Resveratrolak eta pterostilbenoak gantz-metaketa murrizten laguntzen dutela frogatu du Ana Gracia Jadraquek.
Mahatsetan eta ahabietan aurki daitezkeen konposatu fenolikoak dira resveratrola eta pterostilbenoa eta gorputzeko gantz-metaketa prebenitu dezakete. Gantz metaketan efektua duten DNAren metilazioan (metilo taldea gehitzea) eta mikroRNAetan aldaketak eragiten dituzte molekula hauek.
Bi alor aztertu ditu ikerketak:
- Gantz ehunean triglizeridoen metaketan DNA metilazioan resveratrolak eta pterostilbenoak izan dezaketen eragina.
- Gantz hepatikoaren metaketaren eta gantz ehunaren mikroRNA bidezko erregulazio post-transkripzionalean resveratrolak duen parte-hartzea zehaztea.
De novo lipogenesian (dietarekin hartzen diren karbohidratoak gantz-azido bihurtzeko bide metabolikoa) esku hartzen duten entzimetako batean metilazio-mailan aldaketak eragiten ditu pterostilbenoak. Metilazioa mekanismo epigenetikoa da, hau da, DNA aldatu barik bere aktibitatea aldatzeko mekanismoa da. Pterostilbenoak, beraz, enzimaren metilazioan eragiten du eta enzima horrek gantzen metaketan.
Resveratrolak ez du de novo lipogenesiaren asaldura hori sortzen, baina gantz ehun zurian hainbat mikroRNAen erregulazioan aldaketak eragiten ditu. Aldatutako mikroRNA horietako batzuk lotura dute triglizeridoen metabolismoaren geneekin eta horietako batzuk zeharkako erregulazioa eragiten dute gantz-azidoen sorreran.
Gibelean egindako azterketaren emaitzen arabera, organo honetan nabarmen adierazten diren mikroRNAen adierazpena murrizten du resveratrolak. Horren ondorioz, ikusi ahal izan da gantz-azidoen β-oxidazioan (gantz-azidoak degradatu eta energia sortzen duen ibilbide metabolikoan) esku hartzen duen entzima baten adierazpena eta jarduera areagotzen bada, resveratrolaren bidez mikroRNAren adierazpena modulatzeagatik izan daitekeela.
Aurretik egindako azterlanetan aditzera eman zuten resveratrol eta pterostilbeno bezalako hainbat konposatu fenoliko gantz ase eta azukre sinpleko dieten ondoriozko obesitatea prebenitzeko ahalmena dutela animalietan. Ana Gracia Jadraqueren tesi ikerketa honek, resveratrolak eta pterostilbenoak DNAren metilazioan eta mikroRNAetan eragiten dituzten aldaketak direla eta, gorputzeko gantz-metaketa prebenitu dezaketela frogatu du.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Resveratrol eta pterostilbeno konposatuek gorputzean gantza metatzea prebenitzen dute.
3 iruzkinak
Se puede conseguir una traducción de este articulo en franés, ingles o castellano? gracias
Hola Mario, aquí tienes el artículo en castellano: https://culturacientifica.com/2017/08/28/resveratrol-pteroestilbeno-control-epigenetico-la-acumulacion-grasa-corporal/
[…] fenolikoak dira resveratrola eta pterostilbenoa eta gorputzeko gantz-metaketa prebenitu dezakete. Ana Gracia Jadraqueren tesi ikerketa honek aztertu du de novo lipogenesian (dietarekin hartzen diren karbohidratoak gantz-azido bihurtzeko bide […]