Zeruan badira ibaiak, eta olatu erraldoiak eragiteko gai dira

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ipar Atlantikoko jet korronteak Europako muturreko eguraldian duen eragina argitu dute ikertzaileek. Zuhaitzen eraztunen analisiari esker, azken hiru mendeetan izan den klimaren nondik norakoak azaleratu dituzte.

1768an Britainia Handiko agintariek misterio bat argitzea eskatu zioten Ipar Amerikako kolonietako Posta Zerbitzuko zuzendariordeari. Merkataritza-ontziekin alderatuz, Ingalaterratik Amerikara posta eramaten zuten ontziek bi aste gehiago ematen zituzten ibilbide berdina egiteko. Stan Ulanski irasleak The Gulf Stream liburuan idatzitakoaren arabera, zuzendariordeak misterioa argitzea lortu zuen.

Ez zen, baina, edonolako zuzendariorde. Besteak beste, tximisten inguruko ikerketak burutu zituen, eta Ameriketako Estatu Batuetako sorreran ezinbesteko parte-hartzea izan zuen ere. Bale ehiztariekin hitz egin ondoren, Benjamin Franklin zuzendariordeak argitu zuen itsas postarien akatsa: Golkoko ur-lasterraren aurka ari ziren, eta horrek izugarri moteltzen zuen bidaia.

Gerora, hegazkintza garatu zenenerako, ikasgaia ondo ikasita zeukaten hegazkinen ibilbideak prestatzen zituztenak. Kasu honetan, beste korronte baten abantailak kontuan hartu zituzten: gaur egun, Jet korrontea izeneko haize-lasterra baliatzen dute hegazkinek erregaia eta denbora aurrezteko. Kontrako bidea egiten dute, Ipar Amerikatik Europara.

1. irudia: Zaila da haize-lasterrak zuzenean ikustea; baina sute erraldoiak daudenean, satelite bidez posible da igartzea korrontearen eragina kearen ibilbidean. Irudian, Ipar Amerikako suteak, korronterantz. (Argazkia: NASA)

Zeruan eskegitako benetako haize ibaiak dira jet korronteak. Mendebaldetik ekialdera jotzen duten haizete hauek Lurrari bira ematen diote. Bi daude hemisferio bakoitzeko. Gure kasuan, Ipar Atlantikoko jet korrontea da gehien eragiten gaituena. Batez bestean, 10 kilometroko altueran kokatzen den haize-laster hau tenperaturen arteko alde nabarmenen poderioz sortzen da. Bertan dago, hain zuzen, troposferaren eta estratosferaren arteko muga. Atmosferako bi geruza hauen artean tenperatura alde nabarmena dago: zorutik hasita, atmosferan gero eta gorago joanez, orduan eta hotzago izaten da airea. Baina tropopausara heltzean, tenperaturak berriro gora egiten du. Haizete indartsuak daude, 200 kilometro orduko abiadurakoak, baina 400 km/h-ra ere hel daitezke. Udan abiadura txikiagoa eta gorako latitudeetan daude korronteak. Neguan, berriz, hegoalderantz jaisten da eta haizea indartu egiten da.

Aspalditik ezagutzen da haize-laster hauen eragina, bai eguraldian zein patroi klimatikoetan; baina, orain, Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa batean eragin hau xehetasun handiarekin zehaztu ahal izan dute.

Paradoxikoa bada ere, ikerketaren protagonistak ez dira izan puntako satelite meteorologikoak, zuhaitzak baizik. Enborren eraztunetan hiru mendetan zehar pilatutako erregistroei esker, ikertzaileak gai izan dira ezagutzeko denbora tarte horretan Ipar hemisferioko klimak izan duen bilakaera. Zehazki, Bretainia Handiko eta Mediterraneoaren ipar-ekialdeko zuhaitz enborren analisia baliatu dute iraganeko klimari buruzko informazioa lortzeko. Bide horretatik, 1725 urtera arte atzera jo ahal izan dute.

Atera duten ondoriorik argiena da jet korronteak eragin zuzena duela Europan gertatzen diren muturreko eguraldiko fenomenoetan. Bestalde, egiaztatu dute haize-lasterrak iparraldera eta hegoaldera izaten duen anplitudea bereziki handitu dela azken mende erdian. Hain zuzen, 1960ko hamarkadatik aurrera egon diren aldaketa hauek bat datoz Europan egon diren muturreko eguraldiko gertaerekin. Besteak beste, beroaldiak, lehortzeak, baso suteak eta uholdeak.

2. irudia: Jet korrontearen eta Europan izaten den muturreko eguraldiaren arteko lotura atzeman dute ikertzaileek; besteak beste, uholdeekin eta lehorteekin lotu dute haize-lasterraren kokapena. (Argazkia: Juanma Gallego)

Lasterra iparraldeen dagoenean, Britaniar Uharteetan eta Europako mendebaldean beroaldiak nozitzen dituzte udan; Europako hego-ekialdean, berriz, eurite gogorrak eta uholdeak jasaten dira. Atmosferako “ibaia” hegoaldeen dagoenean, kontrakoa gertatzen da: Europako mendebaldean ura barra-barra dago, ekialdea “erretzen” den bitartean.

1960ko hamarkadatik aurrera izan den gorabehera hauen handitzeak “aurrekaririk ez duela” esan du ikerketa artikuluaren egile nagusi Valerie Trouet dendrokronologoak. Europan izandako eraginaz gain, noski, Ipar Amerikan sortutakoak ere aztertu dituzte. AEBko erdi-mendebaldean izandako beroaldiak eta 2017-2018ko neguan ipar-ekialdean izandako negu hotza ere lotuta omen daude haize-lasterraren gorabeherei. Kasu honetan, Ozeano Bareko haize-lasterra legoke atzean.

Filma batean bezala, 2012ko udan haren ama Belgikan bisitatzen ari zela bizi izan zuen Trouetek halako “eureka” momentu txiki bat. Amaren etxean egunkaria irakurtzen ari zela, eguraldi mapari erreparatu zion. Europako ipar-mendebaldean euri gogorrak iragartzen ziren bertan, Mediterraneoko ipar-ekialdean muturreko beroa aurreikusten zen bitartean. “Justu mapa berdina ikusita neukan zuhaitz eraztunen maparekin osatutako beste mapa batean”, gogoratu du adituak Arizonako Unibertsitateak (AEB) zabaldutako ohar batean.

1725etik 1978ra arteko neurketak eskuratzeko Erresuma Batuko eta Balkanetako zuhaitzen eraztunak baliatu badituzte ere, 1978. urtetik aurrerako datuak ohiko erregistro meteorologikoei esker eskuratu dituzte. Trouetek azaldu du eztabaida egon dela zientzialarien artean, klima-aldaketa antropogenikoaren eta jet korrontearen gorabeheren handitzearen artean loturarik ote dagoen argitzeko. 1978tik gaurdainoko datuak besterik ez izanda, eztabaida hori herrena izan da. Baina azken hiru mendeetako datuak eskura izateak informazio gehiago jarri ditu mahai gainean. Erabaki garrantzitsuak hartzeko, bada, zeruetako ibaiei ere begiratu beharra dago.

Erreferentzia bibliografikoa

V. Trouet, F. Babst & M. Meko. Recent enhanced high-summer North Atlantic Jet variability emerges from three-century context. Nature Communications 9, Article number: 180 (2018). DOI:10.1038/s41467-017-02699-3


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.