Cecilia Payne-Gaposchkin (1900-1979): Unibertsoa argitu zuen izarrik dirdiratsuena

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Arteetan –piktoriko, literarioan–, izarrak inspirazioa eman duten elementuak izan dira hasiera-hasieratik. Hortxe dugu Vincent Van Gogh, bere omenaldi propioa egin zion Gau izartsuari; Saint Rémy de Provençako erietxeko gelatik margotu zuen; trazu gogoangarri eta hipnotikoak bildu zituen mihise hartan. Pablo Neruda astro batek txunditu zuen. Hark zerutik lapurtu eta patrikan gorde zuen, erlikia bailitzan, Oda a una estrella poeman. Puntu dirdiratsuak betidanik egon dira begi-bistan mantu ilunean eta inoiz kezka, musa, eta ikergai bilakatu dira artistentzat nahiz zientzialarientzat. Ez zen izarrei begiratu zien lehena izan, baina bada horien izaera edo konposizioa ezagutu zuen lehendabiziko astronomoa: Cecilia Payne-Gaposchkinek bazekien izarrak irakurtzen.

Irudia: Cecilia Helena Payne-Gaposchkin (1900-1979).

XX. mendearen hasieran, komunitate zientifikoak uste zuen oraindik izar baten konposizioa Lurra planetarena bezalakoa zela. Pentsamendu ilun horretatik atera zituen Ceciliak. Izan ere, 1925ean amaitu zuen astronomia alorrean egindako bere tesia: Stellar Atmospheres; a Contribution to the Observational Study of High Temperature in the Reversing Layers of Stars, non izarren izaera zehaztu zuen. Bertan frogatu zuen hidrogenoa zela horien oinarrizko osagaia. Konposaketa kimiko horretan, helioa ere zegoela zehaztu zuen baina azken hori kantitate txikiago batean. Iraultza ekarri zuen tesi horrek.

Ondorio horretara iristeko, Meghnad Saha fisikariak garatutako ionizazioaren teoria aplikatu zuen. Horri esker, erlazionatu zituen izarren espektro mota –Harvardeko espektro sailkapena– euren tenperatura absolutuekin. Otto Struve eta Velta Zeberg astronomoek lan horren gainean esan zuten “historian egindako astronomia tesirik onena” izan zela.

Alabaina, kontrako iritziak jaso zituen ere, Henry Norris Russell astronomoa kasu. Berak uste zuen Lurraren konposizioaren antza zuela izarrak eta lortu zuen Cecilia bera limurtzea: idatzitako tesian teoria horri uko egitea eskatu zion. Ceciliak aurkikuntza erraldoi hori azaldu bazuen ere, Russellek esandakoari men egin zion eta testuan garatutako teoria hori okerra zela adierazi zuen. Urte batzuen buruan eta esperimentu ugari egin ostean, Russell berak iritziz aldatu zuen eta Ceciliak esandakoaren alde agertu zen ondoren publikatu zituen lanetan.

Titulurik gabeko astroa

Cecilia Payne-Gaposchkin Ingalaterran jaio zen. Oso ikasle ona izan zen, emaitza bikainak lortu zituen. Hala, 1919an beka bat lortu zuen Newnhan Eskolan ikasteko –Cambridge Unibertsitateko erakundea–. Botanika, fisika eta kimika alorrak jorratu zituen bertan eta laster konturatu zen astronomia ere gustuko zuela. Ikasketak amaitu zituen baina ez zioten titulurik eman emakumea zelako –Cambridge Unibertsitateak emakumeak onartzen zituzten ikasle gisa baina ikasturtea amaitzean ez zieten titulu ofizialik ematen. 1948. urtean aldatu zuten hori–. Horren kariaz, AEBetara alde egin zuen: 1923an beste beka bat lortu zuen Hardvardeko behatokian lan egiteko.

Bertan, izarren argitasuna izan zuen ikergai. Ez zuen lortu, baina, kargu ofizialik. Bere soldata oso baxua zen, gainera. 1927tik 1938ra arte lan egin zuen unibertsitatean eta 1938an lortu zuen astronomoa zela baieztatzen zuen titulua. Horren ondotik, jendearen esker ona irabazi zuen. 1943an American Academy Of Arts and Sciencesen kide izateko hautatu zuten. 1956. urtean, lehenengo irakasle elkartua izan zen Harvarden. Hezkuntza alorrean, 1966an hartu zuen erretiroa eta ondoren, Smithsonian Astrophysical Behatokian hasi zen lanean. Sariei dagokienez, Henry Norris Russell Saria eman zion Ameriketako Estatu Batuetako Astronomia Elkarteak eta 2039 Asteroideari Payne-Gaposchkinen izena jarri zioten.

Astronomiaz gain, emakumeen diskriminazioaren aurka borrokatu zuen Ceciliak; inspirazio-iturri bilakatu zen ondoren etorri ziren milaka emakume zientzialarientzat. Russell Saria irabazi zuenean, honakoa bota zuen: “Zientzialari gaztearen ordainsaria da urduritasuna eta zirrara sentitzea zerbait berria ikusten edo ulertzen duzunean eta historian hori egiten lehena zarenean. Esperientzia hori paregabea da… Zientzialari zaharraren ordainsaria, aldiz, zirriborro bat paisaia magistral batean nola bilakatzen den ikustea da”.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.