Gero eta arreta gehiago eskaintzen ari zaio klima-aldaketari. Lurraren klima etengabe aldatzen da, kausa naturalak direla medio. Horretaz gain, gizakion ekoizpen-jarduerak eta kontsumo-ohiturek klima aldatzea eragiten dute. Klima-aldaketa oso ondorio larriak izaten ari da (desertifikazioa, arazoak ur-horniketan, ekosistemen aldaketa, etab.), eta aurreikusten da haren intentsitatea gero eta handiagoa izango dela etorkizunean.
Gizakion jarduerak Lurraren tenperatura igotzea ekarri du (berotegi-efektua). Fenomenoa ulertzeko Lurraren energia-fluxuei erreparatu behar zaie. Eguzkitik datorren erradiazioa Lurraren gainazalera iristen denean, zirkulazio atmosferiko eta ozeanikoek banatu egiten dute, eta geroago espaziora itzultzen da. Jasotako eta itzulitako erradiazioaren arteko orekak biziarentzat egokiak diren baldintzak mantentzen ditu. Berotegi-efektuko gasen kontzentrazioa igotzen bada, aldiz, Lurrak espaziora irradiatzen duen energia kantitatea murriztu egiten da, eta horrek gehiago beroarazten du atmosfera.
Badira berotegi-efektuko gas ugari; horietatik sei araututa daude klima-aldaketari buruzko nazioarteko araudian (Kyotoko protokoloa): karbono dioxidoa (CO2), oxido nitrosoa (N2O), metanoa (CH4), hidrofluorokarbonoak (HFC), perfluorokarbonoak (PFC) eta sufre hexafluoruroa (SF6). Horien artean CO2 da ugariena. Konposatu hori era naturalean sor daitekeen arren (jarduera bolkanikoan izan dezake jatorria, adibidez), karbonodun materialen erabilera antropogenikoaren ondorioz (energia-iturri fosilen errekuntzaz) bilakatu da klima-aldaketaren eragile nagusia.
Karbono dioxidoa konposatu ez-erreaktiboa da, eta ondorioz, atmosferan denbora luzez irauten du. Karbono dioxidoaren isuriak atmosferan metatzen dira, eta horregatik beharrezkoa da horiek murriztea. Helburu hori betetzeko hainbat estrategia proposatu dira. Aukera guztietan lehen pausua CO2-a bahitzea da, atmosferara isuri aurretik, eta ondoren, bi aukera daude: i) CCS, Carbon Capture and Storage; eta ii) CCU, Carbon Capture and Utilization. Teknologia bien arteko desberdintasuna bahitutako CO2-aren azken erabileran datza: i) CCS teknologiaren bidez, bahitutako CO2-a iraupen luzeko biltegiratzea bermatuko duten guneetara (akuifero gazi sakonetara, edota petrolio- edo gas-gordailuetara) bideratzen da; ii) CCU teknologiarekin, aldiz, bahitutako CO2-a produktu komertzial bihurtzen da.
Artikulu honen helburua CCS teknologiaren testuingurua aztertzea da, berrikuspen kritiko baten ikuspuntua hartuta. Nahiz eta CCU teknologiak soluzio ideala dirudien, teknologia bien artean komenigarriena zein den aukeratzeko, egoera zehatz bakoitzean teknologia biek duten kostu-errentagarritasuna eta ingurugiroarekiko eraginak era sakon batean aztertu behar dira, faktore bien arteko oreka egokia bermatzeko. Gainera, CCU teknologia ezin da CCS teknologiaren alternatiba moduan hartu, kudeatu dezakeen CO2 kantitatea desberdina baita. Adibide moduan, kalkulatzen da produktu kimiko eta erregai sintetikoak ekoizteko bideek CO2-isurketen % 10 inguru kudea dezaketela.
CCS teknologiak erregai fosilen erabilera jarraitua ahalbidetzen du, CO2-aren atmosferarako isurketak murrizten dituen bitartean. Hala ere, baditu zenbait arazo, hala nola, inbertsio ekonomiko eta energia-beharrizan handiak, epe luzerako biltegiratzea iraunkorra dela egiaztatu beharra, biztanleriaren erresistentzia, eta biltegiratzeko lekuen falta herrialde batzuetan.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 30
- Artikuluaren izena: CO2-ren bahiketa, klima-aldaketa arintzeko estrategia.
- Laburpena: Gero eta arreta gehiago eskaintzen ari zaio klima-aldaketari. Gizakion jardueraren eraginez Lurraren tenperatura igotzen ari da. Berotegi-efektuko gasen artean karbono dioxidoa (CO2) ugariena da, eta energia-iturri fosilen errekuntzan du jatorri antropogeniko nagusia. CO2-ak denbora luzez irauten du atmosferan eta, ondorioz, beharrezkoa da haren isurketak murriztea. Helburu hori betetzeko, karbono dioxidoaren bahiketa- eta biltegiratze-teknologia (CCS teknologia) erabil daiteke. Horretan, lehenengo pausoa, ekoitzitako CO2-a bahitzea da, atmosferara isuri aurretik. Ondoren, garraiatu eta formazio geologiekoetan (akuifero gazi sakonetan, edota petrolio- edo gas-gordailuetan) biltegiratzen da. CCS teknologiak erregai fosilen erabilera jarraitua ahalbidetzen du, CO2-aren atmosferarako isurketak murrizten dituen bitartean. Hala ere, baditu zenbait arazo, hala nola, inbertsio ekonomiko eta energia-beharrizan handiak, epe luzerako biltegiratzea iraunkorra dela egiaztatu beharra, biztanleriaren erresistentzia eta biltegiratzeko lekuen falta herrialde batzuetan.
- Egileak: Ainara Ateka, Irene Sierra eta Javier Ereña
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 81-92
- DOI: 10.1387/ekaia.16204
Egileaz
Ainara Ateka eta Javier Ereña UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa Sailekoak (Zientzia eta Teknologia Fakultatea) dira eta Irene Sierra Ingeniaritza Kimikoa Sailekoa (Farmazia Fakultatea) da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
3 iruzkinak
Artikuluaren fitxan izena txarto dago.
Zuzendu dugu, mila esker abisuagatik!
[…] honen aurrean, zientzialariok berotegi-efektua murriztu eta energia-beharrak ase ditzakeen CO2-ren birziklapen prozesua garatzea proposatzen […]