Popeyeren akatsa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

1929an Elzie Crisler Segar komikigileak eginbehar berezi bat jaso zuen: Estatu Batuetako espinaka ekoizleek barazki horren kontsumoa sustatzeko komiki bat sortzea eskatu zioten. Komikiaren protagonista hain ezaguna den Popeye marinela zen eta barazkien kontsumoa handitzea zen komikiaren helburuetako bat.

Garai hartan espinaken kontsumoa nabarmenki hazi zen -%30 inguru- eta sarritan entzun izan da espinakek burdin eduki altua dutela beste barazki edota elikagaien aldean. Alabaina, espinaken eta Popeyeren inguruan entzuten eta irakurtzen diren kontuak ez dira zuzenak, askotan errepikatu badira ere.

1. irudia: Popeyeren irudia Bigarren Mundu Gerra garaiko kartel batean. (Argazkia: U.S. National Archives and Records Administration – domeinu publikoko irudia. Iturria: commons.wikimedia.org)

Organismoak burdin gabezia duenean anemia sufritzeko arriskua dago. Burdina behar-beharrezkoa da hemoglobinak bere funtzioa oxigenoa zeluletaraino garraiatzea bete ahal izan dezan. Baina ez hori bakarrik. Burdinak ere garrantzi ordezkaezina du DNAren sintesi-prozesuan, erradikal askeen suntsipenean eta garunaren garapenean, besteak beste. Guzti horretarako, dietaren bidez burdina kontsumitu behar dugu eta hainbat elikagairen bidez lor dezakezu burdina preziatu hori. Espinakak ere burdina du, bai, baina uste zena baino askoz ere gutxiago: 27 mg/kg, hain zuzen ere. Elikagai asko daude espinakek baino burdina gehiago dutenak, esaterako, curryak 295 mg/kg ditu, oilasko gibelak 120 mg/kg, mertxikak 41 mg/kg eta dilistak 33 mg/kg. Egun ezagutzen denez, gainera, espinakak azido oxaliko asko dauka -600 mg/kg, gutxi gorabehera- eta horren ondorioz, espinakak duen burdinaren %5 bakarrik asimilatzen dugu. Dilisten kasuan ere antzekoa gertatzen da azido oxaliko edukiaren kausaz eta, hortaz, barazki horiek ez dira burdina iturri egokienak. Berberetxoak -260 mg/kg burdina- eta odolkiak -300 mg/kg-, esaterako, burdin ekarpen handiagoa egiten dute.

2. irudia: Espinaken burdin edukia ez da bereziki altua, badira beste elikagai asko burdin gehiago dutenak. (Argazkia: kkolosov – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Nondik dator orduan espinakek burdin asko dutela pentsatzearen ustea? Antza, akats tipografiko baten erruz izan zen hau; izan ere, 1870eko zientzia-argitalpen batean espinakaren burdin-edukiaren zifrari dezimalen koma jartzea ahaztu zitzaien. Komarik gabe, espinakak hamar aldiz burdina gehiago zeukala zirudien. Zientzialariek 1981ean izan zuten akats horren berri eta konturatu ziren espinakaren burdin edukia ez zela horren altua. Akatsa konponduta, gainera, espinakak ez dira barazki gomendagarrienak haurrentzat; izan ere, nitrato eduki handi samarra dute. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak (EFSA), esaterako, ez du gomendatzen 1 eta 3 urte bitarteko haurrek astean behin baino gehiagotan espinakak jatea.

Akatsik ez al zen egon?

Popeye eta burdinaren akatsak zenbait eztabaida ere eragin ditu eta, zenbait adituk diotenez, burdinaren dezimalaren akatsa ez zen inoiz gertatu. Antza 1981ean zabaltzen hasi zen burdinaren edukian gertatutako akats tipografikoaren kontua, baina, inoiz ez da frogatu argitalpen hori existitu denik. L. Kovács eta haren lankideek egindako ikerketen arabera, ustezko dokumentu horren existentzia ez da inoiz frogatu ahal izan eta, hortaz, espinakek burdin eduki txikia dutela egia da, jakina, baina, Popeyek ez ditu espinakak jaten haien burdin edukiarengatik. Hain zuzen ere, ikertu zutenaren arabera 1870eko artikulu hori ez da inoiz existitu eta akats tipografiko horren ebidentziarik ezin izan dute jaso. Egia da sarean hainbat lekutan irakur daitekeela kontu horren berri, baina, litekeena da egia ez izatea. Gainera, jakina da Popeye protagonista den komikian inoiz ez dela aipatzen espinakek burdina asko dutenik eta, izatez, A bitamina edukiaren ondorioz aukeratu zuten espinaka izatea Popeyeri indarra ematen dion barazkia.

Honek hausnarketa garrantzitsu batera eraman behar gaitu; izan ere, Popeyeren espinaken kasuan praxi zientifiko desegokiaren adibide argia dugu. Gezur bat azaleratzeko ebidentzia zientifikorik ez erabiltzea, alegia, espinakek burdin eduki baxua dutela baieztatzeko existitzen ez den argitalpen bati erreferentzia egitea eta bibliografia aztertu gabe mezu desegokiak zabaltzea. Informazio desegokia zabaltzea bezain larria da ebidentzia zientifiko okerrekin mito horiei aurre egitea, edo zientziaren izen ona erabiltzea gustukoa ez den ideia bati aurre egiteko. Polita zen Popeyeren eta espinaken akatsa dezimal baten koma ahazteagatik izan zela esatea, baina, hori horrela denik ezin da frogatu.

Informazio osagarria


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.