Asteon zientzia begi-bistan #219

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Paleoantropologia

Penintsulako hiru kobazulotako artea neandertalek egina zela ondorioztatu zuten duela gutxi: La Pasiegan (Kantabria), Maltravieson (Cáceres) eta Ardalesen (Málaga). Orain agitaratutako ikerketa batek zalantzan jarri ditu ondorio horiek. Maxime Aubert arkeologo eta geomikimikariak, ikerketa zuzendu duenak, bi alderdi jarri ditu auzitan: Ardalesen isuriz sortutako arroketan dauden aztarna gorriak benetan artelanak ote diren eta La Pasiegako eta Maltraviesoko datu mikroestratigrafikoak zuzenak ote diren.

Zergatik desagertu ziren neandertalak? Badirudi duela 44.000-40.000 urte izandako hotzaldiak funtsezkoak izan zirela baina aditu guztiak ez daude ados ondorio horrekin. Ikerketa batean, Paleolito aroan izandako klima aldaketa aztertu dute. Zehazki, duela 44.000-40.000 urte izandako tenperaturak aztertu dituzte, eta datu horiek neandertalek utzitako aztarna arkeologikoekin alderatu dituzte. Bi hotzaldi gogorren ondorioz, ehizarako aukerak gutxitu zitzaizkien eta, horregatik, elikadura iturri nagusirik gabe geratu ziren. Ikertzaile guztiak ez daude ados hipotesi honekin. Adibidez, Israel Hershkovitz antropologoak argudiatu du neandertalek halako garai hotz asko pairatu behar izan zituztela aurretik ere.

Genetika

Txakurretan Duchenne muskulu-distrofia sendatzea lortu dute Southwestern medikuntza-zentroko ikertzaileek (Texasko Unibertsitatea) gene-terapiaren bidez. Aurretik saguetan lortu zituzten emaitza onak, baina lehen aldia da ugaztun handi batean lortzen dutela. Albistea itxaropentsua da esperimentuan erabilitako txakurren mutazioa gaixotasuna duten pertsonenaren parekoa delako.

Emakumeak zientzian

Ainhoa Magrach Gonzálezi txikitatik gustatu izan zaio National Geographic aldizkarian ikusitakoa, horregatik aukeratu zuen Biologia. Lehen urtea “etsigarria” izan bazen ere, laugarren urtean aurkitu zuen gustuko zuen bidea; beka bati esker, Ekologia sailean hasi zen lanean. Biologian lizentziatu zen, Ekologian doktoratu, eta Ekologiako gaiak ikertzen dihardu, klima-aldaketa ikertzeko BC3 zentroan, Leioan. Bere tesian, basoak zatitzearen eragina ikertu zuen eta doktoretza-ondorengoko ikerketan Australian, Borneon eta Brasilen izan zen. Adibidez, Brasilen lianak ikertu zituen.

Ingeniaritza

Pello Insausti industria ingeniaria elkarrizketatu dute Berrian, ordutegi aldaketaren sistema izan dute mintzagai. Insaustirentzat ez da eraginkorra. “Oso gutxi” aurrezten dela dio. “Nire ustez, arazoa ez da hainbeste ordutegi aldaketa kendu edo ez. Arazoa da iparraldeko herrialdeek urte osoan negukoa eduki nahi dutela, eta beste batzuek, udakoa”, azaltzen du. Insaustik gaineratzen du Euskal Herriari dagokion ordutegia negukoa dela: “Guri dagokigun ordutegia ez da daukaguna. Gurea Portugal eta Ingalaterrak daukatena da. Hau da, neguko ordutegian geratu beharko genuke”.

Ikerketa batean altzairuzko zuntz eta txirbil hondakinek morteroari zer propietate ematen dizkioten zehazten ari dira. Fabrikazio prozesurik izan ez duten zuntzak erabili nahi izan dituzte, industrian sortzen diren altzairuzko zuntz eta txirbil hondakinak, hain zuzen ere. Gauzak horrela, zuntzak fabrikatzea saihesten da eta industrian sortzen diren hondakin horiek zuzenean berrerabiltzen dira. Altzairu hondakinez sendotutako egituren monitorizazioa egiterik ote dagoen ere ikusi nahi izan dute. Lortutako emaitzei dagokienez, erabilitako hondakin metalikoek, mota eta kantitatea edozein izanda ere, ez dute aldatzen modu esanguratsuan ez morteroaren erresistibitate elektrikoa ez haren konduktibitate termikoa.

Kimika

Roundup pozoi dosi handiak aurkitu dituzte gosaritako hainbat zerealetan. Ikertutako produktuetatik, 43tan aurkitu dute glifosatoa, horietatik 31tan oso maila altuan. Glisofatoaren segurtasuna oraindik eztabaidagai da. Izan ere, erregulatzaile estatubatuarrek herbizidak ziurrenik minbizirik eragiten ez duela defendatzen duten bitartean, Munduko Osasun Erakundeak minbizi eragilea izan litekela dio.

Arrautzak mineralak, bitaminak eta beste hainbat osagai onak ditu baina ospe txarra ere badauka elikagai honek: kolesterola. 1950eko hamarkadan hasi zen arrautzaren kolesterolaren inguruko kezka. Baina testuan esaten den moduan, arrautzak neurrik jaten badira ez da arriskutsua. Arrautza batek 215 mg inguru kolesterol ditu -antzeko haragi zati batek 50 mg izango lituzke, esaterako-. Arrautzaren osagaiak hiru dira: oskola, zuringoa eta gorringoa. Horiei buruz mintzatu da Josu Lopez Gazpio.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.