Altzairu hondakin industrialez sendotutako morteroa: iraunkorra, baina ezin monitorizatu

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Altzairuzko zuntz eta txirbil hondakinek morteroari zer propietate ematen dizkioten zehazten ari dira ikerketan.

Irudia: Lortutako emaitzak guztiz esanguratsuak izan ez arren, sendogarri bezala altzairuzko hondakinak izateak ez du morteroaren kalitatean eragin negatiborik izan.

Ohikoa da mortero edo hormigoiak iraupen, erresistentzia eta sendotasun handiagoa izan dezaten errefortzu gisa zuntz desberdinak gehitzea. Gehigarri horiek berariaz fabrikatzea saihesteko industrian sortzen diren altzairuzko zuntz eta txirbil hondakinak gehitu dizkiote morteroari, gehitutako zuntz-kantitatearen arabera sortutako konposatuaren propietateak nola aldatzen diren zehazteko.

Gaur egun, mortero mota asko daude merkatuan: plastikozko, karbonozko eta metalezko zuntzak dituztenak sendogarri gisa, besteak beste. Fabrikazio prozesurik izan ez duten zuntzak erabili nahi izan dituzte, industrian sortzen diren altzairuzko zuntz eta txirbil hondakinak. Hala, alde batetik, zuntzak fabrikatzea saihesten da eta, bestetik, industrian sortzen diren hondakin horiek zuzenean berrerabiltzen dira, inolako birziklatze-prozesutatik pasarazi gabe.

Altzairu hondakinez sendotutako egituren monitorizazioa egiterik ote dagoen ere ikusi nahi izan dute ikerketan. Aurretik egindako ikerketa batzuetan frogatu izan da egitura horien propietate elektrikoak edo termikoak monitorizatuz, pitzadurak hauteman daitezkeela, adibidez. Pitzaduraren bat baldin badago, zuntzen arteko deskonexioa gertatuko da eta horrek morteroaren propietate elektriko eta termikoak aldatuko ditu. Hala, gailu desberdinen bitartez egindako neurketetan aldaketa nabarmenagoak lortuko lirateke.

Ikerketan, erabilitako hondakin motaren eta kantitatearen arabera zementuaren propietate elektriko eta termikoak nola aldatzen ziren neurtu dute. Propietate elektrikoei dagokienez, morteroaren erresistibitate elektrikoa neurtu dute monitorizaziorako irizpide gisa. Morteroak, berez, erresistibitate elektriko handia du, hau da, elektrizitateak oso ahalmen txikia du haren barrutik pasatzeko. Zuntzei esker, berriz, jaitsi egiten da. Propietate termikoetan konduktibitate termikoa izan da aukeratutako adierazlea. Altzairuaren konduktibitate termikoa morteroarena baino 15-20 aldiz handiagoa da, hortaz, mortero normal batek beroa bere barruan pasatzeko erresistentzia handiagoa izango du altzairuzko zuntzak dituen mortero batek baino.

Lortutako emaitzak ez dira izan guztiz esanguratsuak. Erabilitako hondakin metalikoek, mota eta kantitatea edozein izanda ere, ez dute aldatzen modu esanguratsuan ez morteroaren erresistibitate elektrikoa ez haren konduktibitate termikoa. Horrenbestez, ez dira egokiak monitorizazioa egiteko planteatutako adierazleekin, ez bailitzateke alderik nabarituko mortero normal baten eta erabilitako morteroaren artean.

Alabaina, sendogarri bezala altzairuzko hondakinak izateak ez du morteroaren kalitatean eragin negatiborik izan. Eta jakina da zuntzak dituen morteroa iraunkorragoa izan ohi dela. Hortaz, esan daiteke morteroek hobera egiten dutela mekanikoki.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Altzairu-hondakin industrialez sendotutako morteroa iraunkorra bai, baina ezin monitorizatu

Erreferentzia bibliografikoa

Norambuena-Contreras, J., et al., (2018). Electrical and thermal characterisation of cement-based mortars containing recycled metallic waste. Journal of Cleaner Production, 190, 737-751. DOI: 10.1016/j.jclepro.2018.04.176

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.