Asteon zientzia begi-bistan #218

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Ekologia

Abuztuaren hasieran, Valderejoko parke naturalean (Araba) dagoen airearen kalitatea neurtzeko estazioan, 188 mikrogramo ozono neurtu ziren metro kuboko. 180ko mugatik gora kaltegarria dela dio Europako Batasuneko legeriak. Artikuluan azaltzen denez, hiru oxigeno atomok osatutako gas bat da ozonoa. 30 kilometroko garaieran, estratosferan, ozono geruza osatzen du, eta eguzkiaren erradiaziotik babesten gaitu. Baina ozonoa lurrazalean sortzen denean toxikoa da izaki bizidun guztientzat. Eta zerk sortzen su ozonoa lurrazalean? Trafikoak eta industriak isuritako nitrogeno oxidoak edo hidrokarburo lurrunkorrak eguzki erradiazioen ondorioz izaten duten erreakzio kimikoak sortzen du.

Osasuna

Ebola eragiten duen birus berri bat identifikatu dute ostalari batean, gizakia infektatu edo animalia gaixotu aurretik. Birusari Bombali deitu diote eta Sierra Leonako saguzar batzuetan identifikatu dute. Ikerketa hau PREDICT proiektuaren baitan garatu dute. Euren helburu nagusia da ebola eragiteko arriskua duten birusak detektatzea, gizakiak infektatu aurretik.

Pilulen ordez, injekzioa. GIBa odol-zirkulaziotik desagerrarazteko badirudi etorkizunean nahikoa izan daitekeela hilean behin injekzio bat hartzea. Hori ondorioztatu du ikerketa batek. ViiV Healthcare konpainia dago horren atzean. Dagoeneko proba klinikoen III. fasean dago injekzioa.

Ana Isabel Fernandez neurofisiologoak azpimarratu du lo egiteak duen garrantzia. Ez dugu lo egiten bakarrik atseden hartzeko, baizik eta egun osoan ikasi dugun guztia burmuinean txertatzeko edo egunean zehar sortu ditugun toxinak kanporatzeko, adibidez. Fernandezek ohartarazi du gizarte industrializatuetan gero eta lo gutxiago egiten dela, egunez gero eta gauza gehiago egin nahi ditugulako. Lo ez egiteak, beraz, luzera osasun arazoak sor ditzake: eritasun kardiobaskularrak, diabetesa, hipertentsioa. “Egunero zazpi ordu baino gutxiago lo egitea oso arriskutsua da”, dio.

Kimika

Arrautzak izan ditu mintzagai Josu Lopez Gazpiok aste honetan. Kontsumoa ez da txikia; Espainian, esaterako, 13kg kontsumitzen ditu biztanle bakoitzak urtean. Oiloen arrautzak nutrientez beterik daude; gorringoan dago energiaren zatirik handiena eta enbrioia hazteko beharrezkoak diren nutriente gehienak ere han daude. Bere aldetik, zuringoak nagusiki babes funtzioa du. Oiloak urtean 250 eta 290 arrautza inguru jartzen ditu eta arraultza bakoitza bere pisuaren %3 da. Bistan da energia kontsumoa oso handia dela: egun batean behar duen energiaren laurden bat arrautzak erruteko esfortzuan kontsumitzen du. Oiloak bi aste inguru behar ditu arrautza bat egiteko. Prozesu horri buruzko azalpenak aurkituko dituzu artikulu interesgarri honetan.

Teknologia

Ares de Blas telekomunikazio ingeniaria elkarrizketatu dute Berrian. Komunikazioaz eta teknologiaz aritu da. Ingeniariak iritzi dio teknologiak zein komunikazioak egin dutela aurrera: “Hitza gizakiak sortutako teknologia artifiziala da. Eta hori da garrantzitsuena, horri esker egin dugu aurrera alor guztietan”. Halaber, arlo bi horien garapena ez dela asko aldatu dio eta “orain duguna muturreraino garatuko dela” bakarrik. Adimen artifizialari buruz ere eman du bere iritzia.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.