Itziar Urizar: “Apustu zaila da, baina bete egiten nau”

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Itziar Urizar Arenaza mailaz maila iritsi da Biokimikan ikertzera: lehenik hiru urte Biologia ikasten, bi urte gehiago Biokimikako adarrean, lizentziatura lortu, ondoren masterra, eta orain, tesia. Hain zuzen, tesiaren azken txanpan dabil buru-belarri, eta hala aitortu du: “Nire bizitza tesia da orain”.

Hala ere, agerikoa da gustura dabilela, eta haren hitzek ere hala dela berretsi dute: “Betidanik gustatu zaizkit natura, animaliak… eta uste dut asmatu nuela Biokimika aukeratzean. Azken finean, hau da gustatzen zaidana: ikertzea, galderei erantzuna ematen saiatzea”.

Irudia: Itziar Urizar Arenaza biokimikaria (Argazkia: Teknopolis programa)

Etorkizunean, baina, ez daki horretan jarraitzerik izango ote duen: “Oso zaila dago dena. Azkenean, lehia handia dago gure artean, eta gutxi batzuk baino ez dute lortzen aurrera egitea. Horretarako, ezinbestekoa da curriculum ona izatea, eta hori lortzeko, edo kontratu bat duzu edo kanpora joan behar duzu. Hortaz, tesia bukatutakoan, agian atzerrira joan beharko dut”.

Bitartean, bere lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen da. “Horrek, batzuetan, sakrifizioak egin beharra ekartzen du, baina, bestalde, zerbait ondo ateratzen denean edo oztopo bat zuk bakarrik gainditu duzunean sentitzen duzun goraldia ez dizu beste ezerk ematen. Apustu zaila da, baina bete egiten nau”.

Urizarren esanean, tesia dela eta atzerrian egin dituen egonaldiak ere oso motibagarriak izan dira. Bitan izan da, bietan leku berean, Danimarkan, eta hango zuzendariak, “hemengoak bezala”, asko animatzen zuela gogoratu du. Azkenik, taldean lan egitea ere eskertzen du: “Asko laguntzen du jakiteak ez zaudela bakarrik; une zailetan, hor daude kideak, zurekin batera bilatzeko irtenbide egokiena”.

Espermatozoideak ikergai

Lagundutako ugalketan espermatozoideen hautaketa hobetuko duen biomarkatzaileen bila dabil lanean. Zehazki, hartzaile opioideen inplikazioa ikertzen du, giza espermatozoideen ahalmen ugalkorrean. Ikergaia dela eta, txantxa ugari entzun eta egiten ditu; lana serio egiten du, ordea: “Egia da laginen kontura adarra jotzen ibiltzen garela lagunartean, baina laborategian dena Etika Batzordearen irizpideen arabera egiten dugu”, azaldu du.

Ikertzaile-senarekin batera, badu Urizarrek beste ezaugarri bat: komunikatzaile ona da. Askorentzat, ez da erraza izaten zer ikertzen duten azaltzea ingurukoei. Urizar, aldiz, ondo moldatzen da, eta hala erakutsi du behin baino gehiagotan. Esate baterako, Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Txiotesian, Elhuyarren Wolfram Deuna ekitaldian eta Teknopolis telebista-saioaren “Atariko proba” atalean: “Gustatzen zait jendeari azaltzea zertan nabilen, eta era barregarri edo erakargarrian eginez gero, errazagoa da arreta jartzea eta ulertzea”.

Fitxa biografikoa

Itziar Urizar Arenaza Bilbon jaioa da, 1989an. 2012an Biokimikan lizentziatu zen (UPV/EHU), eta jarraian Ikerketa Biomedikoa Masterra egin zuen. Geroztik tesia egiten dabil, UPV/EHUren beka batekin, Medikuntza eta Erizaintza fakultatean, Fisiologia Sailean. Tartean, bi egonaldi egin ditu atzerrian, Danimarka Hego-ekialdeko Unibertsitatean.
———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.