Giza presioak ibai ekosistemetan duen eraginaren metaanalisi bat egin dute eta emaitzen arabera urtegiak dira esku-hartze eta estres eragile ohikoenak ibai-ekosistemetan: aztertutako kasuen erdian baino gehiagotan urtegiek eragindako asaldura zuten.
Ibaiek berezkoa dute aldakorrak izatea, eta uholdeak eta agorraldiak izatea ziklikoki, baina gizakien esku-hartzeek aldatu egiten dute ziklo hori eta horrek ondorio zuzenak ditu ekosisteman.
Bizidunen komunitateei, ibaietako aldagai fisiko-kimikoei eta ekosistemaren funtzionamenduari erreparatu diete ikerketan, egitura eta komunitate horrekin nola funtzionatzen duen ibai-ekosistemak.
Algak neurriz gain haztea da ikusitako ondorio garbienetako bat. Urtegien edo ur-harguneen azpiko ibai ekosistemetan gertatzen da batez ere, asko egonkortzen delako ur fluxua. Ibaietako ornogabeak, berriz, nabarmen gutxitzen dira estres puntuetatik behera, bai ugaritasunari bai aberastasunari dagokionez.
Egitura aldagaiei dagokienez, nabarmenen ikusi da farmakoen kontzentrazioa handitzen dela ur estresa dagoen lekuetan, urtegien azpietan edo ura kendu zaien erreketan.
Ekosistemaren funtzionamenduaren kasuan, orain arte batere garbi ez zeuden ondorioak ikusi dituzte ur estresa jasaten duten eremuetan: batetik, materia organikoaren deskonposizioa moteldu egiten dela, ibaiek gaitasun txikiagoa dutela materia organikoa degradatzeko. Bestetik, metabolismoa azkartu egiten dela, gora egiten duela bai ekoizpen primarioak bai arnasketak, algak beharko luketen baino gehiago hazten direlako.
Azaldutako eragin eta ondorio horiek guztiak, orokorrak badira ere, garrantzi edo larritasun desberdina dute tokiko ezaugarrien arabera, hala nola ibaiaren tamaina, klima edo euri erregimena.
Halaber, ur estresaren eragilea zein den, aipatutako ondorioak larriagoak edo arinagoak dira eta, ikusi dutenez, urtegiak dira, batez ere urtegi handiak, aldaketa edo asaldura gehien eragiten dituztenak ibai ekosistemen egituran eta funtzioan. Eta, urtegiak dira, hain zuzen, esku-hartze eta estres eragile ohikoenak ibai-ekosistemetan: aztertutako kasuen erdian baino gehiagotan urtegiek eragindako asaldura zuten aztergai.
Meta-analisia baliatu dute ikerketa egiteko, literatura zientifikoan argitaratuta dauden hainbat artikulu aukeratu eta haietako informazioa modu egituratu eta sistematikoan berraztertu dute ikerketan.
Giza jarduerak eragindako ur estresak ibai ekosistemetako zer osagairi eta funtziori erasaten dien, eta zer neurritan egiten duen, jakitea izan da ikerketaren helburua, azterketa indibidual horien informazioa bildu eta berraztertuta. Hasierako bilaketan milatik gora artikulu bildu dituzte, baina 44k baino ez dituzte bete ikertzaileek ezarritako baldintzak. Denera, mundu osoko ibaietan bildutako 262 kasu izan dira aztergai analisi estatistikoan.
Presak, urtegiak, kanalizazioak, ur-ateratzeak… era askotan ustiatzen ditu gizakiak ibaietako ur-baliabideak. Aspalditik da jakina giza jarduerek eragin handia dutela ibaien ekosistemetan. Gaiari lotuta egin diren azterketak, ordea, partzialak dira eta oso sakabanatuta daude eta horrek ez du aukera ematen giza jardueren eraginaren irudi orokorra egiteko.
Aztertutako aldagai guztietan ez dituzte ondorio garbirik lortu, hala ere. Batzuetan datu faltagatik izan da, ikerketeta gutxitan izan direlako aztergai eta, besteetan, aldakortasun handia dagoelako aldagai jakin batzuen erantzunean.
Tenperatura da honen adibide, urtegi batzuen azpian uraren tenperatura dagokiona baino handiagoa da eta, beste batzuetan berriz, txikiagoa. Hutsune horiek betetzeko aztertzen jarraitzeko beharra ezinbestekotzat jotzen dute ikertzaileek.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Urtegi handiek eragiten dute asaldura gehien ibai-ekosistemetan.
Erreferentzia bibliografikoa
Effects of human-driven water stress on river ecosystems: a metaanalysis.Scientific Reports, 8, (e) 11462. DOI: 10.1038/s41598-018-29807-7.