Kolon distaleko minbizia izateko arrisku txikiagoa dute haragi gorririk gabeko dieta egiten duten emakumeek, ikerketa baten arabera.
Ohiko dieta ereduen eta kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskuaren arteko lotura ikertu du nazioarteko ikertzaile talde batek. Erresuma Batuko Emakumeen Kohorte Azterketaren (UKWCS) datuak baliatuta lau dieta alderatu dira ikerketan: erregulartasunez haragi gorria, hegaztiak, arraina kontsumitzen dutenak eta dieta begetarianoak. Koloneko atal jakinetan minbizia garatzeko arriskuan dieta bakoitzak zer eragin duen ikertu dute eta, ikusi dutenez, haragi gorria sarri jaten dutenek kolon distaleko minbizi tasa handiagoa dute haragi gorririk jaten ez dutenek baino.
Erresuma Batuko Emakumeen Kohorte Azterketaren (UKWCS) datuak erabili dituzte ikerketan: Ingalaterrako, Galesko eta Eskoziako 32.147 emakume biltzen dituena. Minbiziaren Mundu Ikerketaren funtsak emakume horiek bildu eta inkestatu zituen 1995 eta 1998 urteen artean eta ondoren, bataz beste, 17 urteko jarraipena egin zien.
Dieta ohiturak jasotzeaz gain, kolon eta ondesteko 462 kasu dokumentatu dira. 335 koloneko minbizi kasuetatik 119 kolon distaleko minbizi kasuak izan dira. Aztertutako lau dieta ereduen eta kolon eta ondesteko minbiziaren arteko lotura ikertzeaz gain, ondorengo miaketa analisi batean dietaren eta minbizia agertutako koloneko azpiatalen artekoa ere aztertu dute.
Haragi gorri ezberdinek eta dieta patroiek kolon eta ondesteko minbiziaren kokapenean zer eragin duten argitzea da dietaren eta ondesteko minbiziaren ikertzaileentzako erronka handienetako bat. Lotura horren bila dabilen ikerketa bakarretakoa da honakoa eta, nahiz eta azterketa gehiago eta ikerketa zabalagoak beharrezkoak izan, informazio baliagarria eskain liezaieke familian kolon eta ondesteko minbiziko aurrekariak dituztenei edo prebentzioan eta osasun plublikoan lanean ari direnei.
Iragarpenen arabera, 2030. urterako 2,2 milioi kolon eta ondesteko edo hesteetako minbizi kasu baino gehiago diagnostikatuko dira munduan. Emakumeei gehien diagnostikatzen zaien minbizietatik hirugarrena da Erresuma Batuan. Aurretik egindako zenbait ikerketak iradoki izan dute haragi gorri eta prozesatu asko jateak handitu egiten duela kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua eta, estimazioen arabera, Erresuma Batuko hesteetako bost minbizitatik bat halako haragia jateari lotuta dago. Hala ere, informazio gutxi dago dieta eredu jakinei eta minbiziak hestean izango duen kokapenari buruz.
Haragia jateak kolonaren eta ondestearen atal batzuetan eta besteetan desberdin eragin dezakeela argitzen laguntzeaz gain, ikerketak agerian utzi du zer garrantzitsua den pertsona talde handien dietari buruzko informazio fidagarria izatea. Erresuma Batuko Emakumeen Kohorte Azterketa eskura izanda, osasun publikoko joerak azaleratzeko eta dietak nola lagun dezakeen minbiziari aurre hartzen aztertzeko gai izan dira ikertzaileek.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Loturak haragi gorria jatearen eta kolon distaleko minbiziaren artean emakumeengan
Erreferentzia bibliografikoa
Rada‐Fernandez de Jauregui, D. et al., (2018). Common dietary patterns and risk of cancers of the colon and rectum: Analysis from the United Kingdom Women’s Cohort Study (UKWCS). International Journal of Cancer. DOI: https://doi.org/10.1002/ijc.31362