Asteon zientzia begi-bistan #220

Uxue Razkin

Mikrobiologia

Zalantzak sortu dira probiotikoen inguruan: badirudi agian ez direla uste zuten bezain eraginkorrak ezta onuragarriak ere. Bi esperimentu egin dituzte ondorio horretara iristeko. 15 boluntarioren mikrobiomaren laginak hartu dituzte, zuzenean hesteetatik, eta haien gorotzetako mikroorganismoekin alderatu dituzte. Ikertzaileek ohartarazi dute probiotikoak ez direla onak beti eta denentzat.

Fisika

Andre Geimek aurkitu zuen grafenoa 2004.urtean eta horregatik eman zioten Fisikako Nobel Saria. Donostian izan da asteon grafenoari buruz hizketan. Gogoratu du aurkikuntza ez dela gauetik goizera egindakoa: “Urteetan milaka pertsonak egindako urrats txikiak daude atzean. Horiei jarraituta iritsi ginen muinera. Polita izan zen”. Grafenoak duen merkatuaz ere mintzatu da. Bere ustetan, hainbat industriara ari da hedatzen: “Oro har, grafenoa babesgarri moduan hasi dira erabiltzen, edozer egiteko: itsasontziak, haize turbinak… Medikuntzan ere hasi dira aztertzen, eta teknologia berrien industrian hasieratik sartu da indar handiarekin. Aurrerapen asko aurreikusi dira, ukipenezko pantaila tolesgarriak eta, baina emaitzak poliki helduko dira”.

Astrofisika

Zeruetan agertzen den purpura koloreko marra bat auroratzat jo izan da orain arte, baina artikulu berri batean zientzialariek proposatu dute STEVE ez dela horietako fenomeno bat. Gainerako aurorak baino latitude baxuagoetan agertzen da hau, eta berezko kolore zein forma ditu. Horrez gain, aurorak baino arraroagoak dira. STEVEren izaerari dagokionez, barruan dauden partikulek 6.000 gradu zentigraduko tenperatura dutela ikusi ahal izan dute. Eta aurora bat ez bada, zer da orduan?

Biologia

Hirta uhartean bizi diren Soay ardien tamaina txikiagotzen ari da azken hogeita bost urteotan. Orain horren arrazoia topatu dute. Nola? ingurumen-baldintzei erreparatuz eta eredu matematikoak erabiliz. Dirudienez, txikiagotzeak eguraldiarekin du zerikusia. Interesgarria da afera izan ere agerian uzten du ingurumen-baldintzen eta animalien bizi-zikloen ezaugarrien arteko harremana estua dela.

Biokimika

Mitosiaren proteinen lehen atlas dinamikoa argitaratu dute. Biologia Molekularreko Europako Laborategian egin dute, eta ikertzaile guztien eskura jarri dute. Atlasari esker, zelula banatzeko prozesuan parte hartzen duten proteina guztiei jarraipena egiteko aukera izango dute ikertzaileek.

Kimika

Forma-memoria duten poliuretanoak sintetizatu dituzte ikerketa batean ehungintzarako eta oinetakoen industriarako. Helburua formaz aldatzeko eta tenperaturaren arabera egokitzeko gai diren materialak sortzea izan da. Lortu dituzten emaitzetatik ondorioztatu daiteke ikerketan sintetizatutako forma-memoria duten poliuretanoek etorkizun handiko aplikazioak dituztela ehungintzarako.

Arrautzei buruzko artikulu sortarekin jarraitu du Josu Lopez-Gazpiok asteon ere. Ez dago hain erraz eraldatzen den beste elikagairik eta horren azalpena kimikan dago. Hasieran arrautza likidoa da nagusi eta bertan proteinak daude. Proteinaren forma mantentzen duten elkarrekintzak apurtzen badira, proteinak egitura galtzen du eta desnaturalizatu egin dela esaten da. Adibidez, arrautza berotzen denean molekulak geroz eta azkarrago mugitzen hasten dira eta una jakin batean, proteinak desnaturalizatzen hasten dira. Ezagutu nahi dituzu arrautza kozinatzeko moduak?

Argia zergatik eta nola sortzen den ulertzeko lanean ari da Dimas García de Oteyza fisikaria. Max Planck Institutuan dabil ikerketak egiten, Humboldt Fundazioak eman berri dion Bessel sariari esker. Bere lanaz mintzo da baita Alemaniako ikerketa zentroei buruz ere. Horren inguruan, Alemanian askoz baliabide gehiago dituztela esan du. Donostiara itzulitakoan, material molekularren ildotik joko du, mundu horrek “aukera izugarriak” baititu.

Emakumeak zientzian

Iratxe Perezek erizaintza egin zuen UPV/EHUn eta ondoren bi master burutu zituen, Nazioarteko Kooperazioaren gaiari lotutakoa bata eta Feminismoa eta genero ikuspegiei buruzkoa bestea. 2015ean hasi zen tesiarekin eta 2019an bukatzeko asmoa du. Bertan, Osasun Politikaren aldaketak Euskal Herriko etorkinengan izan duen eragina aztertu du. Etorkinek egun Osakidetzan sartzeko dituzten oztopoak izan ditu mintzagai, besteak beste: “Baliabide urriekin datozen etorkinei buruz ari gara. Osasun zentroetako langileen eta etorkinen arteko komunikazio faltak, hizkuntzak eraginda, etorkinen sarbidea edo osasun arreta bertan behera geratzea ekarri dezake”. Egoera hobetzeko bidean, eman dira aurrerapausoak: “2012. urtetik egoera asko hobetu da”.

——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>