Historiaurreko gizakiek gaixoak zaintzeko familiatik harago eratu zituzten estruktura sozialak eboluzioaren giltzarrietako bat izan zirela proposatu du antropologo talde batek.
Literatura paleoantropologikoak luze eta zabal deskribatu ditu osasun arazo larriak zituzten gizakien fosilak. Horiek guztiek ezinbestean euren ingurukoen laguntza behar izan zuten aurrera egiteko. Agian ezagunena Miguelonen buru-hezurra da, duela 450.000 urte inguru Atapuercan (Burgos) bizi izan zen Homo heidelbergensis baten fosila. Infekzio larria zuen Miguelonek, eta janaria mamurtzeko arazoak izan behar zituen. Hortaz, seguruenera taldearen laguntza izan behar izan zuen bizirik jarraitu ahal izateko.
Kanibalismoaren aztarnak ikusten dugunean hori egin zuten gizakien aldetik zein urrun gauden ikusi nahi dugun modu berdinean, horrelako “gizatasunaren” adierazle diren aztarnen aurrean garaiko gizakiengandik hurbiltasuna sentitzen dugu. Jakina da biak ala biak, alde iluna eta argia, gizakiaren baitan dagoen txanponaren bi aldeak direla, baina egia da ere zibilizazioak aurrera joan ahala txanponaren alde argitsua gero eta gehiago ateratzen dela. Edo, behintzat, hori imajinatu nahi dugu. XX. mendean zehar hildakoen zifrek ez dute ideia hori berresten, baina, esan ohi denez, itxaropena da galtzen den azken gauza.
Orain proposatu dutenez, gizatasunaren adierazle den ezaugarri horietako batek zentzu ebolutiboa izan dezake. Scientific Reports aldizkarian ikertzaile talde batek argitu du, hain zuzen, kideak zaintzeak abantaila ebolutiboa ekarri ziola gizakiari.
Espekulazio hutserako bidea eman dezaketelako, bereziki antropologia kulturalaren baitan egin diren ikerketa askok kritikak berenganatu ohi dituzte. Humanitateen parean egoteak abantailak baditu, baina baita horrelako desabantailak ere. Horregatik, beharrezkoa horrelako proposamenak mundu errealean bildutako frogekin babestea. Paleoantropologiaren alorrean ezinezkoa da zuenean ikerketa gaira hurbiltzea, ez bada aztarna arkeologikoen edo genomikaren bitartez. Baina, hurbilketa horren faltan, gaur egingo ehiztari-biltzaileengana jotzea da maiz urratzen den bidea. Oraingoan, baina, beste aukera bat baliatu dute, eta ordenagailu bidezko simulazioetara jo dute.
Sharon Kessler Durhameko Unibertsitateko (Erresuma Batua) antropologoak gidatutako taldeak bide hori jorratu du jakiteko zein izan zitekeen 50 eta 200 lagun arteko taldeetan gaixoen zaintzaren eragina. Ikuspuntu horretatik, giza eboluzioan lerrokatu diren Homo generoko hainbat espezie ikertu dituzte: Homo habilis, Homo erectus, Homo heidelbergensis, Homo neandertalensis eta Homo sapiens.
Bi eredu asmatu dituzte: zaintza eraginkorra eta eraginkorra ez den zaintza, eta horien arabera neurtu dituzte lau egoera ezberdin: oinarrizko primateak, ahaidetasunean oinarritutako egoera, bikote egonkorrak eta elkarrekikotasunm egoera. Lau egoera horiek, noski, gizarte gero konplexuagoak irudikatzen dituzte: hurrenez hurren, 50, 100, 150 eta 200 kidez osatutako gizarteak dira. 200 kilometro koadroko lurraldea irudikatu dute, eta “unibertso” txiki horretan abiatu dituzte simulazioak eta ondorengo analisi estatistikoak.
Simulazio horietan egiaztatu ahal izan nola sortu ziren eta nola eboluzionatu zuten lehen “zaintza” sistema horiek. Hasiera batean gertuko familia arduratu zen zaintzaz. Nahigabean bada ere, horrek abantaila bat ekarri zuen: zailago bihurtu zuen gaixotasun kutsakorren hedapena. Modu berean, gaixotasun horren zaintzari lotutako “gastua” sendiaren baitan banatuta geratzen zen.
Alabaina, denborarekin, zaintza sistemaren zirkulua ireki egin zen, eta horrek indartu zituen giza sistemen konplexutasuna eta aniztasuna. Gainera, ekonomia garatu ahala, gero eta zailagoa zen jendea zaintzea, patogenoak biderkatu zirelako. Neolitoaren etorrerak, beraz, gauzak konplikatu zituen. Batez ere animalien etxekotzea eta nekazaritzaren hastapena faktore garrantzitsuak izan ziren, baina beste tokietara iristea eta beste hainbat giza espezieekin hibridatzea ere jo dituzte arrisku hori handitzen zuten faktoretzat.
Funtsean, egoera berri horietara egokitu izanak presio ebolutiboak eragin zituen, eta, hein batean, horrek gaur egungo gizakiak dituen ezaugarriak moldatu zituen.
Modu berean, gaixotasunak ezagutzeko eta horiei aurre egiteko gaitasuna hobetu zuen gizakiengan. Arlo biologikoan sartuta, sistema immunitarioa belaunaldiz belaunaldi eraginkorragoa bihurtu zela proposatu dute ikertzaileek. Iradoki dute ere gaixo zeuden lagunak zaintzeak gaixotasunen transmisioa ekiditeko giltzarri izan zela.
Ikerketa artikuluan horrela laburbildu dute mahai gainean jarritako proposamena: “Giza leinuan gertatu den zainketaren eboluzioak gure arbasoei aparteko aukera eman zien haien populazioen bitartez gaixotasunen bilakaera aldatzeko, eta, antza, horrek ere eragina izan zuen bai patogenoen zein giza sistema immunitarioaren garapenerako”.
Erreferentzia bibliografikoa
Kessler, Sharon E., Bonnell, Tyler R., Setchell, Joanna M. & Chapman, Colin A. (2018). Social Structure Facilitated the Evolution of Care-giving as a Strategy for Disease Control in the Human Lineage. Scientific Reports, volume 8, article number: 13997. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-018-31568-2
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] Juanma Gallego kazetariak Zientzia Kaieran. […]