Duela 44.000-40.000 urte izandako hotzaldiak neandertalen desagerpenean funtsezkoak izan zirela proposatu dute ikerketa batean, baina aditu guztiak ez daude ados ondorio horrekin.
Lasterketa ebolutiboa galdu zuten, baina lehia mediatikoan aurrea hartu digute. Duela 40.000 urte inguru desagertu baziren ere, mundu osoko hedabideetan azaldu ohi dira neandertalak. Are gehiago, aldian behin, lehen mailako albiste bilakatzen dira. Zuhaitz ebolutiboan gertuen izan dugun espeziea izan da, urrutiko ahaide batzuen antzera. Gainera, tarte labur batez, gure arbasoekin batera Eurasia partekatu zuten. Hortaz, ez da zaila azaltzea haiekiko gaur egungo gizakiok dugun lilura.
Erakarpen hori ez da arlo mediatikora mugatu. Zientzialarien jomugan aspalditik izan da espeziea, baina bereziki azken hamarkadak emankorrak izan dira, batez ere paleogenomikan egindako aurrerapenei esker. Horien bitartez, gero eta gehiago. XIX. mendeko irudi zatarra albo batera utzi eta gugandik gertuago dagoen gizakia azaltzen ari da orain.
Paleoantropologiaren alorrean ohikoa denez, eztabaida sutsuak piztu dira gertutasun horri buruzko proposamen berriak mahai gainean jarri direnean. Duela gutxi proposatu da neandertalak artea egiteko gai izan zirela, eta sua pizteko modurik bazutela. Hau guztia, gainera, kideak “hilobiratzeko” ohiturarekin eta sinbolismo garatuaren beste hainbat adibiderekin hornituta.
Modu berean, berriki proposatu izan da Asian aurkitutako fosil baten arrasto genetikoa neandertalen eta denisovarren arteko hibrido batena dela. Proposamen hauen guztien inguruan zalantzak agertu dira, baina zalantzarako eta eztabaidarako alorraren bat egotekotan, horixe da espeziaren desagerpenaren inguruko eztabaida.
Jakina denez, argitu gabeko misterioa da neandertalak zergatik desagertu ziren, eta hipotesi asko egin dira gertaera hori azaltzeko. Duela hainbat urte nahiko zabalduta zegoen gizaki modernoek neandertalak akabatu zituztelako ideia, baina ikuspegi hori gero eta gehiago baztertzen ari da. Zaila da, ordea, idazkirik gabeko garai urrun horietan harremanak nolakoak izan ziren jakitea.
Cro-Magnon liburuan Brian Fagan antropologo ezagunak distantzian oinarritutako elkarbizitza baketsua irudikatu du; aita sapiens sapiens baten ahoan jarri du seme-alabei emandako azalpena, neandertal batekin bat-batean topo egin eta gero. “Orain arraroa da neandertalak ikustea, batez ere hilabeterik hotzenetan. Gugandik ezberdinak dira, azaldu die. Ez dute guk bezala hitz egiten, ezin diegu ulertu, baina inoiz ez digute kalterik egiten. Ez ikusiarena egiten diegu, besterik gabe…”.
Desagerpena azaltzeko hipotesi gehienek klima aldaketa, eta horren ondorioz ekosistemetan sorturiko eraldaketak izan dituzte abiapuntu, eta horietan sakondu du ere PNAS aldizkarian agertu berri den ikerketa batek. Paleolito aroan izandako klima aldaketa aztertu dute, baina, batez ere, Europa erdialdeko ekialdean jarri dute arreta. Karpatoetan kokatutako Ascunsa eta Tausoare (Errumania) izeneko kobak aztertu dituzte, garaiko klimaren berri izateko. Zehazki, duela 44.000-40.000 urte izandako tenperaturak aztertu dituzte, eta datu horiek neandertalek utzitako aztarna arkeologikoekin alderatu dituzte. Bereziki, leize horietako espeleotemak izan dituzte aztergai. Alderaketa horren bitartez, ikusi dute garairik hotzenetan neandertalek landutako tresnarik ez direla aurkitu.
Ordukoak ez ziren edonolako aldaketak izan. Danubio ibaiaren haranaren goiko eta erdiko aldeetan zero azpiko bi gradu zentigraduko batez besteko tenperaturak egon zirela zehaztu dute. Horiek horrela, ikertzaileek iradoki dute Europako Paleolitoan izandako bi hotzaldi gogorrek neandertalen beherakada eta gizaki modernoen gorakada ahalbidetu zituztela. Halere, egileek onartu dute ezin izan dutela aurkitu bi aldagai hauen arteko harreman zuzenik.
Egin duten irakurketaren arabera, garairik hotzenetan ehizarako aukerak gutxitu zitzaizkien neandertalei, eta, horregatik, elikadura iturri nagusirik gabe geratu ziren. Ideiari jarraiki, haragian oinarritutako elikadura izan omen zen, hain zuzen, espeziaren gainbeheraren zio nagusiena. Gizaki modernoek, aldiz, orokorrean dieta zabalagoa zutela uste dute adituek, eta landareak, arrainak eta itsaskiak ere baliatzen zituzten bizirik irauteko.
Puntu honetan, azken urteetan zabalduen dagoen hipotesiarekin bat egin dute ikertzaileek: neandertalak ez omen ziren desagertu zuzenean gizaki modernoek egindako presioaren ondorioz, Europako ekosistemetan izandako aldaketei aurre egiteko ezintasunagatik baizik.
Ezbaia, abian
Zuhurtziaz hartu du ikerketa Joseba Rios Garaizar ikertzaileak, Twitter bitartez argitaratutako mezu baten arabera. Artikulua sakonki irakurri behar duela aitortuta ere, hasierako begirada batean sinpletzat jo du ikerketa. Haren ustetan, aztarna arkeologikorik gabeko geruzak egon ez izanak ez du esan nahi halabeharrez eremu horietan gizakirik ez zegoenik.
Riosek gertutik ezagutzen du bi espezieen arteko trantsizioa, eta urte honetan bertan Kantauri itsasoko ertzeko hainbat aztarnategiren datazioen doiketan parte hartu du. Datu horiek oinarri, argitu ahal izan dute neandertalak eta gizaki modernoak milurteko batez baino ez zirela egon batera penintsularen iparraldean, eta ondorioztatu dute bertan bederen zaila izan zitekeela bi espezieek elkar topo egitea.
Ez da, noski, zalantzak agertu dituen aditu bakarra. Adibidez, Haaretz egunkariari egindako adierazpenetan Israel Hershkovitz antropologoak argudiatu du neandertalek halako garai hotz asko pairatu behar izan zituztela aurretik ere. “Nolatan ba soilik azken garaietako hotzaldi horiek eragin zieten neandertalei, eta ez, ordea, aurrekoek?”, planteatu du Hershkovitzek.
Erreferentzia bibliografikoak
Staubwasser Michael et al. (2018). Impact of climate change on the transition of Neanderthals to modern humans in Europe. PNAS, 201808647; published ahead of print August. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.1808647115
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
3 iruzkinak
Asko gustatu zait testua. Mila esker.
Pozten gara, Rafael!
Eskerrik asko zeuri irakurle fina izateagatik.
[…] Zergatik desagertu ziren neandertalak? Badirudi duela 44.000-40.000 urte izandako hotzaldiak funtsezkoak izan zirela baina aditu guztiak ez daude ados ondorio horrekin. Ikerketa batean, Paleolito aroan izandako klima aldaketa aztertu dute. Zehazki, duela 44.000-40.000 urte izandako tenperaturak aztertu dituzte, eta […]