat; udaberrian, umatze-prozesua jarraitzeko eta txiten ibilerak ikusi ahal izateko. Irudi horietan ikusten dira euren lehenengo hegaldiak eta gurasoen azken zaintzak.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.